Berriak
12-05-14
Museoen Nazioarteko Eguna
Igandean, maiatzaren 18an, Museoaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Bilboko Arte Ederren Museoak doako sarrera eskainiko die bisitari guztiei asteburuan, eta, horretaz gain, aukera eskainiko die Markus Lüpertz. 1963–2013 atzera begirako handia ikusteko –maiatzaren 19an, astelehenean, itxiko da–, gidariek lagunduta. Izan ere, gidariek margolari eta eskultore garaikide garrantzitsu honen lanaren gakoak ezagutaraziko dituzte, espresionismo abstraktuan emandako lehen urratsetatik hasi eta giza gorputzean eta paisaian oinarritutako figurazio indartsura heldu arte.
Gutxi gorabehera ordubeteko iraupena izango duen jarduera honetan parte hartzeko, bisitariak txartel-leihatilara joan behar dira. Bisitak ere doakoak dira, eta bi egunetan izango dira, maiatzaren 17an (larunbata) eta 18an (igandea), 12:00etan, 13:00etan, 18:00etan eta 18:30ean. Bisitetan, 12:00etatik 14:00etara bitartean eta 17:00etatik 19:00etara bitartean, 5 eta 10 urte bitarteko haurrek museoko maisulanen txantiloiak koloreztatu ahal izango dituzte, berariaz prestatutako gune batean eta begirale batek lagunduta.