Amazona - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Amazona

Monticelli, Adolphe

Marseilla (Frantzia), 1824/10/16-Marseilla (Frantzia), 1886/06/29

Olioa oholean

42,9 x 56,8 cm

Monticelli ((ezkerreko beheko angelua)ezkerreko behe-angelua

c. 1860-1870

69/178

1926an eskuratua

Bilbon 1919. urtean egin zen Nazioarteko I. Pintura eta Eskultura Erakusketan erakutsi zen obra hau. Erakusketa hartan, arte adierazpen aurreratuenekin loturiko obra ugari erakutsi ziren hirian salbuespen gisa. Haien artean zeuden Paul Gauguin-en (1848-1903) eta Vincent Van Gogh-en (1853-1890) obrak, geroago arte modernoaren historiako bi irudi paradigmatikoenak izan zirenak. Francisco Durrio eskultorea izan zen (1868-1940), ia hiru hamarkada lehenagotik Parisen bizi zena, garai haietan lehen mailako arte hiriburutzat hartua, bi izen horiek Bilbon egoteko aukera eman zuena, eta gainera Adolphe Monticelli ere erantsi zien horiei.

Hala bada, Durriok margolari marseillarraren bi obra utzi zituen erakusketarako, bere bilduma pertsonalekoak. Bere bildumakoak ziren, besteak beste, Van Gogh-en bi koadro eta orduan erakutsi ziren Gauguin-en pintura gehienak. Monticelli-ren obrei dagokienean, Janzki horia izenarekin erakutsi zen bat (olio pintura, 36 x 31 cm), baina gaur egun ez dakigu non dagoen; bestea, hain zuzen, Amazona hauxe izan zen, Durriok 1926. urtean saldu ziona Bilboko Arte Ederren Museoari. Bereziki bitxia da Durriok Monticelli-ren obrarekiko erakutsi zuen interesa, batik bat kontuan izanik izugarri miresten zuen bere lagun eta mentore Paul Gaughin-ek inoiz ez zuela askorik estimatu "eszena galaien" margolari ospetsu hura. Izan ere, badakigu Gauguin izugarri haserretu zuela, Arles-en egon zen bitartean, Vincent van Gogh-ek Marseillako margolariarekiko erakutsi zuen fanatismoak, eta dirudienez, "negar ere egiten omen zuen Monticelli-rengan pentsatzen zuenean".

Nolanahi ere, 1886. urtean Parisera iritsi zenean, marseillarraren pinturak izugarri erakarri zuen Van Gogh eta, bere korrespondentzian adierazi zuen bezala --bereziki Theo anaiarekin, Arles-en egon zen bitartean- gehiegi obsesionatu ere egin zuen. Bere gutunetan argi utzi zuen Monticelli-ren askatasun plastikoarekiko eta adierazgarriarekiko ulermena, eta arte merkatuetan haren obren bila ibili zen etenik gabe, bere bilduma pertsonala osatzeko, eta azkenean, haietako sei bildu zituen. Ikuspegi artistikotik begiratuta, Van Gogh ahalegindu zen plastikoki Monticelli berdintzen, eta sarritan bere obrak harenekin alderatzera eraman zuen horrek, eta gainera, enpatia handia erakutsi zuen haren bizi esperientziekiko. Halatan, hauxe idatzi zuen: "(...) gero, nire kasuan eta beste batzuenean ere, lasaitzen eta dibertitzen duen bakarra da kopako eder bat hartuz edo asko erreaz burtzoratzea. Ez dago zalantzarik hori ez dela bertutezkoa, baina Monticelli-rengana hurbiltzeko da. (...) Monticelli-k, kolorista logikoa izaki, kolore sortekin loturik (berak orekatzen zituenak) kalkulu adarkatuenei eta zatituenei jarraitzeko gai zenak, segur aski bere burua gainkargatu egingo zuen lan honekin, Delacroix-ek eta Ricardo Wagner-rek bezalaxe.

Van Gogh-ek zion mirespen horren barnean, azpimarratzekoa da Monticelli-ren obrek erakusten zuten kolore sorta biziekiko debozio handiegia. Esate baterako, izugarri gustatzen zitzaizkion haren horiak (hori laranjaxka, limoia, kromoa, Napolikoa, ...), Ilunabarrean parkean paseatzen bezalako obretan agertzen zirenak (Musée d'Orsay, Paris). Horren harira, ikuspegi kromatikotik begiratuta, Van Gogh-ek goraipatu zituen obren adibide bikaina da Museoko taula, Moticelli-ren obra nagusietako bat izateaz gainera, ikuspegi tematiko eta plastikotik begiratzen badiogu. Hala, egileak behin eta berriro errepikatzen zituen eszena galai haien adibidea da Amazona obra. Alegiazko paraje batean egokitzen da, eta bertan, "hainbat damak, dotore asko jantziak, beren paseoa eten egiten dute iristen ari den bikote batekin hitz egiteko, zaldi zuri baten gainean emakumea eta zaldi beltzean gizona. Koadroaren eskuinaldean, erbi txakur lirain bat". Bestalde, Antoine Watteau-k (1648-1721) Rokoko frantsesaren garaian egindako irudikapenekin loturik dago eszenaratzea, haren eragina, egileak berak ere onartu zuena, nabarmena baita obra kopuru handi batean, Serenata parkean (Musée du Louvre, Paris) lanean, esate baterako. Bestalde, trinko enpastaturiko pintzelkadak, kartsuki eginak, espresionismo handia ematen dio taulari.

Gerora, arte korronteetako batzuek arreta berezia eskaini zioten alderdietako bat izan ziren oretsutasun hori eta kolore sortaren intentsitate hori. Era berean, kualitate horiek berak, eszenaratzeen itxurazko lirismoarekin batera, ulertezinak izan ziren kritiko eta artista askorentzat, garai hartakoentzat ez ezik, baita gaur egungoentzat ere. Hala ere, ez dugu ahantzi behar Van Gogh-ek hauxe iragarri zuela "iritsiko da nik marraztutako irudi ederrak oso arte handitzat hartuko diren eguna". (Javier Novo)

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 24, n° cat. 64. (Con el título Damas y jinetes, y atribuido a Adolphe Monticelli)
  • Manterola, Ismael [coord.]; Onaindia, Mikel [coord.]. "Bilbao 1919 : la Exposición Internacional de Pintura y Escultura = Bilbao 1919 : Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketa [Recurso electrónico]", Boletin 11 = Bulletina 11. 2019. p. 55.
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 81, n° cat. 178. (Con el título Damas en un parque, y atribuido a Adolphe Joseph Thomas Monticelli)
  • Alazuen, André M. ; Ripert, Pierre. Monticelli : sa vie et son oeuvre. Paris, Bibliothèque des Arts, 1969.
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Maestros antiguos y modernos en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2001. p. 77.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 199-201, n° cat. 27. (Con el título Amazona, y atribuido a Adolphe Monticelli)
  • Francisco Durrio, 1868-1940 : sobre las huellas de Gauguin [Cat. exp.]. Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2013. p. 70, n° cat. 22.
  • Amezaga Massalleras, María. Paco Durrio : viviendo París. Bilbao, Muelle de Uribitarte, 2013. p. 129.