Aurresku eliza aurrean - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Aurresku eliza aurrean

Arrue, José

Bilbao, 01/09/1885 - Laudio (Araba), 05/04/1977/04/05

Urkolorea paperean

49 x 65 cm

José ARRUE (eskuineko beheko angelua)

85/175

Francisca Urra González andrearen dohaintza 1985ean

Elizaren aurreko Aurresku hau izan liteke anaia Albertoren eta Ricardoren margolanekin eta bere lanekin batean Ricardok berak Argentinara eramandako Zaharren Aurreskua, 1922an Buenos Airesko Müller Erakustazokan izan zena. Saldu ez zenez, izan liteke izenburu horrekin berarekin 1928. urtean, gure artista Argentinan bidaiatzen ari zen bitartean, Donostiako Kasino Handian egin zen Euskal Artisten Erakusketan aurkeztutakoa.

Ikuspegi plastiko batetik, paisaiako eremu argiak eta ilunak lantzeko hurrenez hurren erabilitako kolore berdeen eta moreen arteko jokoak nabarmentzen du margolan hau. Hondoko zuhaitz enborren kolore urdin moreak alegiazko itxura ematen dio basoari. Zuhaitz adaburuetan agerian daude marrazkia eta papera, margotu gabe utzi zituen egileak, margolanari nolabait ere amaitu gabeko itxura emanez. Kolore sorta horien gainean tonalitate osagarrien erabilera nabari da, esate baterako baselizako okreak eta laranjak, jantzi batzuenak eta lehen planoan ageri diren elementu batzuenak, ogiarena esaterako. Kolore lautan aplikatu da gouachea, teknika horri dagokion bezala, baina baita akuarela gisa ere, hau da, tinta gardenetan. Enborretako zuraren eta eliz atariko habeen ehundura kolorearen gainean grafitoarekin egindako trazuekin landu da, efektu grafiko interesgarri bat eskaintzeko. Itzalgune batzuk modu bertsuan daude sendotuta, esate baterako, konposizioaren ezker ertzeko pertsonaiaren kapan, apaizaren jantzian, ogian eta kapela sortan eta konposizioaren lehen planoan bizkarra ematen ari den baserritar eseriaren txalekoan. Baserritar horren aurpegia ia miniaturan landua da.

Euskal dantza guztietan dotoreena eta ederrena da Aurresku; gizonek, gizonak baitira dantzari guztiak, omenaldia egiten diete emakumeei, edo limurtzen saiatzen dira, eta emakumeak ikusle bihurtzen dira. Margolan honetan, hainbat jauzi egin ostean eta txapela erantzita duela, dantzariak emakumearen aurrean azken jauzia egiten duen unea (bi hankak airean dituela) islatzen da. Emakumeak, hemen gona gorriarekin jantzita, eskuan dantzariaren txapela duela, taldeko beste dantzari batzuk ditu alboetan, tradizioak agintzen duen moduan. Txistuaren eta danbolinaren doinuei jarraiki gertatzen da dantza, baseliza baten aurrean, agintariak, ezkerretara, eta apaiza, hondoan, bertan direla. Gibelaldean platanondo sail bat, moztu ondoren geratzen diren motzondoak tartean; zaharrak paseatzen ari dira zuhaitzen gerizpean. Lehen planoan, kapelak, saskiak bete janari, pitxer bat eta eszenari begira dagoen sagu txakur zuri bat. Eszena horretan, artistaren ironia agerian, zaharrek hartzen dute gazteen lekua. (José Luis Merino Gorospe)

Bibliografia hautatuta

  • Mur Pastor, Pilar. La Asociación de Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahoros Vizcaína, 1985. p. 21. (Con el título Romería y atribuido a José Arrue)
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 216-217, n° cat. 88.