Bidelapurren eszena - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Bidelapurren eszena

Alenza, Leonardo

Madril, 1807/11/06-Madril, 1845/06/30

Olioa mihisean

23,5 x 19 cm

Aª (eskuineko beheko angelua)

c. 1844

69/1

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an

Baserri baten inguruko horma xume batzuen gibelaldean, zelaian, mando baten gainean doan nekazari gizagaixo bat eraso dute bidelapur batzuek. Lor dezaketen harrapakina oso txikia den arren, biktima babesteko aukerarik bat ere ez duen gizon adintsua den arren, lapurretako bat poltsa laborariaren alkandoran bilatzen ari den artean, beste biek, zakar, beren ganibetak erakusten dizkiote mehatxuka erresistentziarik jar ez dezan. Beste bidelapur bat, atzerago, ingurua zaintzen ari da bere lagunek lana lasai egin ahal izan dezaten; bitartean, etsiak hartuta, biktima geldi dago, lau gaizkinek beren lapurreta noiz amaituko zain.

Independentzia Gerraren amaieratik Guardia Zibila sortu zen arte -1844. urtean, gutxi gorabehera margolan hau egin zenean-, bidaiariak eta oinezkoak erasotzetik bizi ziren bidelapurrek eta gerrillari karlistek erabat baldintzatuta zegoen landa eremuko eta bideetako zein hiri inguruetako segurtasun egoera. Espainiako mito erromantikoa sortzeko garaian bidelapur horiek gizarte bidegabe baten emaitzatzat hartu zuenik izan bazen ere, txiroenei lapurtzen zizkieten ondasunak banatzeko gai zirela uste zuenik izan bazen ere, beste batzuek, esate baterako margolan honen egileak, kontrabandotik, lapurretetatik, bahiketetatik eta bortxaketetatik bizi zirenen alde ilunena erakusten zuten, gaizkile horiek, azken buruan, tokiko jauntxoen bidegabekeriak babesten baitzituzten eta, ordainetan, jauntxoek nolabaiteko babesa ematen baitzieten gaizkileei horiei beren azioak egiten zituztenean. Egia esan, lehenengoa izan zen irudi garailea, atzerriko bidaiarien gustukoena; izan ere, Isabelen garaiko Espainiako komunikabideak oso eskasak zirela argi eta garbi jakinarazi arren, bidelapur eta ohoin arriskutsuak nonahi ager zitezkeela ohartarazi arren, atzerriko bidaiariek, abentura gose agian, ez zioten bide horiek igarotzeko aukerari muzin egiten.

Artistaren ohiko akronimoetako bat du obra honek, nahiz eta margolanaren kalitatea ez den Bilboko bilduma berean dauzkan gainerako obren mailakoa. Hala eta guztiz ere, margolan honetan ez da erraz antzematen marrazketa zehatza, akademia kutsukoa, Goyaren Los Caprichos (Gutiziak) irudien zuzeneko herentzia, ez eta intonazio landua, betea eta aberatsa, Holandako tradiziotik edandakoa duen eta berea duen obraren bereizgarri nagusia. Lan mamitsua eta pintzelkada lurruntsuak erakustetik urrun (halaxe deskribatzen baititu Alenzak eszena horiek), honakoan oso azalekoa da lana, eta alderdi batzuk, esate baterako aurreko pertsonaien arropak, ez daude marrazketan prestakuntza handia zuen artista baten aldetik espero zitekeen xehetasun mailarekin deskribatuta. Hala eta guztiz ere, beste margolan batzuetan behin eta berriz errepikatzen dituen funtsezko formulei erreparatuz gero, zentzuzkoa da lana egile honi esleitzea. Izan ere, elkarren gainean jarritako kolore orban txikien bidez itxuratuta daude pertsonaien ezaugarriak, eta aurreko bi bidelapurren irudibildu konplexuak eta zehatzak ugari dira egile honen lanetan. Beste horrenbeste esan liteke zeruaz, hondoko paisaiako elementuez eta, bereziki, jazoera inguratzen duten horma xumeen eskemaz, egilea madrildarra dela berresten baitute horiek guztiek. (Carlos G. Navarro)

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 45, n° cat. 167. (Con el título Escena de bandidos, y atribuido a Leonardo Alenza)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 3, n° cat. 1. (Con el título Escena de bandidos, y atribuido a Leonardo Alenza Nieto)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 150-152, n° cat. 16.