Berriak
20-08-18
Museoak bat egin du “Orri-markatzaileak” ekimenarekin
Proiektu artistikoen ekoiztetxe batek, Consoni etxeak, abian jarritako Orri-markatzaileak ekimenarekin bat egin du museoak; Euskal Herriko artista Maider Lópezek (Donostia, 1975) garatu du ekimena.
Normalean orri-markatzaile gisa erabiltzen diren askotariko objektuak biltzean datza proiektua (metroko sarrera bat, gonbidapen-txartel bat, paper zati arrunt bat, gutun bat, ordainagiri bat, argazki bat), eta, horretarako, hainbat postontzi edo kutxa ezarri dira Bilboko zenbait lekutan, besteak beste, Bilboko Arte Ederren Museoan. Chris Kraus idazle eta zinemagile independentearen (New York, 1955) liburu batean txertatuko dira bildutako orri-markatzaile horiek; datorren udazkenean jarriko du salgai lan hori.
Horrenbestez, liburu-denda batean liburua erosi edo liburutegi batean liburua kontsultatzen duenak seriean ekoitzi baina aldi berean bakarra den objektu bat aurkituko du ale horietan; izan ere, pertsona baten bizipen jakin bati dago lotuta objektu horietako bakoitza.
Datorren irailaren 25era arte museoaren sarrerako txartel-leihatilaren ondoan jarritako postontzian utz daitezke orri-markatzaileak.