Eros fruituekin edo Eros bakotarra - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Eros fruituekin edo Eros bakotarra

Anonimoa, II. mendeak, K.o.

Brontzea

5,66 x 2,48 x 1,30 cm

82/882

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Haur baten irudia, zutik. Eskuineko hankaren gainean hartzen du atseden, eta ezkerrekoa eskuinekoaren gainean du gurutzatuta. Bi hankak daude belaunetatik behera hautsita. Forma bigunak eta leunak ditu gorputzak. Lepoko formako klamide batez jantzita dago, ezkerreko sorbaldatik luzatzen zaio eta eskuineko sorbaldan lotuta du piramide formako orratz baten bidez. Eskuineko eskua aldakan du jarrita, loto hosto bati heltzen dio. Ezkerreko eskua tolestuta du klamidearen azpian, mahats mordo bati eusten dio. Aurpegian sudur motza eta masail biribilak. Uhin formako ile kizkurrak ditu, burugainean dute abiapuntua eta burua kopetatik garondoraino inguratzen duen kiribildura handian elkartzen dira.

Ardoaren jainko gisa erabilitako Erosen irudi bati dagozkio gure piezaren ezaugarriak, eta Dionisoren jarraitzaileen arteko pertsonaia arruntetatik hartuak dira, jarraitzaile horien artean sarritan ageri baitira haurrak, eta zenbaitetan soilik haurrak ageri baitira uzta biltzeko eta zapaltzeko lanetan ari direla edo Bakoren munduko eszena bat jolasean irudikatzen. Dioniso haurra gisa sailkatutako Saint-Germain-des-Préseko brontze batekin alderatu dezakegu gurea, buruaren jarreran baizik ez dira bereizten, Frantziakoak gorantz eta ezkerretarantz inklinatuta baitu. Dituen ezaugarrien arabera Eros bakotar gisa sailkatu liteke, agian egokiagoa baita gure piezari begira kontuan izanik bere hazpegiak.

Avignongo Calvet Museoan dagoen pieza bat da gure irudiarekin antz handiena duena, bat datoz ezaugarri orokorretan eta arropa eta gauza berdinak daramatza aldean, baina kalitatearen ikuspegitik hobe landua dela esan behar dugu. Aipatu museoak 1849. urtean eskuratutako jatorri ezezaguneko pieza frantsesak hobe landuta ditu klamidearen tolesak eta hazpegiak, baina beherago du jarrita begirada, eta hain justu alderantziz ditu gurutzatuta hankak. "Haurren" taldean dago sailkatua, beste zehaztapenik gabe. Esanguratsua da argitaratzaile Henri Rollandek ere nabarmendu izana patina galdu duen guneetan agerian geratzen den urre kolore bizia, ez baita batere arrunta gisa honetako piezetan; hortaz, aztarna material hori eta formaren eta estilistikaren ikuspuntutik dauzkaten bat etortzeak aintzat harturik, esan dezagun zuzeneko lotura dagoela bi obra horien artean, ideia beraren inguruan landutako pieza modernoak direlako edo biak aztarnategi batean eta berean egindako aurkikuntzak direlako. Oso litekeena da bi haur hauek jatorrian altzari bereko osagarriak izana, altzaria apaintzeko bikote bat osatu izana. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 166-169, n° 18.