Berriak
03-08-18
Luis Paret Bermeora itzuliko da
Luis Peret y Alcázarren Bermeoko bista bikaina Arrantzaleen Museoan egongo da ikusgai
Bilboko Arte Ederren Museoak eta Arrantzaleen Museoak Paret Bermeon erakusketa aurkeztu dute gaur. Erakusketan, Luis Paret y Alcázarren (Madril, 1746-1799) Bermeoko bista (1783) egongo da ikusgai. Gaurtik irailaren 2ra bitartean, Arrantzaleen Museora bertaratzen diren guztiek ikusi ahalko dute nolakoak ziren 1783an Bermeoko portua eta bertako eraikinak; izan ere, Paretek Bizkaiko kostaldeko herri horretan zegoela margotu zuen margolana.
Bilboko Arte Ederren Museoa eta Bizkaiko Foru Aldundia hainbat hilabete daramatzate elkarrekin lanean, BBKren babesa izan duen “Artearen ibilbidea” izeneko ekimenaren bitartez museoaren bilduma Bizkaian zabaltzeko eta ezagutzera emateko xedez. Museoaren bilduma osatzen duten maisulanen kalitate handiko 40 erreprodukzio bildu dituen erakusketa ibiltaria da, bost hilabetez kalera atera eta Bizkaiko 60 udalerritan zehar ibili dena. Herritarrak artera hurbiltzeko aukera izan da bidaia horren protagonista.
Lan horrekin bat egingo du, orain, “Paret Bermeon” erakusketak, Bermeoko Arrantzaleen Museoarekin batera; izan ere, Bermeoko bista (1783) lana erakutsiko da bertan, artistak sortu zuen leku berean, agerian utziz lanaren balio historiko eta topografikoa. Bilboko Arte Ederren Museoak 2017an eskuratu zuen lana, BBKren babesari eta Museoaren Lagunen ekarpenei esker.
Bilboko Arte Ederren Museoaren eta Bermeoko Arrantzaleen Museoaren lankidetzari esker ikusi ahal izango da Pareten jatorrizko margolan hau marinelen herrian, bere izena duen erakusketan.
Bi museoek lanari buruz emandako informazio trukeak egin du posible erakusketa hau; izan ere, Espainiako rokokoaren maisulana ez ezik, Bermeoko lehenengo bistatzat ere hartzen da, eta horrek garrantzi handia du herriaren bilakaera ezagutzeko.
Bilboko Arte Ederren Museoak 2017an eskuratu zuen lan hau, BBKren babesari eta Museoaren Lagunen ekarpenari esker. Luis Pareten Bermeoko Bista, 1873, XVIII. mendeko espainiar pinturaren margolan nabarmenetako bat izateaz gainera, euskal herri horretako lehenengo irudi moderno eta erabat artistikotzat hartzen da. Goyaren urte berekoa izan zen Paret, eta 1779tik gutxienez 1787ra bitartean bizi izan zen Bilbon; topaketa sozial modura landu zuen bista, eta duintasunez agertu zituen tipoak eta ohiturak. Alderdi horretatik, aurrekaririk gabeko lekukotza grafikoa eman zuen Euskal Herriari dagokionez. 1783an margotu zuen, Karlos IV.a erregea izango zenarentzat, hau da, garai hartan Asturiasko printze eta Karlos III.a erregearen semea zenarentzat, El Escorialeko egoitza apaintzeko. Paretek Bermeoko beste bista batekin bikotea osatzeko asmoz landu zuen obra hau; gaur egun desagertua da, ordea, lan hura, eta ekaitza bete-betean zela ikusten zen portua margolan hartan.
Bilboko Arte Ederren Museoan dago lana, eta zehaztasun handiz erakusten du portu zaharra; itsaslabarraren ikuspegi panoramikoa erakusten du, Santa Eufemia eliza gotikoan hasi, ezkerretara, Ertzilla dorrean jarraitu (margolanaren erdian), eta Talako Andra Mari eliza desagertuaren hondakinetaraino iristen da, eskuinean. Pintzelkada dotore eta xehearekin (oso ondo bereizten dira Bi Iturriak edo Utsako eskailera malkartsuak), margolariak euskal itsasbazterreko orografia gorabeheratsua erakusten du, argi eta atmosfera efektu bereziekin.
Margolan honen, egilearen eta hura egiteko prozesuaren xehetasunak ezagutzera emateko, hainbat testu jarriko dira margolana ikusgai egongo den aretoan, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, bai eta ukipen-pantaila bat ere, bestela antzemango ez liratekeen xehetasunak erakusteko bisitariari. Horrez gainera, Bermeoko portuan, Luis Paretek bere lana egin zuen leku berean, informazio-panel bat jarri da, bertara hurbiltzen diren guztiek hobeto ezagutu dezaten Bermeoko herriarentzat enblematikoa den lan hau eta gaur egungo ikuspegiarekin konparatu dezaten.
Jarduerak
Abuztuaren 29a, asteazkena, 19:00etan. Hitzaldia: “Luis Paret Euskal Herrian”
Javier Novo, Bilboko Arte Ederren Museoko Bilduma Saileko burua.
Informazioa
Arrantzaleen Museoa. Ertzilla dorrea. Torrontero enparantza – 48370 Bermeo
Tel. 94 688 11 71 arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus
Ordutegia
Asteartetik larunbatera: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Igande eta jaiegunetan: 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan, itxita.
Tarifak
Orokorra 3.50 €, murriztua 1.75 €, larunbatetan doakoa.