Autorretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Autorretratua – 82/686

Bringas, Francisco

Mexiko City, 01/06/1827 - Bilbao, 15/10/1855

Luma-muturra paperean

25,5 x 16,5 cm

F Sr. B y B (Beheko erdiko erdialdean, bertikalean)

1852

82/686

1935an eskuratua

Bringas ustekabean jaio zen Mexikon, baina urtebete egin baino lehen, bere familia Bilbon finkatuta zegoen berriro. Bere aitak beste ikasketa batzuk egitea nahi zuen arren, Bringas gazteak artista izan nahi zuen ezeren gainetik. Bilbon, Pablo Bausacek 1840ko hamarkadaren erdialdean Pintura Museo ireki berrian (laster itxi zuten) ematen zituen klaseetara joan zen. 1848an, ordea, Madrileko San Fernandoko Arte Ederretako Akademian sartu zen, eta 1850. urtera arte egon zen bertan. Bere aitak arazo ekonomikoak zituenez, ikasketak bertan behera utzi eta Bilbora itzuli behar izan zen. Urte horretan bertan, La Pastelería sozietateko lokala apaindu zuen. Bera bertako kidea zen, gainera. 1852. urtean, gauza bera egin zuen Bilboko Elkarte Filarmonikoak Jardines kaleko solairu- arte batean antolatu zuen antzokian. Garai hartan, hiru urte geroago hilobira eraman zuen tuberkulosia diagnostikatu zioten.

Sevillako eta Madrileko eskola erromantikoek Bringasengan arrasto sakona utzi zutenez, inspirazio andaluziarreko eszena eta tipo herritarretarantz bideratu zuen bere lana, eta, kasu askotan, zezenen munduarekin zeukaten zerikusia. Postilioiak, maioralak, bandoleroak eta toreroak nagusi ziren bere lanetan. Dena dela, bertan, apurka-apurka, euskal eszenak ere izan ziren protagonista. Hori dela eta, kostunbrismoaren aitzindarietakoa izan zen bere lurraldean. Horrela, bada, 1850. urtean, Álbum Tauromáquico argitaratu zuen Juan Eustaquio Delmas litografoaren laguntzaz; eta 1853an, Trajes Bascongados izeneko estanpa-bilduma. Urte horietan, gogo biziz margotu zuen, harik eta 1854an aita hil zen arte, horren ondorioz familiaren egoera ekonomikoak txarrera egin zuelako eta karitatera jo behar izan zuelako bizirik iraun ahal izateko. Orduan, gaixotu egin zen, eta, 1855. urteko udan Eaux-Bonnes estazio termal frantsesean egon arren, hogeita zortzi urte zeuzkala hil zen.

Bere autorretratua lan bikaina da arlo artistikoari begira. Gainera, margolariari buruzko informazio ugari eskaintzen digu. Izan ere, dandy-itxuraz agertzen da, eta une batez bere zigarrotxo ketsuari eusten dion mahaiaren kontra dago jarrita. Badirudi bere begirada arakatzailea ikuslea aztertzen ari dela eta paperean nola irudikatuko duen hausnartzen ari dela, aldez aurretik horman esekita dauden pikatzailearekin eta zezenarekin egin duen bezala. Bere oinetan, gutuna, arkatza, krokis-karpeta, botila bat jerez, buru-hezurra eta Francisco de Quevedoren lanen liburua ageri dira. Elementu horiek guztiak Andaluzia maite zuen Bringas erromantikoaren gustuen eta zaletasunen adierazgarri dira. Margolanean, ageri-agerikoa da lerro frantsesa erraz erabiltzen duela eta maioralen zein postilioien ezaugarri bereizgarri den garbitasunaz trazatzen duela. Izan ere, bere jarrera dotoreak lotura zuzena dauka tipo herritar batzuetan irudikatu zuenarekin. (Mikel Lertxundi)

Bibliografia hautatuta

  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 172, n° cat. 16-a. (Con el título Autorretrato, y atribuido a Francisco Bringas)
  • Encina, Juan de la. Francisco Bringas. Durango, Museo de Arte e Historia, 1985. p.11.
  • Delmas : Bizkaia XIX. mendean imprimatzaile familia baten bitartez aztertuta: Euskal Arkeologia = Delmas: Vizcaya en el siglo XIX a través de una familia de impresores. Bilbao, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa =Museo Arqueológico, Etnográfico e Histórico Vasco, 1989. p. 72, n° cat. 5.2.1.
  • Zugaza Miranda, Miguel. Euskal margolariak Aurrezki Kutxen bildumetan I = Pintores vascos en las colecciones de las Cajas de Ahorros I. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa; Gipuzkoa Donostia Kutxa; y Vital Kutxa, 1993. p. 13.
  • La imagen del artista : retratos de artistas vascos entre dos siglos [Cat. exp.]. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa, 1993. p. 47.
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Maestros antiguos y modernos en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2001. p. 78.
  • Arriaga y Ribero, Emiliano de. La Pastelería : novela histórico-bilbainesca por un chimbo : la Bilbao de 1850. Bilbao, Muelle de Uribitarte, 2006. p. 46.
  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 70, 72-73, n° cat. 213.
  • Guía Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. p. 19.
  • Gida Euskal Artistak. Bilbao, Bilboko Arte Eder Museoa, 2008. p. 19.
  • Guide Basque Artists. Bilbao, Bilbao Fine Arts Museum, 2012. p. 19, n° cat. 5.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 382, 389, n° cat. 209.