Juan Rochelten erretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Juan Rochelten erretratua

Guinea, Anselmo

Bilbao, 1855/05/18-Bilbao, 1906/06/10

Olioa oholean

27,5 x 18,5 cm

c. 1880

82/37

J. E. Rochelt jaunaren semeen dohaintza 1921ean

Hemeretzigarren mendeko Bilbon hainbat izan ziren arteetan nabarmendu ziren jatorri atzerritarreko familiak. Zamakoistarrei eta Delmastarrei (hasiean Delmazzotarrak) Rocheltarrak gehitu behar zaizkie, sentiberatasun handia agertu baitzuten musikaren, letren eta pinturaren aurrean. Horien artean gutxienez 12 ziren azken diziplina horren zale, eta herrialdeko une horretako sortzaile handienen aholkuak jasotzeko eta beren irteera artistikoetan laguntzeko pribilegioa izan zuten horiek. Aipatu artista handi horien artean zeuden Carlos de Haes (1826-1898), Jaime Morera (1854-1927), Darío de Regoyos (1857-1913), Adolfo Guiard (1860-1916) eta Anselmo Guinea.

Margolaritzari dagokionez, Juan Rochelt Amann (1858-1907) izan zen XVIII. mendean Erdi Europatik iritsitako salerosle familia honetako kide aipagarriena. Gainera, oso kolaboratzaile aktiboa izan zen mendeko azken hamarraldietan Hirian izan ziren jai eta kultur ekitaldi guztietan; esate baterako, lagundu egin zuen Maria Kristina erreginaren omenezko itsas jaia antolatzen (1887), lagundu egin zuen Santiago elizako dorrearen eraikuntza amaitzeko dirua lortzeko tonbola antolatzen (1888), eta 1898ko eta 1905eko jai batzordeetan parte hartu zuen. Era berean, estetika kontuetan ongi merezitako ospea baitzuen, tokiko prentsak antolatutako marrazki lehiaketetarako epaimahaikidea izateko edo Juan Crisostomo Arriaga musikariaren omenez eraiki beharreko monumentua aukeratzeko epaimahaikidea izateko gonbita jaso zuen, baita Bizkaiko Aldundiaren ordezkaritzetan jarduteko eta 1900. urteko Bilboko Arte Modernoa Erakusketatarako obrak erosteko ere.

Margolari gisa, hirurogeita hamargarren urteetako lanak uztartu egiten dira Guinearen akuarela garaikideekin, baina, Paristik igaro ondoren --zehazten zaila den une batean, baina 1890. urtetik gertu-- eta Giuardekin eta Regoyosekin zituen harremanak tarteko, beste joera batera lerratu ziren Rochelten obrak. Marra dotorea, argia eta malba koloreen erabilera dira artista honen helduaroko obren ezaugarri nagusiak, baina aldi berean japoniar irudiak, puntillismoa eta Pissarro gogorarazten dizkigute. Juan de la Encina arte kritikariak, merezi gabeko laudorioak egin zale ez denak, paisaiagile bikaina zela esan zuen, eta haren margolanak hizpide hartuta, «halako maila duten margolan gutxi daude, agian Dario de Regoyosen lan bikain batzuk baizik ez» adierazi zuen.

Soilik 1823. urteko Bizkaiko Erakusketa Probintzialean jarri zituen Juan Rocheltek bere obrak jendaurrean ikusgai. Izan ere, oso gizon apala zen, soilik gertukoenei erakusten zizkien bere fruituak, eta agindu zorrotz bat eman zuen, hots, hildakoan berari buruzko hitzik ez esateko eta bere obrekin erakusketarik ez egiteko. Gurari horretan oinarritzen da egile honen obraren inguruko ezaguerarik eza, nahiz eta, inolako zalantzarik gabe, bere lekua merezi duen XIX. mende amaierako Euskal Herriko pinturaren alorreko berritzaileen artean.

Koadro txiki honetan Rochelt gaztea ikusten dugu Guinearen estudiora egindako bisitaldi batean erretratatuta. Pintzelkada landuak, trazu seguruak eta kolore distiratsuak, gelako elementu apaingarri batzuk bezala, oso lagungarriak dira margolan hau 1880. hamarraldi hasieran datatzeko. Paretan zintzilikaturik ikusten ditugu zezenketari kapa bat eta zirriborro itxurako bi obra (zezenketari baten burua eta hemezortzigarren mendeko eszena bat), aipatu garaira garamatzatenak. Hala eta guztiz ere, datu horiek ez dira nahikoak 1877. urteaz geroztik Bilboko Foru kaleko 3. zenbakian zuen tailerrean landutako obra den jakiteko ala Erroman izan zen estudioetako batean landu zuen jakiteko. Lasai dago erretratatua, dandy gazte baten keinu axolagabearekin, onddo formako kapela buruan, Bilboko hiriaren filiazio ingelesaren erakusgarri. (Mikel Lertxundi)

Bibliografia hautatuta

  • Sota Aburto, Alejandro de la. Zuloaga y el Bilbao del sombrero hongo : conferencia dada en la Asociacioìn Artiìstica Vizcaiìna el 14 de febrero de 1953,. Bilbao, Editorial Vasca, 1953. p. 22.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 64. (Con el título Retrato de un hombre).
  • La imagen del artista : retratos de artistas vascos entre dos siglos [Cat. exp.]. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa, 1993. pp. 62-63.
  • Tradición y modernidad en la pintura vasca : en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Autoridad Portuaria de Valencia, 1999. pp. 42-43, sin n° cat.
  • Arenaza Urrutia, José María. Anselmo Guinea, 1854-1906 : un pintor para la modernidad. Bilbao, Fundación BBK Fundazioa, 2006. p. 147.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 383-385, n° cat. 77.
  • Los Rochelt : una familia bilbaína vinculada al arte [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 51, 90, 131, n° cat. 30.
  • Anselmo Guinea, 1855-1906 : los orígenes de la modernidad en la pintura vasca [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. pp. 88-90, n° cat. 10.