Berriak
16-12-19
Norman Fosterrek Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua aurkeztu du
Norman Fosterrek Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektuaren erredakzioaren aurrerapena aurkeztu du gaur goizean museoan. Bere hitzaldian, Fosterrek pinakotekako obrarik enblematikoenetako bat aipatu du –Aurelio Artetaren Burtzeñako zubia–, eta adierazi du metafora bat dela, zeinak iraganaren ulermenean kokatzen baitu etorkizuna eraiki ahal izateko zubi garrantzitsuenetako bat.
Aurkezpeneko ekitaldian izan dira Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun nagusi eta museoko Patronatuaren lehendakaria; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburua; Juan Mari Aburto, Bilboko Udaleko alkatea; eta beste zenbait ordezkari, Patronatukoak, handitze lanen arkitektura lehiaketako epaimahaikoak eta museoaren Programa Korporatibokoak.
Arkitektura esku-hartze honen xehetasunak 2018ko abenduaren 11n finkatu ziren, 2019-2022 Plan Estrategikoan. Patronatuak onetsitako plan haren helburuak ziren erakundea modernizatzea eta fisikoki handitzea. Eta, ikuspegi estrategiko berri horren baitan, museoaren espazio operatiboa 8.000 m2 ingururaino handitzea da jarduera handinahiena; 18.658.200 €-ko aurrekontua dute handitze lanek, eta 45 hilabeteko epean bukatuta egongo dira.
Lehen urratsa arkitektura lehiaketa antolatzea izan zen. Museoaren Ohorezko Patronoa den BBK-k finantzatu zuen lehiaketa, eta otsailaren 11n egin zen lehiaketaren deialdia. Lehenengo fasean 57 talde onartu ziren, eta apirilaren 8an sei finalistak zein izango ziren jakinarazi zuen epaimahaiak. Azkenik, uztailaren 23an, lehiaketaren ebazpena iragarri zen: Foster+Partners + LM Uriarte Arkitekturak aurkeztutako “Agravitas” proiektua izan zen irabazlea. Proiektu hura eta gainerako finalistak jendaurrean egon ziren ikusgai uztailaren 29tik urriaren 6ra.
Proiektuaren ardatza da 1945eko eraikinak garai bateko protagonismoa berreskuratzea; horretarako, jatorrizko sarrera berrezarriko dute. Gaur egungo instalazioak oinarri harturik, dimentsio berdingabeko espazio bat proiektatu dute, errespetuz kokatuko dena 1945eko eta 1970eko eraikinen gainean; museoak galeria berriak izango ditu solairu bakar diafano eta malgu batean. Esku-hartze berri horren bidez, gainera, Arriagaren monumentuaren plaza bihurtuko da museoaren bizkarrezurraren muina.
Epaimahaiak honela laburtu zituen proiektuaren indarguneak bere ebazpenean: “Teknologikoa du itxura; humanistikoa, ikuspegia; eta ekologikoa, iraunkortasuna. Eta, arkitektura kalitatea, sentiberatasun urbanoa eta gizarte erantzukizuna uztartuta, Bilboko bihotz historikoan mugarri argitsu arin bat altxatzea proposatzen du”.
Bestalde, Unai Rementeriak museoaren funtzionalitatean eta ikusgarritasunean egingo diren hobekuntza nabarmenak azpimarratu ditu. Izan ere, hobekuntza horiei esker, bolumen bakar batean bilduko da beharren plana, bai eta bisitariekiko begirunea eta herritarren zerbitzura dagoen proiektu baten ingurumen-sentsibilitate handia ere.
Patrocina: BBK