Eraztuna (Musua) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Eraztuna (Musua)

Durrio, Francisco

Valladolid, 1868/05/22-Paris, 1940/08/30

Urrea

1,7 x 2,6 x 2,6 cm

c. 1895-1896

00/6

Julia Viciola Eguiguren andrearen dohaintza 2000an

Durrio eskulturagilea, urregilea eta zeramikaria izan zen, eta zeresan handia eduki zuen Gauguinen eta haren zirkuluaren proposamen sintetisten zabalkundean. Izan ere, kolorearen tratamendu subjektiboa eta adierazkortasun handiagoa defendatzen zituzten, benetako munduaren irudikapen mimetikoaren aurrean. Bilbon --bere familia bertan finkatu zen artista jaio eta handik gutxira-- eta Madrilen ikasi zuen, 1889. urtean Parisen finkatu zen arren. Hiri horretara bidaiatzen zuten artista espainiar gehienak berarekin egon ziren harremanetan. Horra hor Iturrino, Zuloaga, Echevarría, Hugué eta Picasso, besteak beste. Gauguin miresten zuen, eta harreman profesional eta personal estua eduki zuen harekin. Harreman hori, hain zuzen ere, oso garrantzitsua izan zen bere lan artistikoaren ezaugarriak zehazteko orduan, modernismoko eta sinbolismoko osagaiak nahastu zituelako.

Urregile moduan, Durriok bere bitxiak 1904ko Parisko Udazkeneko Erakusketan aurkeztu zituen lehen aldiz, eta, batez ere, urrea eta zilarra erabili zituen, zenbait eratara leundu zituen arren. Belarriak, eraztunak, paparrekoak, orratzak eta idunekoak egin zituen. Batzuk zilarrean zizelkatuta zeuden, eta beste batzuek erdi-harribitxiak zituzten. Gainera, herentzia modernistako eta sinbolistako era guztietako apaingarriak irudikatu zituen bertan. [M.A.M.] [M.A.]

Bibliografia hautatuta

  • Francisco Durrio, 1868-1940 : sobre las huellas de Gauguin [Cat. exp.]. Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2013. p. 139, n° cat. 125.