Kuan Yu - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kuan Yu

Shigenaga, Nishimura

Japonia, 1697-1756

Xilografia

29,7 x 14,2 cm

Nishimura Shigenaga shohitsu (西,村,重,長,正,筆)

c. 1750

XVIII. Mendearen lehen erdia

82/764

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

XVIII. mendearen bigarren laurdeneko artista autodidakta izan zen Nishimura Shigenaga, teknika eta formatu berriak landu zituen tematika zabalarekin. Horrenbestez, formatuei dagokienez, hosoban deritzon estanpa ugari argitaratu zituen, hots, formatu bertikal estuan eta luzean landutako irudiak. Era berean, inpresio monokromoan irudiak eta efektuak eskuz koloreztatzeko forma berriak landu zituen. Lan honetan, xilografiaren bidez, harrizko erliebeak marruskaturik paperean egiten diren kopien efektua imitatu zuen. Ishizuri-e izen teknikoa du irudi mota honek. Harrian landutako erliebeen paperezko kopiak tradizio handikoak dira Txinan, eta beraz, herrialde hartako gai klasikoak irudikatzeko ezin bide egokiagoa da ishizuri-e teknika, gai klasiko horiek puri-purian egon baitziren XVIII. mendean Japonian, batez ere historiako gudu handietako txinatar jeneral handiei emandakoak. Irudi honetan Kuan Yu jeneral handia ikusten dugu, Han dinastia handiaren legatuarekin aurrera egiten saiatu zen plebeio jatorriko Liu Blei (161-223) txinatar enperadore birtuosoaren zerbitzura egon zen. Etsaiek harrapatuta, 219. urtean hil zen Kuan Yu, azkenera arte leial izan zitzaion Liu Beiri. Luo Guanzhongek XIV. mendean Txinan idatzitako eta Japonian arrakasta handia izandako Hiru erresumen arteko maitasuna eleberri ospetsuko heroietako bat da. Hemen ikusten duguna da Kuan Yuren ikonografia zabalduena: bizar luzearekin, klasikoei irakurtzen eta yanyue dao deritzon punta bikoitzeko alabarda handi antzeko bati eskuz eusten diola. Hondo ilunaren aurrean, jeneralaren irudiaz gain, aipagarria da txinatar aspaldiko idazkera imitatzen duten trazuekin idatziriko epaia, egilearen izenarekin batean. Eskuinean artistaren sinadura ikus dezakegu, eta behe ezkerreko ertzean Edon (Tokio) 1745 eta 1774 bitartean jardun zuen Surugaya argitaldariaren zigilua. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 219, 254-255, n° cat. 64.