Mariano Fortuny-ren erretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Mariano Fortuny-ren erretratua

Domingo Marqués, Francisco

Valentzia, 1842/03/12-Madril, 1920/07/22

Olioa mihisean

118 x 91 cm

Domingo / París (eskuineko beheko angelua)

c. 1874-1884

69/76

1965ean eskuratua

Fortunyren hil ondorengo erretratu honek, Francisco Domingo Marquések segur asko 1874. urtean landuak, Kataluniako margolariari 1873. urtean egindako argazkiak ditu abiapuntu. Madrilgo aldizkari batek eskatuta, Fortunyk Erroman zuen Martinoni etxe/tailerrera joan zen argazkilari bat margolariaren espazioari, bildumei eta familiari berari argazki batzuk egitera. Fortunyren emazte Ceciliade Madrazok erreportajearen kopiak bidali zituen Espainiara, besteak beste Francisco Sans y Cabot (1828-1881) margolariari eta Ceciliaderen aita Federico de Madrazori. Fortunyren ospea aintzat hartuta, garaiko Madrilgo arte giroetan ezagutarazi ziren argazki horiek, eta oso litekeena da Domingo Marqués argazki horien aurrean gertatu izana, lagun baitzituen Ferrándiz, Agrasot eta Federico de Madrazo bera. Gainera, guztiz miresten zuen Fortuny. Erroman ezagutu zuen, bertan bizi izan baitzen urtebetez 1868ko apiriletik aurrera. Sasoi hartan ari zen lantzen kataluniar margolaria besteak beste Bikario etxea izenburuko margolan ospetsua, hurrengo urtean amaituko zuen Parisen lan hori. Molde horretako lanek zuten arrakastaz oharturik, generoko gaiak landu zituen Domingok nahiz eta, pentsio bat jasotzen zuenez, historiako pasarte batzuk margotzera behartuta zegoen.

Victoria E. Bonet Solvesen esanetan (1998) Francisco Domingo bezalako artista errealista batek sekula ere ez zuen albora utziko XIX. mendeko margolarien tresna erabilgarrienetako bat, argazkia alegia; izan ere, Parisen sarri erabiltzen zuten argazkia garaiko maisu handienek. Haren iritziz, margolan honi esleituriko datak, Fortuny margolari apartaren jarrera bizigabeak --geldiegi dago-- eta freskotasun ezak, Domingo Marquések bere lagun artistei egindako beste erretratu batzuetan ongi asko hautematen baita freskotasun hori, eramaten gaituzte margolan hau egiteko orduan argazkia erabili zuela pentsatzera.

Obra honi 1884ko data eman ohi zaio Juan. J. Lunak (1989) emandako informazioak aintzat hartuta. Haren arabera, data horretan landu zuen margolan hau egileak, kontuan badugu haren kide Domingoren Autorretratua obra, egun Pradoko Museoan dagoena (Inbentarioko 4.492 zk.) eta lehen Buen Retiroko Etxetzarrean zegoena. Margolan horretan sinadura irakur zitekeen"Domingo / 1884 / París". Hala eta guztiz ere, gure ustez 1874. urtean ere datatu liteke obra hau, urte hartan Fortunyren erretratu bat jarri baitzuen ikusgai Parisko Maiatzeko Aretoan Domingo Marquések. Gainera, Bilboko Arte Ederren Museoko Agiritegian gordetzen den dokumentazioaren arabera, jakina da Domingo Marquések urte hartan erretratu bat egin ziola Fortunyri.

1873. urtean egindako eta 1880an Sanpere i Miquelek argitaratutako argazkietako baten arabera dago irudikatuta Fortuny olio pintura honetan. Francisco Domingok beste interpretazio bat eman zion margolaria zutik, besaulki baten kontra, ageri zen argazkiari. Aldatu zizkion jantziak, baina bere horretan, zehatz, irudikatu zuen buruaren jarrera. Belaunetatik gora ageri zaigu, lasai, ezkerreko eskua poltsikoan eta eskuinekoa kaier bati eta pintzel bati eusten. Oihal batez estalitako elementu arkitektonikoan hartzen du atseden, oihal horrek Kataluniako margolariaren bildumako oihal bati egiten diola erreferentzia. Nabarmentzeko eta adierazpenari argi gehiago emateko, hondoa argitu egiten da aurpegiaren inguruan. Egile honen ekoizpen anitz eta oparoaren baitan, arrakasta ofizial handiak eta diru irabazi ez txikiagoak ekarri zizkion erretratu honek Domingori. [Carlos González López eta Montserrat Martí Ayxelá, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 296-298, n° cat. 54.
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. pp. 35-36, n° cat. 76. (Con el título Retrato del pintor Mariano Fortuny, y atribuido a Francisco Domingo Marqués)
  • Bengoechea, Javier de. Museo de Bellas Artes, Bilbao. Bilbao, La Gran Enciclopedia Vasca, 1978. pp. 236-237.
  • Tesoros del Museo de Bellas Artes de Bilbao : pintura, 1400-1939 [Cat. exp.]. Madrid, El Viso, 1989. pp. 106-108, n° cat. 38.
  • Un siglo de pintura valenciana, 1880-1980 : intuiciones y propuestas [Cat. exp.]. Valencia, Generalitat Valenciana, 1994. pp. 65, 296, n° cat. 3.
  • Díez, José Luis ; Gállego, Julián. Artistas pintados : retratos de pintores y escultores del siglo XIX en el Museo del Prado [Cat. exp.]. Madrid, Dirección General de Bellas Artes y Bienes Culturales, 1997. p. 144.
  • Francisco Domingo [Cat. exp.]. Valencia, Fundación Bancaja, 1998. pp. 116-117, 194, n° cat. 16.
  • "El retrato en el Museo de Bellas Artes de Bilbao = Erretratua Bilboko Arte Eder Museoan", Guía de Exposiciones, n° 293. 2000. n° cat. 17.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Caja Duero, 2006. pp. 156-157, n° cat. 36.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 156-157, n° cat. 36.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 156-157, n° cat. 36.