Gazte eskaintzailea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Gazte eskaintzailea – 82/892

Anonimoa, VI-V. mendeak, K.a.

Brontzea

7,52 x 2 x 1,49 cm

82/892

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Gizon baten irudia. Zutik dago irudikatuta, bi hankak zuzen eta paraleloan kontserbatu den zatian ikus daitekeenez, izterren erdialdetik beherakoak galduta baititu betikoz. Tunika labur batez dago jantzita, ez du paparraren arrastorik, eta tunikaren behe aldean xehetasun osoz daude adierazita zakila eta barrabilak. Tutu formakoa du gerria, oso estua, segur asko gerrikoren bat irudikatzen du, besoen azpiraino iristen zaio. Oso sorbalda estuak ditu, besoetan luzatzen den zabalguneak iradokitzen ditu. Besoak meheak ditu, hautsita, baina ezkerreko besoaren abiapuntuak adierazten digu besoak bularraldera bilduta izango zituela, agian opariren bati heltzeko. Oso luzea du lepoa, gero eta estuagoa, formaz triangeluarra eta laua den buruari leku egiteko. Aho irribarretsua ageri du, sudur luzea du, punta lodikoa eta biribilekoa, eta begi txiki biribilak. Ez dago orrazkeraren edo burugainekoaren arrastorik bat ere. Irudiaren gibelalde guztia oso lisoa eta biribildua da.

Gerriaren forma, tutu estu baten modura egituratua, oso baliabide ezaguna da Despeñaperroseko botozko irudi iberiarretan. Forma anatomikoen bakuntasun geometriko gisa interpretatu liteke gerri hori, baina beste ale batzuekin alderatuz gero, bistan da botozko irudi horietatik askotan eta askotan, nola eskaintzaileen hala gerlarien irudietan, arreta berezia jarri zutela egileek gerrikoa irudikatzeko, eta gerriko horrek oso erliebe nabarmena izan dezakeela, batzuek belarria bera ere xehetasun osoz irudikatuta dutela. Gerrikoa erliebean landuta duten irudien eta gerria tutu estu baten gisara irudikatuta duten irudien arteko alde horren arrazoia baliteke izatea bigarren multzoko irudien gerriak beste material batez landutako gerrikoei leku egiteko prestatuta egotea, Madrilgo Instituto Valencia de Don Juan institutuko ale batean hori bera hautematen baita; ale horrek gerria era berean hondoratuta du, baina belarria egongo zen erdiko zatia galdu duen uztai batez dago inguratuta.

Nolanahi ere den, gure alean gorputz osoaren estiloarekin bat dator gerrialde estua, aipagarriak dira lepo luzea eta buru txiki eta geometrikoaren forma, eta buruan ere beste material batez landutako kaskoa edo burugainekoa izango zuen segur asko. Katalogoetan argitaratutako Despeñaperroseko botozko irudien artean badira formaz antzekoak diren aleak, nahiz eta forma horiek ez dauden gure piezan bezala irudikatuta. Valencia de Don Juan Institutuko irudi batek buru txiki triangeluar berdina du, era berean tunika labur batez dago jantzita, paparrik gabe, eta gerri estu-estua du, baina sorbalda zabalak ditu eta lepoa motzagoa. Bilduma bereko beste ale batek ere kono luze baten formako lepoa du, ematen du itsatsita duela burua. Collado de los Jardines (Santa Elena, Jaen) santutegiko pieza batek ere oso luzea du lepoa, baina alderantziz landua du, lepoa zabaldu egiten da gora egin ahala, eta gainean duen burua era berean triangeluarra da formaz.

Horietan guztietan agerian geratzen dira Despeñaperroseko santuegientzat lan egin zuten artisauen baliabide estetikoek eskaintzen zituzten askotariko aldaerak, bistan da askatasun osoa zutela beren obra guztiak egiteko, ez zituztela proportzioei eta elementu osagarriei dagokienez kanon zorrotz eta hertsiak aplikatzen. Multzo horren baitan, oso esanguratsua baita iberiar artea behar bezala ulertzeko, gure pieza bereziki da estilizatua, baina berezko eredutik oso urrun dagoen arren ez du beste ale askotan nabari den trauskilkeriaren arrastorik, gustu handiz landutako obra baita, balio estetiko berezia lortzeko asmoa duen alea. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 315-318, n° 56.