Herakles, eskua aldakan duela - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Herakles, eskua aldakan duela

Anonimoa, III. mendea, K.a.

Brontzea

10,58 x 4,48 x 3,25 cm

82/879

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Heraklesen irudia, zutik dago. Aurreratuta du ezkerreko hanka, eta atzera eramana eta zuzen eskuinekoa. Soina apur bat aurrera du inklinatuta, oinez ari balitz bezala. Ongi zehaztutako masen bidez tratatuta dago gorputza, baina masa horiek handituta daude, adineko pertsona bat irudikatzen dutela ematen du. Ezkerreko eskua zabalduta du jarrita aldakan, aurreko piezetan bezala, baina honetan ez dago leontearen arrastorik bat ere. Osorik du eskuineko besoa, eskua irekita gorantz. Esfera formako burua du oso lepo motzaren gainean. Kopeta zeharkatzen duen eta bizarrarekin bat egiten duen ildoak inguratzen du aurpegia. Bizar xerlo batzuk ñabardura handiz daude irudikatuta. Guztiz lisoa da buruaren gibelaldea. Gisa honetako irudietan antzeman ohi ez diren belarriak ere ditu irudikatuta. Ongi zehaztuta ditu hazpegiak, ahoa eta sudurra handiak eta sendoak, eta begiak aski ongi modelatuak.

Herakles irudikatzen duten antzeko brontze batzuk ezagutzen dira, keinu bera egiten dute eskuineko eskuarekin eta aldakan jarrita dute ezkerreko eskua. Aquileiako Arkeologia Museoko ale batek (17.707. Inb. zk.) egokiera berean du eskuineko esku goratua, erregutzen ari diren botozko irudien gisara, baina estiloa trauskilagoa da, eta leontea handiegia. Udineko Museo Zibikoko piezak (291. Inb. zk.) gazte bati dagozkion formak ditu, jarrera adierazkorragoa. Cividaleko Museo Arkeologiko Nazionaleko piezak eredu berari erantzuten dio, bana leonteak lehoiaren larruazalari berezkoak zaizkion tolesak ageri ditu, eta landare hostoen moduan landutako bost puntako diadema batez inguratuta du burua, gizonezko jainkozale erregutzaileen irudien artean arrunta denez. Hortaz, hiru pieza horiek, gure bildumakoa ez bezala, Heraklesen irudien eta bere botozko irudien arteko ezaugarri ikonografikoen balizko trukearen erakusgarri egokiak dira.

Aipagarria da Heraklesen bizarraren irudikapenean jarritako arreta, gisa honetako piezetan ez baita hori ohikoa. Mironek Samos uharteko Hereori begira landu zuen brontzetik eratorritako Herakles lasaiaren irudietatik oso gertu dago honako hau, eta pertsonaiaren itxura heldua eta bizarduna da, hain zuzen ere, irudi honetan Herakles ezagutzeko aztarnetako bat, otoitzean edo erreguka ari diren jainkozaleek hazpegi gazteagoak izan ohi baitituzte, eta soilik arkaismotik gertuen dauden obretan baizik ez baitira biluzik ageri, geroagoko irudi guztiek aldean jantziren bat duten bitartean. Bestalde, eskuaren keinua bat datorrenez leontea ezkerreko besoarekin eusten duten Italiako piezen eskuen keinuarekin, badago ondorioztatzea egokiera hori Heraklesek berezkoa duenarekin bat datorrela, ez zuela beste ezaugarririk bat ere behar Herakles gisa identifikatua izateko. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 293-296, n° 51.