Lingzhi eta pinua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Lingzhi eta pinua

Gai, Wang Shi, Wang Nie, Wang

Japonia - Japonia Japonia - Japonia Japonia - Japonia

Xilografia paperean

25,1 x 32,6 cm

1701

XVIII. mende hasiera

82/781

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Pintura txinatarren barnean, eragin handieneko obretako bat da koloretan inprimaturiko Jieziyuan Huazhuan liburu ilustratua. Koloreetako bost xaflarekin argitaratu zuen Nankín (Nanking edo Nanjing) hiri txinatarrean Shen Xinyok 1679. urtean. Testu teorikoa zen Wang Gai-ren paisaia pinturekin ugaritasunez ilustratua. Handik hogei urte baino gehiagora, 1701. urtean, bigarren atala argitaratu zen, Wang Nie eta Wang Shi artisten obrekin aberastua. Gaiak oso klasikoak ziren Txinako pintura eta literatura tradizioaren barnean, kualitate moralak adierazteagatik bikaindutako landareen errepertorioa, esate baterako, lau lagunak gisa ezagutzen zena, hauxe da, betiereko banbua, aranondoaren lore goiztiarra, usain gozoko basa orkideoaren lorea eta bizitza luzeko urrelilia, bere loraldia negua sartu arte luzatzen duena. Loreen eta intsektuen eta beste lore eta hegazti batzuen sail luzea aurkezten du halaber obrak. Japonian, eskuliburu honen aztarna aurkitzen dugu Nanga eskolako maisuetan, nahiz Shijo eskola errealistakoetan, eta baita ukiyo-e eskolakoetan ere, Hiroshige-ren kasu nabarmenarekin. Obrak berak izan duen eragin zuzenaz gainera, merkatari txinatarrek hedatua 1720. urte aldera Nagasaki portutik, haren eragina biderkatu egin zen Japonian partzialki berrargitaratu zenean, Kyoton inprimatua Kawanami Shiroemonek 1748. urtean, eta 1753. urtean osatua. Kaishien Gaden izenarekin ezagutzen da Japonian.

Aipatzekoa da, obrak hartu zuen ospeagatik, oso ohikoa zela estanpak bereiz jasotzea bildumetan. Halatan, munduko hainbat museotan kontserbatu dira, Londresko British Museum edo Bostongo Museum of Fine Arts museoetan, esate baterako. Palacio bildumako hiru estanpa solteetan lehenengoak lingzhi txanpinoiak (Ganoderma lucidum) ageri ditu, Asian zorionaren eta zorte onaren ikurtzat hartzen direnak. Pinu adar bat ere ageri da, bizitza luzearekin lotzen dena. Beste bi estanpetan, azpigenero baten eszena naturalak ageri dira, hauxe da, hainbat landare, intsektuekin irudikatuak, gehienetan intsektu hegalariak. Bigarrenean lore multzo bat ageri da, haien artean azpimarragarriak basa orkideo batzuk, kultura txinatarrean oso estimatuak, duten usainagatik. Gau tximeleta bat hegaz hurbiltzen ari da landareetara, beste bat lasto batean pausatua dagoen bitartean. Azkenik, azken grabatuko marrazkiaren goi eskuin aldean liztortzar bat hegan ikus daiteke, harkaitz zimur eta zulatu baten ondoan hazi den lorez beteriko banbu batera hurbiltzen ari dena.

Oso zaharra izateagatik kolore hil samarrak ageri baditu ere, esan behar da, XVIII. mendearen hasieran inprimatzeko sistema txinatarra ez zela XVIII. mende amaierako eta XIX. mendeko nishiki-e estanpa japoniar eboluzionatuena bezain sofistikatua izan. Estanpatzaile japoniarrek hobekuntza teknikoak sartu zituzten, esate baterako, erregistro marka gisa sartu zuten kento deitutako sistema japoniarra, eta hari esker, zehaztapen handiagoa lortu zuten inprimatze prozesuan erabilitako zurezko xafla bakoitzeko kolore egokitzapenetan. (David Almazán, 2014).

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 205, 226, 248-249, n° cat. 59.