Ama Birjina Haurrarekin eta erretratuak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Ama Birjina Haurrarekin eta erretratuak

Bocanegra, Pedro Atanasio

Granada, 12/05/1638 - Granada, 17/04/1689

Olioa mihisean

146,5 x 135,5 cm

02/151

Blanca, Begoña eta Aranzazu Alzola de la Sota andreen dohaintza 2002an

Ama Birjina Haurrarekin eta santuak lanak gorago aipatutako ezaugarri asko eta asko dauzka. Izan ere, margolariaren lan eredugarria da, eta nolabaiteko originaltasuna erakusten du, narrazio piktorikoa garatzeko orduan. Bocanegraren lan gehienetan gertatzen den bezala, Alonso Cano margolanaren oinarrizko erreferentzia da, Ama Birjinak eta umeak osatutako taldea (nagusi da gainazal piktorikoan) bat baitator Canoren ikonografiari buruzko hausnarketa pertsonalaren ondorioz sortutako tipologiarekin. Hain zuzen ere, Granadako Curia Eclesiásticaren Belengo Ama Birjina oinarrizko aurrekaria omen da. Maria Jainkoaren tronua da, semearekiko elkarreragina nabarmena bada ere; eta behe-perspektibatik irudikatuta dagoenez, monumentaltasuna nabaritu egiten da erabat. Bocanegrak sarritan erabili zuen irudi hori, Colomera Parrokiako (Granada), Ama Birjina Haurrarekin lanean, esate baterako. Hala ere, Bilboko margolana eta beste antzeko batzuk ulertzeko, oso kontuan hartu behar da Canok Malagako Katedralerako egindako Arrosarioko Ama Birjina. Izan ere, Maria goiko aldean dago, Umea du besoetan eta behera begira dago. Hori dela eta, beheko aldean dauden santuekiko komunikazioa ezartzen da, aingeruek arrosarioa ematen dieten bitartean. Canoren lan-ibilbidearen azken zatiko margolan garrantzitsuenetakoa da, eta, seguruenik, Bocanegrak ezagutu egiten zuen, oso-oso antzekoa den margolana egin omen baitzuen Granadako Katedralerako. Eredu horietan oinarrituta, margolariak bere tipologia sortu zuen, eta aurpegian erabilitako ezaugarriak oso bereizgarriak ziren. Horrela, bada, Ama Birjinaren aurpegia estutu egin zuen, begien zabalerari eutsi zion, sudurra zorroztu zuen, ahoa txikitu zuen eta are gehiago hanpatu zuen gorputza. Era berean, Jesus Umearen ereduetan ere aldaketak egin zituenez, gai hori jorratzen zuten margolan askok eta askok ezaugarri bereizgarriak zeuzkaten.

Bilboko margolanak argi eta garbi adierazten du nola bilakatu ziren Canoren ereduetan oinarrituta Bocanegrak sortutako ereduak, baina, horrez gain, margolariaren trebetasunen adibide paregabea da eta bere lan onenen mailan dago. Gorriaren tonuen nahaste egokian, esate baterako, egiaztatu egiten da maisutasun bikaina zeukala koloreak erabiltzeko orduan. Izan ere, konposizio osoa antolatzen duen faktorea da, alboko gortina handien eta Ama Birjinaren soinekoaren bitartez, batik bat. Era berean, formen eta argiak koloreetan sortutako aldaketen bidez bolumenak eratzeko moduan ere egiaztatzen da. Aldi berean, ordea, Mariaren gorputzaren tamaina zertxobait desitxuratuta badago ere (gauza bera gertatzen da artistaren beste lan batzuetan), margolan neurritsua bezain orekatua da konposizioaren ikuspegitik, eta margolariak arreta handiz egin bide du, marrazkiaren zentzua nabarmena baita eta xehetasunetarako borondatea handia baita. Horren ondorioz, zehatz-mehatz azaltzen ditu pertsonaiak, jantzien osagaiak eta ehundurak.

Gero ikusiko dugunez, ikuspuntu tipologikoaren arabera pinturak Ama Birjinen eta dohaintza-emaileen tradizioari eusten badio ere, narrazio piktorikoari aurre egiteko modua oso ezohikoa da. Oso azalera txikian (146,5 x 135,5 cm) errealitate-maila desberdinetako pertsonaien taldea sartzeko, margolariak talde erlijiosoa isolatu zuen erretratuetatik, bi errealitateak banatzen zituen gortina bikoitzaren bitartez. Hori dela eta, oso eremu anbiguoa sortu zuen, eta ideia bikoitza jarri zuen jokoan: Ama Birjinaren eta Umearen agerpena birtuala zen (halakoak iradokitzeko, ez zen ohikoa gortinak erabiltzea) edo talde hori «margolanaren barruan zegoen margolana» zen benetan, garai hartan ez baitziren bitxiak gortinen bidez babestutako pinturak, sasoi hartako inbentarioak kontuan hartuz gero.

Antzeko kezkak sortzen ditu umeen begiespenak. Muturretakoak neskak omen dira, euren soinekoak zelakoak diren eta belarritakoak dituztela kontuan hartzen badugu. Eskuinean dagoen neskak ile motz-motza dauka, eta, beharbada, gaixotasunen baten ondorioa izan daiteke. Hori dela eta, margolan osoa zin-hitzezkoa izan liteke. Erdikoa, ordea, mutila da, bere kasaka kontuan hartuta. Bere ilearen luzera garai hartako modaren araberakoa da. Dena den, adin eta sexu zehatzeko hiru pertsona desberdin irudikatu nahi izan baditu ere eta benetako beste hainbeste umeren adierazgarri badira ere, batere indibidualizatuta ez dauden ezaugarriak dituzte, eta, bitxia bada ere, Ama Birjinaren ezaugarrien antzekoak dira. (Javier Portús)

Bibliografia hautatuta

  • El retrato español : del Greco a Picasso [Cat. exp.]. Madrid, Museo Nacional del Prado, 2004. p.180. (con el título 'La Virgen con el Niño')
  • Portús, Javier. "Ama Birjina Haurrarekin eta erretratuak : Pedro Atanasio Bocanegra, bere sormenaren testuingurua = Virgen con el Niño y retratos : Pedro Atanasio Bocanegra, su contexto creativo = Virgin and Child and portraits : Pedro Atanasio Bocanegra, the creative contex", B'05 : Buletina = Boletín = Bulletin, n° 1. 2006. pp. 43-66.
  • Antigüedad y excelencias [Cat. exp.]. Sevilla, Junta de Andalucía, Consejería de Cultura, 2007. pp. 210-211.
  • González Rodríguez, Pedro Javier. "Sobre el cuadro, atribuido a Pedro A. Bocanegra, de la ”Virgen y el niño con santos” conservado en el Santo Hospital de Caridad de Ferrol", Estudios Mindonienses, n° 33. 218-219. pp. 300, 313, il.