Berriak
07-03-25

María Franciska Dapena
Guerra / Autobiografía de una artista / Cárcel. Textos inéditos
2024an, María Franciska Dapena artistaren (Barruelo de Santullán, Palentzia, 1924-Bilbo, 1995) obra grafikoaren eta dokumentuen garrantzi handiko funts bat jaso zuen museoak dohaintzan, eta, dohaintza hari loturik, liburu bat argitaratu du artistaren idatzien sorta adierazgarri bat bilduta. Testuak, kalitate literarioagatik ez ezik, interes biografiko eta historiografikoagatik ere nabarmentzen dira.
Dapenak bizi artean argitaratu zituen testuak –¡Sr. Juez! (Soy presa de Franco…) (1978) eta Vida y muerte enfrentadas. Mujeres de la vida (1987)– nahiz 1974an 17 poetas de Bilbao liburuan sartutako poemak deskatalogatuta daude jada, eta hark literaturaren esparruan egindako lanaren parte txiki bat besterik ez dira. Lan ugari ekoitzi zituen, izan ere: ipuinak, poemak, bere bizitzari eta obrari buruzko gogoetak, arteari buruzkoak eta egoera politiko eta sozialaren gainekoak; zenbait eleberri; orotariko edukiak biltzen dituzten koadernoak eta orri solteak. Orobat utzi zituen zazpiehun bat gutun, 1949 eta 1993 artean datatuak; haien artean, ideia komunistekin bat egitearen ondorioz 1962 eta 1964 bitartean espetxean egindako denboran jaso edo igorritako berrehundik gora.
Orain, bere oinordekoen eskuzabaltasunari esker, artistaren artxiboaren dohaintzak aukera emango digu hura gogorarazteko, lehen pertsonan idatzi zuen eta orain arte argitaratu gabe egon den kontakizun baten bidez. David Fuente historialariak izan du liburuaren edizioaren ardura; hain zuzen ere, 2018 eta 2019 artean, Dapena artxiboa –garai hartan familiaren esku– aztertzeko eta testuen aukera egiteko aukera izan zuen Fuentek, BBK-Arte Ederren Bilboko Museoaren ikerketa artistikorako beka bati esker.
Lan honek ezin hobeto erakusten du zer-nolako interesa duten hirurogeiko hamarkadaren erdialdetik hirurogeita hamarrekoaren erdialdera bitartean idatzitako testuek eta nola laguntzen duten artistari buruzko ezagutza zabaltzen. Oro har, gure azkenaldiko historian izandako tentsioen berri ematen dute testuok, eta aztergai dituzte, adibidez, diktadurako urteetan emakumeek betetako eginkizuna eta bizi izandako egoera, Dapenak bere bizitzan zehar izandako konpromiso politikoa eta 50eko eta 60ko urteetan Bizkaian zegoen giro artistikoari buruz egin zituen hausnarketak.
Hiru ataletan banatuta dago liburua, horietako bakoitza artistaren biografiaren aldi batean oinarritua eta testu nagusi batek osatua. Lehenengoan, “Guerra (1935-1945)” (Gerra [1935-1945]) izenekoan, “Cuadernillo de una joven de posguerra” (Gerraosteko emakume gazte baten koadernoa) agertzen da, bizitzako gertaeren kontakizuna, intimismo eta kritika sozial nabarmenekoa, Balmasedan errepublika jausi zenetik aita espetxetik itzuli arteko garaia ardatz duena.
Bigarrenean, “Autobiografía de una artista (1950-1969)” (Artista baten autobiografia [1950-1969]), “Algo de historia de Mari Dapena” (Mari Dapenaren historia apur bat) nabarmentzen da, non artistak deskribatzen baititu Bizkaiko artearen esparruan egin zituen lehen urratsak, artisten komunitatearekin zeuzkan afinitateak eta desadostasunak eta diktaduraren testuinguruan bere interesetan izandako garapena.
Hirugarrena, “Cárcel (1962-1964)” (Espetxea (1062-1964), “Diario corto de un penal” (Espetxe bateko eguneroko laburra) testuan oinarritua, errepresaliatua izan ondoren Alcalá de Henaresko (Madril) espetxean bizikide izan zituen presoekin izandako elkarrizketek osatua da ia erabat. Elkarrizketa horiek aditzera ematen dute frankismoaren garaiko egoera soziala, antzerkiko gidoitik hurbileko estilo batez.
María Franciska Dapena
Guerra
Autobiografía de una artista
Cárcel
Textos inéditos
——————-
Arte Ederren Bilboko Museoa
Edizioa: David Fuente
Formatua: 13 x 21 cm (zabal eta altu). Paper-azala
Orrialde-kopurua: 224
Hizkuntza: gaztelania
ISBN: 978-84-18171-25-3
Museoko dendan ikusi


María Franciska Dapena (Barruelo de Santullán, Palentzia, 1924-Bilbo, 1995)
Dapena Palentziako iparraldeko meatzari-herri batean sortu zen, joera politiko ezkertiarra zuen familia dirudun batean, zeina Gerra Zibilean eta diktadura frankistan errepresaliatua izan baitzen. Aitak –Bernardo Dapena Gutiérrezek– produktu kimikoen fabrika bat zeukan, eta ama, Beatriz Rico Villa, merkataritzan ziharduten Balmasedako (Bizkaia) jabe txiki batzuen ondorengoa zen.
Gerra Zibila lehertu zenean, 1936ko uztailean, Marik 12 urte zituen, eta Santanderren zebilen ikasle, nebarekin. Aitak Barruelotik ihes egin behar izan zuen, eta Balmasedan utzi zituen amaren aldeko familiarekin. Laster elkartu zitzaizkien gainerako senideak. Han ezagutu zuen senarra izango zuena, Gonzalo José Villate, joera politiko berekoa.
Dapenak berrogeiko hamarkadaren hasieran ekin zion ibilbide artistikoari, figurazio espresionistaren esparruan. Haren lana euskal artearen historiako mugarri nagusiekin lotu ohi da: talde-erakusketak Agustín Ibarrola eta Ismael Fidalgorekin, berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, Bizkaian barrena, kultura sektore herritarrei hurbiltzeko xedez; Bizkaiko Artisten Elkarteko frankisten eraginari aurre egiteko hirurogeiko hamarkadaren hasierara arte –Gabriel Aresti olerkariarekin eskuz esku– bideratutako borroka; 1962an Estampa Popular de Bizkaia taldean parte hartzea, Ibarrola eta Dionisio Blancorekin –Blas de Oterok ere parte hartu zuen talde hartan, bere poesia sozialarekin–. Talde hark diktaduraren kontrako borrokan konprometitutako ekintza politikoaren parte gisa sustatzen zuen obra grafikoaren sorkuntza, eta erakusketa bakarra egin ahal izan zuen, martxoan. Ekainean, atxilotu egin zituzten Dapena, Ibarrola eta beste kide olerkari bat.
1962 eta 1964 bitartean, espetxean eduki zuten, Espainiako Alderdi Komunistaren laguntzaile izatea eta atzerriko agentziei greben gaineko informazioa igortzea leporatuta, eta idatzi, margolan eta grabatu askotan jaso zuen orduko esperientzia, ¡Sr. Juez! (Soy presa de Franco…) liburuan tarteko.
Emen –1966an sortua– eta Indar –1970ean sortua– artista-taldeetako kidea izan zen. Urte hartan bertan Arteta aretoa sortu zuen Santurtzin; ibilbide laburra izan zuen aretoak, baina eraldaketa artistikoa eta soziala sustatzeko irrikaz zeuden gazteak bildu zituen, eta Dapena sozialki konprometitutako arterako erreferentziazko irudia izan zen beti haientzat.
Etsipen gero eta larriagoak landara aldatzeko irrika sortu zion, eta beti izan zuen irrika hura latente, harik eta 1975ean Bizkaiaren eta Burgosko iparraldearen arteko mugan kokatutako herri txiki batean finkatu zen arte, Nava de Ordunten, ingurune lasai eta naturalean. Hainbat urteko borroka politiko eta kultural antifrankistaren emaitzari buruzko etsipenak jota eta kide gehienetatik urrun, kritika sozialaren ordez tankera mistikoa zuten naturako eszenak landu zituen Dapenak azken urteetako obra plastikoan.