Chiquilin / Artiach - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Chiquilin / Artiach

Ferrer i Espel, Emilio

Bartzelona, 1899-Bartzelona, 1970

Koloretako litografia paperean

99,1 x 68,5 cm

Emilio Ferrer (eskuineko beheko angelua)

1935

82/1935

1981ean eskuratua

Haur bihurriaren irudi hau, Charles Chaplin-ek 1922. urtean zuzendu zuen Mutikoa filman Jackie Coogan-ek interpretatutako pertsonaian oinarritua, Ferrer-ek sistematikoki erabili zuen hainbat proposamenetan. Izan ere, hogeita hamargarren hamarkadako lehen urteetan hainbat kartel egin zituen: Chiquilin, alimento de gran potencia, Chiquilin Artiach edo Del horno a la mesa Chiquilin, la galleta sabrosa y alimenticia. Haietan guztietan pertsonaia bera ageri da jarrera desberdinetan. Horrek garbi uzten du garai hartan oso ezagun egin zela ikonoa, eta baita produktua bera ere. Hala, Artiach enpresaren publizitate irudi izateko mailara iritsi zen Chiquilinen mutikoa obra honetan, eta horrenbestez, logikoa izango litzateke pentsatzea produktua iragarri zuten afixa haiek baino geroago egingo zela. Halaz ere, aipatutako proposamen horienetik hurbilago ezin egon planteamendua. Guztietan hondo lautik abiatzen da artista eta haren gainean jartzen ditu haurraren, kaxen eta markaren irudiak, kolore biziak eta kontrastatuak erabiliz. Ezaugarri berezi bakar gisa, aipatzekoa da bolumena eta halako sakontasun sentsazio bat ematen diola kartelari markaren letraren bidez, baina baliabide hori ez du erabili aipaturiko adibide horietan.

Artiach gaileten publizitatea hertsiki loturik egon zen Federico Ribas-en eta Emilio Ferrer-en sortze lanekin. Kartelak eta iragarki ugari egin zituzten biek, hogeigarren urteen amaieratik hasi eta berrogeita hamargarren urteak arteko argitaraldietan agertu zirenak. Hala ere, beste hedapen bide batzuetan ere biziki parte hartu zuen Emilio Ferrer-ek. Gerra ondoko hamarkadetan, Artiach gaileten eta O. E. S. T. E.ren argitalpenen sailean hainbat liburu argitaratu zituzten, honako hauek, esate baterako: Galletas Artiach al servicio del hogar, Recetas (1941), La excelencia de las recetas españolas (1945), Album infantil de Galletas Artiach (1950) edo Llega la cigüeña (1958). Monografia berezi horiek, Emilio Ferrer-ek ilustratuak, konbinazio buruduna izan ziren, inolaz ere, publizitatea eguneroko beste hainbat edukirekin nahasita, esate baterako, gozogintza eta sukaldaritza tradizionala, edo haurraren zaintza lanak. Hori guztia ikusita, garbi dago bere produktuak iragartzeko eta merkatuan zuen lekua finkatzeko era guztietako tresnak erabili zituela Artiach etxeak.

Charles Chaplin-en (1889-1977) Mutikoa filma 1922495eko abenduan estreinatu zen Espainian. Zinegintzako klasiko handi horrek merkatuan izan zuen arrakasta handia ikusita, izar nagusi gisa mutikoa hartu eta hainbat film egitera eraman zituen Sol Lesser (1890-1980) ekoizle estatubatuarra eta Jackie Coogan (1914-1984) haurrentzako filmak interpretatzen zituen aktorea. 1923ko film horien jatorrizko izenburuak, Circus days eta Daddy, Chiquilín, artista de circo eta La orfandad de Chiquilín gisa egokitu zituzten gaztelaniara. Egokitzapen bitxi horiek nahiz hogeigarren urteetako prentsan eta aldizkarietan atera ziren albiste batzuek argi uzten dute Espainian Chiquilin izenaz zela ezaguna Jackie Coogan. Bitxia bada ere, izengoiti hori baliatu zuten Artiach anaiek, eta bere produktu ezagunenetako baten marka bilakatu zuten enpresa ikuspegi handia erakutsiz.

Hogeigarren urteen amaierakoa da Chiquilin gaileten merkaturatzea. 1928. Urtekoak dira produktu hori aipatzen duten lehen publizitate erreferentziak, eta haietan esaten da produktu berria dela Artiach enpresak Bilboko lantegian fabrikatzen zuen produktu sorta handiaren barnean. Hasiera-hasieratik, gaileta marka honen izena eta irudia hertsiki loturik egon ziren Chaplin-en filmako mutikoarekin. Txanoa, arropa zabala eta saretu samarra edo galtzetako adabakiak izan ziren Coogan-ek interpretatutako pertsonaiak eta Chiquilinen ontzietako, publizitate iragarkietako eta karteleko mutikoek partekatu zituzten elementuetako batzuk.

Hogeigarren urteen amaieratik aurrera argitaratu ziren Chiquilinen iragarkietan ikus daitekeen bezala, marka hori kualitate eta onura oso zehatzekin loturik egon zen sortu zenetik. "Hazten laguntzen duen gaileta", "egun hastean Chiquilín gailetak", edo "hemen bitaminak ditugu" bezalako esloganek kalitate handiko produktuaren eta elikagai onaren irudia zabaldu nahi izan zuten. Publizitate kartelek, gehienetan, ez dute azalpen testu handirik izaten, eta horrenbestez, informazio idatzirik ez izatean, helarazi nahi den mezua nabarmenduko duen irudia jarri behar da haren lekuan. Hori dela-eta, haur bihurri eta bizien irudien bidez hartzen du forma ideien batze horrek.

Gaileta horiek haurrentzako bakarrik ez baziren ere, egia dena da mutikoa publizitate erakargarri gisa erabiltzea oso ohikoa izan zela bere kanpainetan, eta Emilio Ferrer-en kartel hau ez da salbuespena. Hala ere, esan beharra dago artista honen proposamenaren egiazko originaltasuna ez dagoela berez ikonografian, egikeran baizik; izan ere, kartel hau baino lehenagokoa da mutikoaren irudia Chaplin-en filmeko modeloari loturik, eta sortu zenetik agertu zen Chiquilin gaileten bilgarrietan eta potoetan. Ferrer-ek bere egin zituen jatorrizko ereduaren ezaugarrietako asko, eta marka pertsonal bezain modernoa eman zien. Izan ere, erraz ulertzeko moduko mezua ematen du kartel honek. Hala bada, bizitasuna edo dinamismoa ez dira bakarrik pertsonaiaren jarreran eta mugimenduan antzematen, baizik eta marrazkiaren bidez nabarmentzen dira, edo baita kolore ia lauak eta oso kontrastatuak erabiltzeagatik ere. Horri guztiari eransten badiogu lehen aipaturiko haurren munduaren eta gozokien arteko ideia lotura hori, kartel hauxe da emaitza, bertan bikain lortzen baita sinpatia printzipioa, publizistek hainbeste bilatzen zutena. (Mikel Bilbao, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 154, 157, n° cat. 64.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. "El cartel en el País Vasco en los años veinte y treinta, un acercamiento a través de los carteles impresos en Gráficas Laborde y Labayen de Tolosa", Modernos a pesar de todo. I simposio de historia del diseño. 2016. pp. 9-10, il.
  • 100 años del cartel español : publicidad comercial, 1875-1975 [Cat. exp.]. Madrid, Ayuntamiento ; Cámara de Comercio e Industria, 1985.
  • Artes gráficas : una introducción a la historia de la imprenta en el País Vasco [Cat. exp.]. Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia, Kultura Saila = Diputación Foral de Bizkaia, Departamento de Cultura, 1995.
  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 376-377, n° cat. 137.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. Euskal kartelak 1902-1971 Carteles vascos. Gernika, Euskal Herria Museoa, 2012. p. 37.