Madrilgo bista, Plantío de los Infantesetik edo Madril Pardotik - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Madrilgo bista, Plantío de los Infantesetik edo Madril Pardotik

Beruete, Aureliano de

Madril, 27/09/1845 - Madrid, 05/01/1912

Olioa mihisean

45,5 x 73,5 cm

A de Beruete (eskuineko beheko angelua)

1909

82/28

Artistaren seme Aureliano de Beruete y Moret jaunaren dohaintza 1915ean

XX. mendearen lehen hamarraldian, Beruete egunero joan ohi zen Plantío de los Infantesera, bere emazte María Teresa Moretek Gaspar de Remisa y Miarons aitonarengandik oinordekotzan jasotako parajera. Han, Guadarramaren eta Madrilen hainbat ikuspegi margotu zituen.

Koadroan ikusten diren eraikinen artean, bereziki nabarmentzen dira San Frantzisko Handiaren elizako kupula more-antzekoa eta Errege Jauregia, guztiz argiturik duela fatxada bat eta itzaletan bestea, kolore bioletaz margoturik, inpresionistek ohi zuten moduan. Artistak ez zituen pintzelkadak modu analitikoan zatikatu, aitzitik, askotariko pintzelkadak erabili zituen eguraldi desatsegin eta haizetsuaren asaldura adierazteko, zeina iradokitzen baitute landareen mugimenduak, hodeien itxurak eta kearen norabideak. Tonu ilunak aurrealdean eta argiak hondoan ezarriz -zeruan ñabardura arrosa apur batzuk ageri direla- azeleratu egiten da planoen hurrenkera, sakonera. Bigarren mailan, berde mamitsuak ikusten dira, 1909ko udaberriko ekinaldikoak, Plantío auzoan sarri lan egin zuen garaia. Haizeak eta hotzak traba egiten ziotelarik, seguru asko, bizkor osatu bide zuen paisaia hau, garai hartakoen artean urduriena.

Margolan hau 1912an Berueteren lagun Joaquín Sorollaren estudioan hari buruz egindako hil ondorengo erakusketan jarri zuten ikusgai. Urteak dira euskarria aldatu zitzaiola, baina, museoko artxiboko argazki baten arabera dokumentatu zenez, zenbaki altueneko koadroetarako erabilitako etiketa bera zuen, "620" eskuz idatzirik ageri dela. 1912an Mariano Morenok ateratako beste argazki batean ere agertzen da koadroa, etiketaren zenbakia aldamenean duela, Madrilgo bista Plantío de los Infantesetik izenez katalogaturik.

Pintorearen semeak -izen-abizen berak zituen- Madril Pardotik izenburuarekin aipatu zuen koadro hau 1915eko apirilaren 30ean, museoaren zuzendari Manuel Losadari idatzitako dohaintza gutunean. Beruetetarren eskuzabaltasunaren erakusgarri -beste zenbait espainiar erakundek ere gozatu ahal izan zuten horretaz-, semeak asmoa zuen "lauzpabost" obra emateko dohaintzan. «Oraingoz», zioen, «pozgarri eta gogobetegarri zait Bilbon obra hau izatea, ez da bereziki handia, nire aitak Gaztelako lurretan landu zuen sail ugariko prestalan bat baino ez». Koadroaz halako apaltasunez mintzatu arren, honek egilearen olio pintura askok baino neurri handiagoa du, eta, haren bizitzaren hondarreko obra izaki, kalitate aparta du. Beruete semeak ongi ezagutzen zuen XIX. mendeko espainiar pintura, eta ondotxo zekien Darío de Regoyos beste inpresionista handiaren pinturak Bilbon izanik ezinbestean konparatuko zituela publikoak aitarenak eta harenak -zeinaren alabarekin ezkondu zen Beruete semea-.

Beruetek beste obra batzuetan ere erabili zuen gai bera, Madril inguruak hiria hondoan ageri dela koadroan, esaterako: hiria apur bat urrunago egon arren, angelu beretik irudikatuta ageri da Errege Jauregia lan horretan. 1912ko erakusketan, 1911n datatutako Madrilgo bista, Plantío de los Infantesetik izeneko beste koadro bat jarri zuten ikusgai. [Javier Barón]

Bibliografia hautatuta

  • Gaya Nuño, Juan Antonio. La pintura española en los museos provinciales. Madrid, Aguilar, 1964. pp. 330-332.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 33. (Con el título Vista de Madrid).
  • 50 ans d'art espagnol, 1880-1936 [Cat. exp.]. Bordeaux, Galerie des Beaux-Arts, 1984. p. 73, n° cat. 7.
  • Tesoros del Museo de Bellas Artes de Bilbao : pintura, 1400-1939 [Cat. exp.]. Madrid, El Viso, 1989,
  • Tres grandes maestros del paisaje decimonónico español : Jenaro Pérez Villaamil, Carlos de Haes, Aureliano de Beruete [Cat. exp.]. Madrid, Ayuntamiento, Concejalía de Cultura, 1990. pp. 402-403, n° cat. 110.
  • Da Goya a Picasso : la pittura spagnola dell'ottocento [Cat. exp.]. Milano, Mazzotta, 1991.
  • Joos, Petra. Francisco Iturrino, 1864-1924 [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 1996. p. 37.
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Museo de Bellas Artes de Bilbao : maestros antiguos y modernos. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa = Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, 1999. p. 168.
  • Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. pp. 112-113.
  • Musée des Beaux Arts de Bilbao : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. pp. 112-113.
  • Bilbao Fine Arts Museum : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. pp. 112-113.
  • Paisajes esenciales [Cat. exp.]. Huesca, Centro de Arte y Naturaleza-Fundación Beulas, 2007. p. 23. (Con el título Madrid desde el Prado)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 330-332, n° cat. 64
  • Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2011. p. 112-113, n° cat. 78b.
  • Bilboko Arte Ederren Museoa : gida. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. pp. 112-113, n° cat. 78b.
  • Bilbao Fine Arts Museum : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 112-113.
  • Musée des Beaux Arts de Bilbao : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 112-113.
  • 110 Años 110 Obras [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 188-189, sin n° cat.
  • 110 Ans 110 Oeuvres [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 188-189, sin n° cat.
  • 110 Urte 110 Artelan [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 188-189, sin n° cat.
  • 110 Years 110 Works [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 188-189, sin n° cat.

Madrilgo bista, Plantío de los Infantesetik edo Madril Pardotik