Ikusleen ikuslea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Ikusleen ikuslea

Equipo Crónica (Kronika taldea)

Jardunean 1964 eta 1981 bitartean

Pintura harri-kartoian

127 x 49 x 82,5 cm

1972

90/47

1990ean eskuratua

Urte haietan, erregimenak ordena publikoan zituen arazoak kontuan hartuta (1970etik 1975era, bost salbuespen-egoera ezarri ziren), agerikoa zirudien Udaleko eta Gobernu Zibileko baimenak, horrelako ekitaldi baterako beharrezkoak zirenak, nekez lortu ahal izango zirela zenbait hiritan; Madrilen, Bartzelonan edo Valentzian, esaterako. Erregimena gogortu egin zen, eta poliziak modu sistematikoan sakabanatzen zituen kalean elkartutako ikasle unibertsitarioak edo protesta-kantako edozein kontzertutako parte-hartzaile urriak (askoz politikoagoak ziren beste manifestaldi batzuk ez aipatzearren). Iruñean, ordea, baimenak eman zituzten, eta gutxieneko esperientzia politikoa zeukan edonork galdera bi egin behar zizkion bere buruari: zergatik eta nola gertatu zen hori.

Horixe bera izan zen Equipo Crónica taldeak bere buruari egin zion lehen galdera, gonbita jaso zuenean. Erantzun sinesgarrienaren arabera, Huartetarren babes politikoa zuten antolatzaileek proiektuaren berri aurretiaz eman zieten erregimeneko instantziei, eta esan zieten antolatutako jarduerek ez zutela garrantzi politikorik. Topaketek artistei eskaintzen zieten ustezko askatasuna zaintzapeko askatasuna zen egiaz. Hain zuzen ere, horixe bera zen taldeak agerian jarri nahi zuena. Solbesek eta Valdések harri-kartoizko multiplea egin zuten, Val i 30 galeriako zenbait erakusketatarako egindakoak bezalakoa. Brigada sozial eta politikoko agente moduan karakterizatu eta bidali zuten, panpina hura topaketetako kontzertu eta jardueretako ikusleen artean esertzeko. Zer eginkizun zeukan argi geratu zedin, Ikusleen ikuslea izenburua jarri zioten. Ehun ale egin eta aurreikusi bezala banatu zituzten, baina agian ez zuten uste bezalako eraginkortasunez egin; antolatzaileek ideia hori gustuko izan balute bezalako eraginkortasunez, alegia.

Nolabait esatearren, Ikusleen ikuslea arrakastatsua izan zen. Topaketetako parte-hartzaileek eta ikusleek, espainiarrek, behintzat, ondo baino hobeto ulertu zuten brigada politiko eta sozialaz ari zirela. Euren erantzuna barregarria izan zen. Panpina batzuk airera bota zituzten; eta beste batzuk, suntsitu. Gainerakoak berehala desagertu ziren, bertaratutakoek etxera eraman zituztelako oroigarri moduan. Azken batean, bazirudien egun haietan Iruñean egindako happening ugarietako bat zela. Agintariek inteligentziaz jokatu zuten, eta ez ziren tartean sartu. Azken batean, ez zuten zertan jo euren burua aipatutzat, eta horixe izan zen taldearen proiektuaren porrota. Dena dela, arazoa ez zen agintarien erantzun aurreikusgarria izan, topaketen kritika politikoa egiteko asmoz bidalitako lana bertako egitarauan hain erraz txertatu izana baizik. [Tomás Llorens]

Bibliografia hautatuta

  • Equipo Crónica : catalogación y obra gráfica y múltiples : 1965-1982 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1988. p. 142, n° cat. 13.
  • Equipo Crónica : retrospectiva [Cat. exp.]. Pamplona, Ayuntamiento de Pamplona, 1994. p. 36.
  • Laboratorios 70 : poéticas, políticas y crisis de la modernidad en el contexto vasco de los setenta. Bilbao, Sala Rekalde Erakustaretoa, 2009. p. 191.
  • Equipo Crónica [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 193-195, 200, n° cat. 115.
  • Equipo Crónica [Cat. exp.]. Valencia, Fundación Bancaja, 2016. p. 163, il.