Aste Santuko monumentu proiektua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Aste Santuko monumentu proiektua

Guinea, Anselmo

Bilbao, 1855/05/18-Bilbao, 1906/06/10

Luma-muturreko tinta

43,5 x 26,2 cm

c. 1884

07/402

Michel Mejuto Alonso jaunaren dohaintza 2007an

Zaila da esatea marrazki honen egiazko asmoa zein den. Nolanahi ere, bertan jasota dauden elementuei eta duen konposizioari erreparatze badiegu, Aste Santuko monumentu bat egiteko proiektu gisa interpreta liteke. Euskal Herrian XIX. mendean era horretako egitura eszenografikoak diseinatu zituzten zenbait artistak, Ostegun Santuan elizetan jartzeko. Haien konposizioan batik bat margolariek hartzen zuten parte, baina kasu batzuetan arkitektoekin edo eskultoreekin elkarlanean aritu ziren konplexutasun handiagoko obra sortu ahal izateko. Anselmo Guinea izena erantsi behar zaie Eugenio Azcue, Pablo Landesa, Ignacio Díaz Olano edo Blas Lumbreras bezalako izenei; haiexek izan baitziren monumentu horien egileetako batzuk mendearen bigarren erdialdean.

Hain zuzen ere, 1884. urtean Bilbon egin zuen egonaldi batean, Barakaldoko parrokiarako monumentu bat margotzeko enkargua jaso zuen Guineak, eta hura bukatua utzi zuen udazkenean Erromara itzuli aurretik. Aurreko hamarkadaren amaieratik tenpluan egiten ari ziren hobekuntza lan batzuen barnean zegoen enkargu hura, eta Guineak jada haietan parte hartua zuen 1881. urtean San Bizente Martiria pinturarekin, Vicente Larrearen obra den erretaula nagusi dotorean jartzeko.

Baina, obra ez denez kontserbatu eta haren deskribapen xeherik ez dagoenez izango zuen itxuraren ideia bat egiteko, ezin dugu baieztatu haren proiektuaren aurrean gaudela. Hala ere, Guineak obrari ematen dion zentzu eszenografikoa eta duen ikonografia guztiz bat datoz Aste Santuan zehar aldare gisa erabiltzen zituzten eta Ostia Sakratuak babesten zituzten monumentuekin. Guinearen proposamenean, bi soldatu eta bi apostolu ageri dira harmailaren sarreran albo banatan, eta harmailaren goiko muturrean tenplete bat, barruan Ostia Sakratua duena; haren aurrean hainbat aingeru belauniko. (Mikel Lertxundi)

Bibliografia hautatuta

  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 180-183, n° cat. 251.