Emakume baserritar bizkaitarra merkatuan - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Emakume baserritar bizkaitarra merkatuan

Lecuona y Echaniz, Antonio María

Tolosa (Gipuzkoa), 1831/01/17-Ondarroa (Bizkaia), 1907/09/26

Olioa mihisean

93 x 75 cm

Lecuona ((ezkerreko beheko angelua)ezkerreko behe-angelua

1871

69/146

1931n eskuratua

Lecuona 1850. urtean heldu zen Bilbora, Cosme Duñabeitiaren marrazki-klaseak jasotzeko. Hiru urte geroago, Madrileko San Fernandoko Akademian egin zuen matrikula, eta, 1857an, ikasketak amaitutakoan, Natur Zientzietako Museoko marrazkilari zientifikoa izateko oposizioak egin zituen. Hamasei izangaietatik, lehenengo geratu zen, eta, hurrengo bederatzi urteetan, landareak eta animaliak kopiatu zituen naturaletik, marrazketa zientifikoaren klasea zuzendu zuen eta erakundeko katedradunen bidaidea izan zen.

Bere lanak hala-moduzkoak zirenez, artista moduan garrantzi berezirik eduki ez zuen arren, euskal pintura kostunbristako aitzindarietakoa izan zen, bai eta Euskadiko hemeretzigarren mendeko irakaskuntza artistikoaren adibide nagusietakoa ere. Bere lehenengo lan kostunbristak 1860ko hamarkadaren hasieran egin zituen, Teniersen lanak ezagutu ondoren. Izan ere, sarritan kopiatu zituen Pradoko Museoan. Era berean, Antonio Trueba idazlearekin zeukan adiskidetasunak ere izan zuen eragina, bere margolanetako gaiak bat baitatoz idazlearen literaturarekin.

1866. urtean, Azpeitira (Gipuzkoa) joan zen; eta 1868an, Bilbora. Bertan, Ramón Elorriaga margolariak bere akademian trebatzen zituen ikasleen ardura hartu zuen. Akademia horretan, hain zuzen ere, eskualdeko artista garrantzitsu gehienek euren jarduera artistikoari ekin zioten, hurrengo hiru hamarkadetan. Maisuaren eragina gaien jarraipena izan zen, azkenean genero kostunbristan ezarri ziren zenbait ereduren sortzaile nagusia izan zelako: zirgak, Abrako itsaskilariak, erromeriak, mendian zeuden gizon baserritarrak edo merkatuan zeuden emakume baserritarrak. Erretratua oso garrantzitsua izan zen beretzat, eta, Juan de Barroetarekin batera, mendeko bigarren zatiko burgesia bilbotarraren erretratugile "ofiziala" izan zela esan daiteke. Generorako trebetasun egokiak zituenez eta bere pentsaera ideologikoa horrekin bat zetorrenez, 1874. urtean Karlos VII.a erregegaiaren ganbera-margolari izendatu zuten. Gai horietan espezializatu bazen ere, neurri handi edo txikiago batean Lecuonak XIX. mendeko ohiko gainerako generoak ere landu zituen; esate baterako, pintura erlijiosoa edo historiako pintura eta paisaia. Bere estiloari eutsita, kolore soileko eta marrazki nabariko lanak egin zituenez, kartoi-itxurako konposizioak sortu zituen nolabait.

Lecuonak hiru urte zeramatzan Bilbon finkatuta, bere lan onenetakoa margotu zuenean: Emakume baserritar bizkaitarra merkatuan. Plaza zaharrean, San Anton elizaren eta antzinako zubiaren aurrean, emakume baserritarrak bere produktuak jarri ditu salgai, merkatuan. Gaia aitzakia galanta izan zen beretzat, elikagaien, animalien eta lozazko zein metalezko ontzien natura hila garatzeko. Beraz, ageri-agerikoa da Espainiako Urrezko Mendeko pinturak aztarna sakona utzi zuela artistarengan, Pradoko Museoan emandako orduetan. (Mikel Lertxundi)

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 22, n° cat. 55. (Con el título Aldeana vizcaína en el mercado, y atribuido a Antonio Lecuona)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 67, n° cat. 146. (Con el título Aldeana vizcaína en el mercado, y atribuido a LECUONA Y ECHANIZ, Antonio María).
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 221-223, n° cat. 32.
  • Guía Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 20-21.
  • Gida Euskal Artistak. Bilbao, Bilboko Arte Eder Museoa, 2008. pp. 20-21.
  • Guide Basque Artists. Bilbao, Bilbao Fine Arts Museum, 2012. pp. 20-21, n° cat. 6a.
  • Fornells, Montserrat. Gipuzkoako pintore erromantikoak = Pintores románticos guipuzcoanos [Cat. exp.]. Donostia-San Sebastián, Kutxa Fundazioa = Fundación Kutxa, 2013. pp. 26-27, 115, 124.
  • Antonio María Lecuona, 1831-1907 : pionero del costumbrismo vasco [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 64-65, 94, il. 22, n° cat. 28.