Berriak
09-03-23
Nafarroako Unibertsitatea Museoak 2019an Botín Zentroak, Chillida Lekuk eta gure museoak sinatutako lankidetza-hitzarmenarekin bat egin du
Nafarroako Unibertsitatea Museoak (Iruñea) 2019an Botín Zentroak (Santander), Chillida Lekuk (Hernani, Gipuzkoa) eta gure museoak sinatutako lankidetza-hitzarmenarekin bat egin du, kultura-gune horietako proposamenak jendeari hurbilarazteko eta bisitaldiak zein partaidetza sustatzeko. Horretarako, hitzarmenaren bidez, hobaria ezartzen da sarrera orokorrean nahiz kasuan kasuko Lagunen taldeetan, besteak beste.
Nafarroako Unibertsitatea Museoa 2015ean ireki zen zentro akademiko horretako campusaren erdi-erdian, eta arte zein sorkuntza artistiko garaikideekin topo egiteko lekua da. Erakusketa-aretoak eta antzokia gizarte osoaren zerbitzura jarritako sorkuntzarako, ikerketarako, irakaskuntzarako eta zabalkunderako proiektuaren garapenaren sustatzaileak dira. Bere bildumaren eta era bateko zein besteko diziplina artistikoen arteko elkarrizketaren inguruan egituratzen da proiektua.
Botín Zentroa Botín Fundazioak bere historia osoan egin duen proiektu garrantzitsuena da. Arte-zentroa (nazioarteko erreferentziaduna) Santanderren dago kokatuta, ikuspegi berritzailea eskaini nahi dio artearen munduari eta, arteen bitartez, jende guztiaren sormena suspertzea du xede sozial, garapen eta aberastasun ekonomiko, kultural eta soziala sortzeko.
Duela bi hamarkadatatik baino gehiagotik, Chillida Leku euskal artista nazioartekoenetakoaren oroimen biziaren adierazgarri da. Bere jardueraren bidez, aliantzak eta lankidetzapeko proiektuak sortu nahi ditu, Eduardo Chillidaren legatu artistikoa zabaltzen laguntzeko eta, erakusketaren, hezkuntzaren eta kulturaren arloko kalitateko programazioaren bitartez, eskulturagilearen artista garaikide eta adinkideekin elkarrizketa aberasgarria ezartzeko.
Arte Ederren Bilboko Museoa Norman Fosterrek eta Luis Mari Uriartek proiektatutako zabalkuntza erabakigarria egiten ari da uneotan, eta ehun urtetik gorako erakundearen eraldaketaren sustatzailea izango da, bere historia eta lurraldeko sare artistiko zein kulturalean egin duen ekarpena berresteko orduan.
Honako hauexek egon dira sinaduran: Jaime García del Barrio, Nafarroako Unibertsitatea Museoaren zuzendaria; Íñigo Sáenz de Miera, Botín Fundazioaren zuzendaria; Mireia Massagué, Chillida Lekuko zuzendaria; eta Miguel Zugaza, Arte Ederren Bilboko Museoaren zuzendaria.