Berriak
15-05-20
Museoak Gondra Barandiarán eta Iberdrola prestakuntza beken bi deialdi berri abiarazi ditu
Bilboko Arte Ederren Museoak zazpigarren aldiz abiarazi ditu prestakuntza beken bi programa, erakundearen patrono diren Gondra Barandiarán Fundazioak eta Iberdrola Fundazioak lagunduta, hurrenez hurren. Azken sei urteotan, 47 gaztek aukera izan dute Gondra Barandiarán-Museoa eta Iberdrola-Museoa bekez gozatzeko; horien bidez, egonaldi profesionalak gauzatu dituzte museoan, eta beren prestakuntza akademikoan eskuratutako jakintzak osatu.
Hala, gaur, maiatzak 15, ostirala, Gondra Barandiarán-Museoa beka programaren deialdia irekiko da, eta datorren ostegunean, maiatzaren 21ean, Iberdrola-Museoa beken deialdia.
Gondra Barandiarán Fundazioa, kulturarekin, prestakuntzarekin eta pentsamenduarekin bat
Gondra Barandiarán Fundazioak, sortu zenetik, xedetzat izan du kulturari, prestakuntzari edo pentsamenduaren sorkuntzari dagozkion ekitaldiak garatzea eta hauspotzea, eta, helburu horrekin, prestakuntzarako dirulaguntzak ematea, jakintzaren adar guztietan. Misio horren barruan biltzen da, hain zuzen ere, Fundazioak eta Museoak sinatu zuten akordioa: 2014az geroztik, eta Gondra Barandiarán-Museoa beka programari esker, bi erakundeek batera lan egiten dute, prestakuntza bultzatzeko eta gazteak lanaren testuingurura hurbilarazteko. Gainera, 2018. urtetik aurrera, Museoko udako ikastaroen antolakuntzan laguntzen du Fundazioak.
Testuinguru horretan, honako hau da Gondra Barandiarán-Museoa Beken helburua: museoen kudeaketaren arloan, prestakuntza propioa eskaintzea, museoko hainbat sailetan lanean jarduteko aukera emanez. Ikaskuntza-prozesu horri esker, bekadunek aukera izango dute trebetasun eta ezagutza berriak garatzeko, betiere, Bilboko Arte Ederren Museoko langileak tutore dituztela. Kasu honetan, zazpi beka dira, eta bederatzi hilabete iraungo dute, urriaren 1etik hasita. Bekak honako sail hauetan garatuko dira: Artxiboa, Liburutegia, Bildumak, Hezkuntza, Erakusketak, Argitalpenak eta Zerbitzu Orokorrak.
Bestalde, etorkizunean artelanak kontserbatzen eta zaharberritzen aritu nahi dutenek aukera izango dute, Iberdrola-Museoa Bekari esker, beren prestakuntza zabaltzeko eta jardun honetan eskarmentua eskuratzeko, museoko zaharberritze-tailerrean bertan; izan ere, kontserbazio- eta zaharberritze-lanak ezinbestekoak dira bildumak behar den moduan gordetzeko. Kasu honetan, bi beka eskaintzen zaizkie dagozkion ikasketa akademikoak amaitu dituzten gazteei; bekek hamar hilabete iraungo dute, aurtengo irailaren 1etik hasita, eta luzatu egin daitezke hala gertatu da bi aldiz, beste hamar hilabetez jarduteko.
Iberdrola, artearekin eta kulturarekin engaiatuta
Iberdrola, 2001. urteaz geroztik, Museoaren Patronatuko kidea da. Iberdrola-Museoa programak, zehazki, Kontserbazio eta Zaharberritze Saila babesten du; era berean, Iberdrolaren lankidetzarekin garatzen dira zenbait ekitaldi didaktiko, ikusmen-desgaitasunaren edo desgaitasun kognitiboaren ondorioz premia bereziak dituen jendearentzat berariaz sortuak, haiei Museoaren bilduma ezagutarazteko, bai eta gizarteratzeko programak ere. 2013tik, Iberdrola España Fundazioak hauspotuta, 170 piezatik gora zaharberritu dira pinakoteka honetako zaharberritze-tailerrean, besteak beste, olioak, akuarelak, marrazkiak eta grabatuak.
Iberdrolak, Espainian duen Fundazioaren bidez, bere jardunaren zati garrantzitsu bat eskaintzen dio herrialdeko arte eta kultur aberastasuna zaindu, kontserbatu eta balioan jartzeari. 2011tik aurrera, handiagotu egin da halako egitasmoetan inbertitutako diru-kopurua, izan ere, 13 milioi eurotik gorakoa da.