Amada Esturoren erretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Amada Esturoren erretratua

Guinea, Anselmo

Bilbao, 18/05/1855 - Bilbao, 10/06/1906

Olioa mihisean

105,2 x 67,8 cm

A. Guinea (eskuineko beheko angelua)

1893

02/150

Yolanda eta Patricia Zugaza Alcelay andreen dohaintza 2002an

Hemeretzigarren mendeko euskal pinturako hoberenen artean daude Guineak 1890. hamarkadako hasierako urte haietan margotutako erretratuak. Emakumezkoenak nabarmentzen dira, arreta berezia jarri baitzuen haiek egiterakoan, eta batik bat, baliabide plastiko eta konposizio eskema berritzaileak erabili zituelako. Formula horietako batzuk hainbat alditan errepikatu zituen, irudiak inguru natural batean dotore asko eseriak jartzen zituenean, esate baterako edo paisaia argitsu batera gorde antzean ateratzeko aukera ematen zuten errezelen aurrean itxuratzen zituenean.

Argi kontra ageri da garai hartan hogei bat urte izango zituen Amada gaztea, leihoari bizkarra emanda, eta leihoaren zati bat errezel batek estalia. Leihotik lorategi mardul bat ikus daiteke erdizka. Atzeko baotik nahiz esparrutik kanpo, konposizioaren ezkerraldean, dagoen beste foku batetik -beste leiho bat agian- dator argia. Argitasun sentsazioa areagotu egiten da jantzita daraman soineko zuri-zuriari esker, eta horma urdinak islatzen dira hartan. Guineak marrazteko gaitasun izugarria duela erakusten du irudia egitean, bikaina eskuen egokiera dotorean. Inpresionismotik hurbil egon arren, irudiak definitzeko orduan ez zuen alde batera utzi itxitura lerroaren baliabide akademikoa, askotan burua argi koroa fin urdinxka gisa inguratzen duena -kontra argiaren efektua-. Bestalde, hamarkada hartatik aurrera ohiko bilakatuko zen planoen arteko bereizketa teknikoari beti leial, erretratuan pintzelkada zehatza erabili zuen, berezkotasun handiagoa hartzen duena kanpoko basoa irudikatzean. (Mikel Lertxundi)

Bibliografia hautatuta

  • Arenaza Urrutia, José María. Anselmo Guinea, 1854-1906 : un pintor para la modernidad. Bilbao, Fundación BBK Fundazioa, 2006. p. 151.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 393-395, n° cat. 80. (Con el título Retrato de Amada Esturo, viuda de Serafín Martínez de las Rivas)
  • Anselmo Guinea, 1855-1906 : los orígenes de la modernidad en la pintura vasca [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. pp. 172-174, n° cat. 46.