Eraztuna - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Eraztuna

Nogués i Casas, Xavier

Bartzelona, 1873-Bartzelona, 1941

Akuafortea eta urtinta paperean

47,4 x 59,5 cm (papera) 32 x 41 cm (orbana)

nogués (paperaren marjinaren eskuineko behe-angeluan)

1917

82/2080

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1920an

Xavier Noguésen produkzio oparoak eta anitzak marrazketan du oinarria. Birtuositatearen mailaraino eraman zuen egile honek marrazketa, eta horri esker, Kataluniako ilustratzaile garrantzitsuenetakoa eta arrakastatsuenetakoa izan zen mende hasieran. Kopuru aldetik obra gutxiago landu bazituen ere, grabatzaile gisa egin zituen lanak kalitate tekniko handikoak direla esan behar dugu. 1909. urtetik aurrera, orduan hasi baitzen grabatuak egiten, Xavier Noguések ehun plantxa landu zituen herri giroko tematikarekin; bestalde, era askotako hogeita hamar litografia eta, 1934an, El sombrero de tres picos argitalpenari dagokion seriea landu zituen.

Eskuarki akuafortea eta urtinta baliatu zituen, azken teknika horrek 1917. urtera arte eragin handiagoa izan zuelarik bere obretan, Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman dauden lau estanpetan ikus daitekeen bezala (1913-1916 bitartekoak dira). Lau estanpa horiek Bizkaiko Foru Aldundiak erosi zituen 1919an beste sei estanparekin batean aurkeztu zirenean Bilboko Nazioarteko Lehenengo Pintura eta Eskultura Erakusketan. Lan horietan urtinta erabili zuen egileak, eta horri esker, argi kontrasteen bidez eta tonalitate mailaketaren bidez, plastikotasun handiagoa eman zien konposizioei, irudiak benetako masa piktoriko bihurtu zituen. 1930. urtetik aurrera bazterrera utzi zuen urtinta eta protagonismo handiagoa hartuko zuen punta lehorrak, bereizirik edo akuaforteaz lagundurik.

Marrazkietan eta ilustrazioetan batez ere gai satirikoak eta karikaturak landu bazituen ere, noucentismearen espiritua izan zuen egile honek bere grabatuentzako inspirazio iturri, giro idilikoak baliatu zituen ohitura kontuak aurkezteko. Askaria txalupan, Fontada, Biaoa eta Eraztuna izenburuko lanek hitzez hitz salatzen dute estanpa horietan irudikatzen dena; gainera, Kataluniako paisaiak baino, abesti poetiko batek berezkoago dituen agertoki naturaletan gertatzen dira eszena horiek.

Egile honen estanpak oso deigarriak dira oso konposizioa landuak direlako, irudiak eta espazioa ondoz ondo ageri zaizkigu era harmoniatsuan. Gainera, behin eta berriz, kontrasteen jokoa baliatu zuen egileak hondoko espazioen eta lehen planoen artean, edo banakako pertsonen eta pertsona taldeen artean. Biaoa izenburuko estanpan, esate baterako, oso deigarria da egileak lehen planoan dagoen irudiari emandako tratamendua, argiak eta itzalak zehaztasun maila handiz daude landuta, konposizioaren ia erdia hutsune espazial handiak hartzen duen bitartean. Gainera, zuhaitza itxuratzeko trazuak oso bereziak dira obra honetan, zuhaitzaren eskema ez dator bat artistaren obraren gainerako atal zehatz landuekin, eta lasai asko pentsa genezake amaitu gabeko estanpa bat dela. Era berean, pertsona taldeen banaketa erritmikoak zehazten du Fontada izenburuko estanpa, ilun-argiarekin ongi uztarturik estanparen espazio osoa hartzen baitute talde horiek. Obra hauetan egileak funtsezkoa izan zuen emakumearen presentzia, emakumearen bidez finkatu baitzuen Xavier Noguések bere nortasun artistiko berezia noucentismearen baitan. Darien naturaltasunagatik nabarmentzen dira irudi horiek, ukitu plastiko nabarmena duten arren. Eskuarki emakume baten inguruan egituratzen diren pasarteak irudikatzen ditu egileak, emakumea da protagonista Eraztuna izenburuko obran, eta emakumea da konposizioaren oinarria Askaria txalupan eta Biaoa izenburuetako obretan. Irudi arketipo bihurtzen dira emakumeak, profil estilizatuko irudi, eta gogora ekartzen digute 1912. urtean Eugenio D'Orsen La Ben Plantada obra ilustratzeko erabili zuen emakumearen irudia.

1917an desagertu egin zen bere grabatuetatik noucentismearen espiritua, eta naturaltasuna eta linealtasuna nagusitu ziren lehenagoko piktorizismoaren eta idealismoaren aurrean. Pixkanaka bazterrera utzi zituen ohiko irudiak eta agertokiak, eta 1930ean, punta lehorra delako teknika erabiltzen hastearekin bat, eszenak txotxongiloekin egituratzen hasi zen ingurunearen eta gizartearen parodia atseginak irudikatzeko. (Arantxa Pereda, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Primera Exposición Internacional de Pintura y Escultura. Bilbao, [ s. n.], 1919. p. 25.
  • "Exposición internacional de pintura y escultura", Hermes : revista del País Vasco, n° 46-47. 1919. p. 323.
  • "Las Exposiciones Bienales de Bilbao", Arte vasco : revista mensual de la Asociación de Artistas Vascos, n° 4. 1920. p. 79. [ Ed. facs. en Hegalez Hegal, n° 2/3, mayo 1981].
  • Teixidor, Juan. "Notas para un inventario de la obra de Xavier Nogués", Anales y Boletín de los museos de arte de Barcelona, Vol. III-I. 1945. pp. 9-10.
  • Manterola, Ismael [coord.]; Onaindia, Mikel [coord.]. "Bilbao 1919 : la Exposición Internacional de Pintura y Escultura = Bilbao 1919 : Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketa [Recurso electrónico]", Boletin 11 = Bulletina 11. 2019. pp. 69, 105, il.
  • Plà, Jaume. Els gravats de Xavier Nogués. Barcelona, La Rosa Vera, 1960.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 178. (Con el título La verbena).
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 137-138, 144-145, n° cat. 56.