Berriak
05-03-13
Museoak bat egin du Emakumeen Begiradak II. Jaialdiarekin
Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta (martxoaren 8a), Emakumeen Begiradak Jaialdiaren bigarren edizioa egingo da, emakumeak artearen sisteman egin duen lana artista, kritikari, komisario, bildumagile edo ikerlari gisa nabarmendu nahian. Programa hau duela gutxi aurkeztu da ARCOko azken edizioan, eta Estatu mailako 200 arte-zentro, museo, instituzio eta galeria sartu dira bertan.
Hori dela eta, martxoaren 5etik apirilaren 7ra bitartean, Bilboko Arte Ederren Museoak aldi baterako muntaia bat aurkeztuko du eraikin zaharreko lehenengo solairuko hallean. Bertan, emakumezko artista batzuek egindako artelanak ikus daitezke, Rosa Bonheurren lanetik hasi (gizonez mozorrotuta joaten zen Rouleko hiltegira, bere obrak prestatzeko oharrak hartu ahal izateko) eta joan den mendeko laurogeiko hamarkadan aritu zen The Guerrilla Girls kolektibo iparramerikarraren aktibismoraino. Beste margolari ospetsu batzuen lanak ere ikus daitezke; besteak beste, Mary Cassatt, María Blanchard, Maruja Mallo edo María Helena Vieira de Silvarenak.
Hori horrela, aurkezpen honek segida ematen dio museoak hartutako ildoari; izan ere, emakumeek gizartean duten rola eta artearen bitartez egiten duten ekarpena aztertzen duten erakusketak eta argitalpenak plazaratu ditu: Emakume Inpresionistak. Beste begirada bat: Marie Bracquemond, Mary Cassatt, Eva Gonzalès eta Berthe Morisot, emakumeek mugimendu inpresionistari egindako ekarpenei buruz gure herrialdean antolatu zen lehenengo erakusketa (01/11/1202/02/04); Kiss, Kiss, Bang, Bang. Artearen eta Feminismoaren 45 urte, arte feminista deitu izan dena abiarazi eta jarraitu zuten hainbat herrialdetako artista indibidualen eta kolektiboetako kideen lanak erakutsi zituena (07/06/1107/09/09); eta, duela gutxiago, Gehiago dago zugan. Emakumearen irudiak Erdi Aroan (XIIIXV. mendeak) (11/02/0711/05/15), Erdi Aroko emakumeari buruzko ikerketen gaineko funtsezko ekarpen gisa sortua, Erdi Aroko azken hiru mendeetan emakumeek izan zituzten rol eta alderdien azterketaren bitartez.