Erromeriatik bueltan - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Erromeriatik bueltan

Guinea, Anselmo

Bilbao, 18/05/1855 - Bilbao, 10/06/1906

Olioa mihisean

38 x 120,5 cm

1899

08/248

2008an eskuratua

Hainbat hamarkada sakabanaturik ibili ondoren, erakusketa honek aukera eman du Ramón de la Sotak eskatuta, Ibaigane jauregiko (Gregorio de Ibarreche arkitektoa mende amaierako urteetan Bilbon eraikitzen ari zitzaion bizilekua) eskailera zuloa argituko zuen beiraterako Guineak egin zituen hiru zirriborroak berriro elkartzeko. Guinea 1899ko lehen erdialdean hasi zen han margotzen, baina Arteagan (Gaztelu-Elexabeitia) bukatu zituen, udaberria eta uda han eman baitzituen. Uztailaren hasieran Guineak hauxe adierazi zion Alejandro Anitua bildumagileari "oso aurreratua dut Sotako beiratea eta berehala kenduko dut gainetik bete-betean zure koadroaz arduratzeko". Izan ere, litekeena da hurrengo hilabetean bertan entregatu izatea, margolaria Bilbora joan zenean eta Bizkaiko kostaldearen aurrean enpresariarekin nabigatzera atera zenean.

Enkargu harekin Guineak erromerien irudikapena berritu zuen pintura bizkaitarrean, ordura arte, eta Antonio Maria Lekuonaren eraginez, Teniers-ek erabilitako formulen zordun baitziren. Guineak ihes egin zuen bere maisuaren obren anekdotismotik, Erromeria (1864, bilduma partikularra) edo Hor Konpon, Juan Ramon (1886, bilduma partikularra), eta ikuslea ekintzan murgilduko zuten konposizio baliabideak erabili zituen. Halatan, Mugimenduan ageri diren bi eszenetan friso moduko kokaera erabili du, irudiak albotik ikusita eta zango erditik moztuak, erromesei beren paseoan laguntzeko bide emanez. Estatikoan, berriz, zirkuluerdi ireki batean banatu ditu pertsonaiak lehen planoan, eliz atarian dantzatzen den aurreskua ikusi ahal izateko.

Hiru panelak bikainak dira, eta erakusten dute Guineak nolako erraztasunez jakin zuen mintzaira modernistaren gakoak dekorazio proiektu batera egokitzen. Marrazki bihurgunetsua erabili du, itxitura lerro nabarmenekoa, irudien nahiz paisaiaren siluetak markatzeko, arabesko nahaspilatuak landaredian eta tonu aldaera urriko koloreak (gorrietan ere ñabardura gutxiago, garai hartan egin ohi zuen bezala). Pilar Mur-ek Erromerian lanari buruz egoki asko esan zuen bezala "gainera, tentsio emankor bat dago irudien ezaugarri batzuen -Guineak pertsona jakin batzuk erretratatuko zituen agian- eta paisaia hondo estilizatu eta sintetikoaren artean, inspirazio japoniarra iradokitzen baitu zuhaitzetan eta parterre loredunetan". Egia dena da, aurreskua ikusten ari diren pertsonaien artean, Mamerto Segui margolaria egon daitekeela, hauxe da, canotier kapela daramana izango litzateke, ezkerraldetik konposizioa ixten duena. Ez litzateke harritzekoa izango modelo gisa bere laguna erabiltzea, uda hartan hark ere denboraldi bat igaro baitzuen Arteagan.

Panelak tamaina desberdinekoak badira ere, beiratera pasa zirenean bata bestearen gainean muntatu ziren, laukizuzen handi bat sortuz: joatea, goian; aurreskua, erdian; eta itzulera, behean. Izan ere, haietako bakoitzean ikus daiteke elkartuko lituzkeen ertzeko zerrenda. Berriro ere irudi batzuk gainjarri zituen hartan, Osasunaren iturria lanean egin zuen bezala.

Bukatu eta hurrengo urtean, Guineak zirriborroak erakutsi zituenean Bilboko Arte Modernistaren lehen Erakusketan, lerro laudagarri batzuk eskaini zizkien Regoyosek: "Sota jaunaren beiratean ere, Guineak ikusleak konbentzitu egingo ditu, margolari naturalista eta ulergarria izateagatik, baina aldi berean, guztiz egokiak dira artisten gusturako. Bere elementua da erromeria, bere ekintza esparrua. Xehetasun bakar bat ere ahantzi gabe aurrera doaz erromes guztiak, suzirigilearekin eta txilibitu jotzailearekin hasi eta sendagilearekin eta fededunarekin buka. Arte handiz aukeratu ditu beirateko tinta desberdinak, soldadurak bikain aprobetxatuz, marrak gustu handiz aukeratuta. Behatzailearen literatur artea du zortzikoaren konposizioan, tipo txakolinzaleekin, apaizaren atzean dagoen mozkorra bezala. Albokariaren konposizioa ere oso tipikoa da, lorea belarrian duela; poz-pozik daude guztiak eta eszena ongi egokitzen da beiratera; arte berria da, inolaz ere, eta erabat zabaldu egin beharko litzateke euskal atarteetako argizuloetan eta eskaileretan". (Mikel Lertxundi Galiana)

Bibliografia hautatuta

  • "Una tarde en Castillo-Elejabeitia", El Nervión. 19/09/1899. p. 1.
  • Criticón [pseudónimo de Darío de Regoyos]. "Exposición de Arte Modernista. Anselmo Guinea", El Nervión. 13/08/1900. p. 1.
  • Pintores y escultores vascos de ayer, hoy y mañana. Bilbao, La Gran Enciclopedia Vasca, vol. III, 1973. pp. 260-261.
  • Anselmo Guinea, 1855-1906 : los orígenes de la modernidad en la pintura vasca [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. pp. 223, 227, n° cat. 68.
  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. p. 83, fig. 55.
  • Manauté, Benoit. La manufacture de vitrail et mosaïque d'art Mauméjean : flambe! illumine! embrase!. Bordeaux, Le Festin, 2015. p. 196, il.