Ganadu azoka - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Ganadu azoka

Agrasot, Joaquín

Orihuela, Alacant, 23/12/1836 - Valentzia, 08/01/1919

Olioa mihisean

55 x 35 cm

J. Agrasot. (eskuineko beheko angelua)

82/622

Cuadradoren alargun, María de Elorrieta y Mugaburu andrearen legatua, 1936an

Orihuelako margolariaren oihal argitaratu gabea, bere lagunarena bezala, haren omenez antolatutako erakusketetan eta monografietan jaso gabe geratu zirenak, biak ala biak Cuadradoren alargun María de Elorrieta y Mugaburuk dohaintzan emanak, Bilboko Arte Ederren Museoko Patronatuak 1936ko abenduaren 23an egin zuen Batzarrari dagokion Agirietan jasotzen denaren arabera.

Hemen irudikatutako eszena arrunt samarra da Agrasoten lanetan, izan ere, ez ditu gutxi azienda feriei eta azokei emandako margolanak. Margolan horietan batez ere Valentziako nekazariak ikusten ditugu, horregatik jarri zioten Manuel González Martík (Lege urrea, 1928) asmatutako eta ondorengo kritikak zorionez bere egindako baratzezainen margolaria ezizena.

1877koa da gai honi buruzko aurreneko oihaletako bat, urte hartan aurkeztu baitzen Parisko Aretoan Orihuelako feria. Gutxi gorabehera ordutik aurrera hasi zen Orihuelako margolaria famatuko zuten Valentziako ohituren eszenak margotzen. Bistan denez, xehetasunik galdu gabe erreparatzen zien herriko jaiei, eta bertatik bertara jasotzen zituen, bere jaioterrira egiten zituen txango ugarietan, uneoro oso baliagarriak izango zituen oharrak eta apunteak. Denak dira agerian hautemandako giroak, konposizioaren ikuspegitik antzekoak, errepide arruntekin, astoen gainean doazen tratulantak eta pertsonaiak behin eta berriz errepikatuak.

Margolan honetan, aurrean, aurreko perspektiba apur bat goratuan, bi lagunek osatutako bikotea ikusten dugu, haietako bat makila eskuan duela eta mando baten gainean dagoela, XIX. mende hasierako Valentziako nekazariek janzten zuten arroparekin, arropa atalak xehetasun osoz adierazita daudela, esate baterako, buruko zapia edo txanoa, bizkarra ematen duenarena puntan amaitzen dena, pertsona berak sorbaldan daraman Morellako manta xehetasunez betea, jupak edo txaleko laburrak edo jopetí deritzenak alkandora zuriaren gainean eta haietako batek zapi beltza sorbaldan. Prakak belaunak estaltzerainokoak, gerriari gerriko estuekin lotuak eta espartzuzko oinetakoak batak eta abere gainean ibiltzeko botak besteak. Hondoan, oihalari halako perspektiba ematen dioten sakontasun plano ezberdinetan antolaturik, beste salerosle talde batzuk ikusten ditugu berriketan kanpatzeko oihalezko etxolen edo tartana deritzen etxolen ondoan.

Izan ere, orduko Valentziako nekazarien jantziei buruzko dokumentu grafiko guztiz zehatzak dauzkagu begien bistan, Erromantizismotik oso gertu dagoen berezko herri kultura ozenki aldarrikatzen dutenak, Valentziako beste margolari garrantzitsu batek, Bernardo Ferrándizek, bere garaian abiarazi zuenaren pareko. Ildo horretatik, gogora ekarri behar ditugu M. González Martíren hitz hauek: "(...) margolaneko xehetasun guztiek argi eta garbi salatzen dute egileak ezin hobe ezagutzen zituela arropen ñabardura guztiak, eta ezin hobe aukeratzen zuela eszena gertatzen zen lekua (...)."

Lehen aipatzen genuen pertsonaien etengabeko errepikapenaren adibide da margolan hau, izan ere, Agrasotek 1898ko Bartzelonako Arte Ederren eta eta Arte Industrien Erakusketa Orokorrean aurkeztu zuen margolanaren oso antzekoa da (egungo Kataluniako Museu Nacional d'Art museoak erosi zuen). Urte hartako Ilustración Artística aldizkarian argitaratu zuten (ekainaren 20an, 860. zk.) eta L. Hernándezek jaso zuen. Esan bezala, antz handia du obra honek multzo nagusiko beste lanekin alderatuta eta planoen antolamenduan eta pertsonaien, etxolen eta gurdien egokieran. [Felipe Garín eta Vicente Samper, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 258-260, n° cat. 43.