Artemis atsedenean - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Artemis atsedenean

Anonimoa, II-I. mendeak, K.a.

Brontzea

6,55 x 3,63 x 1,40 cm

82/876

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, zutik. Hanketatik abiaburuak baizik ez dira kontserbatu, tunikaren azpitik ageri dira, baina itxura guztien arabera zuzen eta paraleloan egokituta izango zituen. Lepo angeluduneko eta toles bertikal handiko peplo batez jantzita dago, gerrialdean du bilduta. Ezkerreko besoa arkuaren forman du kanporantz eramana eskua aldakan jartzeko, eta eskuinekoa soinetik bereizita du, bururantz tolestuta du ukabila, eta bertan lantzari edo arkuari eusteko hutsunea du. Ongi asko hauteman daitekeenez, haustura bat dago besaurrean, aspaldian konpondu zuten bi piezak soldatuta, baina eskua ez zuten behar bezala jarri, eutsi beharreko luzera ertaineko edozein objektuk emakumearen burua zeharkatuko bailuke eskua jatorrian egokiera horretan egonez gero. Ukabila jatorrizko egokieran jarri beharra dago, lokiari begira, eutsi beharreko arma maila horizontalean geratzeko. Lepo luze eta mehearen gainean dago burua. Hazpegiak erregularrak dira, proportzio egokian daude irudikatuta, keinua adierazkorra da, ahoa erdi irekita eta begirada bizia aurrerantz. Konkorra da burezurraren gainaldea, eta goitik era erradialean banatzen den orrazkerak estaltzen du.

Artemis lantza jaurtitzen ikonografia mota ezaguna da erromatarren garaiko brontzezko pieza batzuetan, esate baterako, antzeko ikonografia dute Basileako bilduma pribatu bateko pieza batek eta Frantziako Liburutegi Nazionalean kontserbatzen den beste batek, azken hori mugimendu handiagoa irudikatzeko moduan landua. Brontzearen irudi orokorra eta bereziki aurpegiaren konfigurazioa estu lotuta daude bildumako italiar jatorriko beste pieza batzuenekin, eta beraz, betiere kontuan izanik antzeko irudi gutxi daudela, baliteke pieza honen jatorria Italiako aztarnategi batean egotea.

Nemiko Diana Nemorensis santutegian aurkitutako botozko irudien artean bada ezkerreko besoa jarrera berean duen eta oso antzeko arropak dituen beste irudi bat. gainera goratuta du eskuineko besoa, lantza bati eusteko jarreran, eta halaxe beharko luke baita gure irudiak ere, oker zaharberritu izan ez balute. Nottinghameko gazteluan dago Nemiko Diana, lord Savillek 1885ean leku hartan aurkitu zituen beste pieza batzuekin batean, izan ere Despuig kardinalak 1787 eta 1792 bitartean bideratu zituen lanei berriz ere heldu zien Savillek aipatu santutegian. Hortaz, oso litekeena da Despuigi bere bildumaren zatirik handiena eskaini zioten indusketa lan haietan aurkitu izana brontze hau.

Nemiko alean Dianaren irudi berezia hautematen dugu. Irudi hori estu lotuta dago antzinako Italian garrantzi handia zuen botozko irudi batekin, elezaharren arabera Orestesen bidez iritsi zena, Orestes Nemiraino iritsi baitzen arreba Ifigeniarekin batera Tauroko (Krimeako penintsula) erregea hil ondoren eta Artemisen irudia lapurtu ostean, Tauron kultu odoltsua egiten baitzioten Artemisari haren izenean akabatzen zituztenean harrapatutako atzerritarrak. Nemi aintziraren ondoan, baso sakratu batean, eraiki zuten Artemisaren tenplua (Vitruviok etruriar estilokoa zela esan zuen), eta han aurkikuntza asko eta asko egin dira, horien artean hain zuzen ere Taramona-Basabe bilduma osatzen duten botozko irudien oso antzekoak diren beste irudi batzuk. Artemis honen aurpegiaren adierazkortasuna eta irudian nabari den estilizazioa hauteman ditzakegu Despuig bildumako beste pieza batzuetan (esate baterako 60, 66, 71 eta 79. zenbakikoetan); pieza horien ezaugarriak bat datoz Diana Nemorensis santutegiko botozko irudienekin, eta beraz, aukera handiak daude aztergai dauzkagun brontze hauen jatorria leku hartan egoteko. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 131-134, n° 10.