Kaleko emakumeak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kaleko emakumeak – 91/1

Gutiérrez Solana, José

Madril, 28/02/1886 - Madril, 24/06/1945

Akuafortea eta punta lehorra paperean

37,4 x 43 cm (papera) 23,5 x 28,7 cm (orbana)

J. Solana (paperaren marjinaren eskuineko behe-angeluan)

c. 1932-1933

91/1

1991n eskuratua

Irudi bildumagile porrokatua izan zen Solana. Halaz ere, ez zuen interes berezirik agertu halakoak lantzeko, oso grabatu gutxi egin baitzituen, gutxi horiek oso ezagunak badira ere: kobrezko edo zinkezko plantxetan landutako hogeita zortzi akuaforte -batzuk urtintarekin edo punta lehorrarekin nahasita-, zinkean landutako lau litografia, bi kromolitografia eta bi zeluloide. Sortzaile gisa, bere bizitzako lau unetan landu zuen teknika hori egile honek. Lehenik 1918an, Madrilen Arte Grafikoen Eskola Nazionalean izan zenean; garai hartan akuafortez eta urtintaz landutako lau plantxa kontserbatzen dira. Urte batzuk geroago, 1932 eta 1933 bitartean, bere lan grafiko gehienak egingo zituen Solanak, tartean hemen aurkezten ditugun irudiei dagozkien plantxak, Madrilgo Pradoko kaleko Casto Gil Elkartearen tailerrean. Azkenik, 1937. urte aldera, gerraren gaia aurkezten zuten hiru litografia landu zituen Valentzian, kultur etxeko Kaierak aldizkarian argitaratu zituzten azken lan horiek.

Estanpazio proba gutxi batzuk baizik ez zituen egin Solanak bere ibilbidean, ez ordea edizio oso bat, nahiz eta irudi solte batzuk aurkeztu zituen esate baterako 1934ko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean eta Veneziako Biurtekoan. Egilea hil eta gutxira egin zen aurreneko argitalpen partziala -Kaleko emakumeak eta Maskara-egilea barne-, japoniar paperean eta tinta zurian egindako hogeita bost aleren argitaraldia, lehorrean zigilatuak eta zenbakituak. Madrilgo Estilo Galerian egon ziren ikusgai 1946an eta 1951n eta Bilboko Stvdio Aretoan 1951n. 1963an akuaforteen bigarren argitaraldi bat eman zuen argitara (hogeita bost irudirekin) Rafael Díaz-Casariegok Ramón Gómez de la Sernak idatziriko atarikoarekin, eta aldi berean zinkean landutako lau litografien beste argitaraldi bat plazaratu zuen. 279 aleko tirada egin zuten, horietatik 230 Guarro harizko paperean estanpatuak, zifra arabiarrekin zenbakituak. Argitaraldi horri dagozkio Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman dauden irudiak, Kaleko emakumeak (72/230. zk.) eta Maskara-egilea (108/230. zk.). Azken horrek, gainera, paper osoa kontserbatzen du, hots, moztu gabe dago, eta behe eskuineko angeluko hutsunean J. Solana irakur daiteke, argitaraldi honetarako lana espresuki egile honek egina dela agerian utzirik.

Solana ez zen grabatzaile fina izan, ez zitzaizkion interesatzen teknika horrek ahalbidetzen dituen ñabardurak, eta agian horrexegatik da bere obra grafikoa aski zakarra eta bere produkzioaren tematika zurrun samarra. Izan ere, egile honen grabatu gehienak, zuzeneko kopia ez badira, artistaren beraren olio pinturetatik eratorriak dira, nahiz eta tarteko urrats gisa arkatzaz ere marrazten zituen -marrazki horiek hainbat aldizkaritan argitaratutako margolanen irudiak kalkoaren laguntzaz kopiatu zituela esan izan da-. Horrenbestez, Solanaren iruditeria aurkezten dute lan horiek, eta bere literatura lanetan ere aipatzen dituen bazter auzoak ditu protagonista, auzootako pertsonaia zarpailak eta besteek nahi ez dituzten lanbideak. Kaleko emakumeak izenburuko irudiak, 1915-1917 bitartean landutako izenburu bereko olio pinturatik eratorriak (Bilboko Arte Ederren Museoan dago), Solanak berak La España Negra obran adierazten zuen bezala "bizio txikiari" emanak bizi diren baina aldi berean irainka dituzten gizaseme txuloei ausart aurre egiten dieten emakume batzuk ikus ditzakegu. Aitzitik, alde garrantzitsu bat dago olio pinturarekin alderatuta; izan ere, eskuineko bi emakumeen artean -egiazki trabesti bat da eskuin muturreko pertsonaia- maitasun artekaria falta da, ezaugarri bertsuko margolan asko eta askotan ageri dena. Horregatik uste dugu guk artistak Santanderren ezagutuko zuen prostituzio etxe bat gobernatuko zuen jabearen irudia izango zela. (José Luis Merino Gorospe)

Bibliografia hautatuta

  • José Gutiérrez Solana : grabador y litógrafo [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1990. p. 50-51.
  • La pintura del siglo XX en Cantabria : tradición y vanguardia [Cat. exp.]. Santander, Museo de Bellas Artes, 1991. p. 66
  • Sala Stvdio, 1948-1952 : una aventura artística en el Bilbao de la posguerra [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. n° cat. 99.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 222-225, n° cat. 91.
  • Goya : estampas de invención : Caprichos, Desastres, Tauromaquia y Disparates [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. pp. 68-69.
  • Pinturas traducidas : el grabado de reproducción en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 38, 70, 99, n° cat. 19.