Berriak
17-11-22

Lehenengo harria jartzeko ekitaldi instituzionala
Gaur, museoaren kanpoaldean, Artetxe Kondearen zumarkaleko kristalezko fatxadaren ondoan egin den ekitaldian, honako hauek parte hartu dute: Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Lorea Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Bilboko Udaleko alkate Juan Mari Aburtok, BBK Banku Fundazioko presidente Xabier Sagredok, proiektuko arkitektoak diren Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriartek, museoaren zuzendari Miguel Zugazak, eta Museoaren Lagunen kolektiboaren ordezkariak diren Carmen López Niclósek eta Rut Salaverrik.
Denboraren kapsula egunkariekin, txanponekin eta obraren hasierarako azken izapidea formalizatzen duen zuinketa-aktaren kopia batekin lurperatu ondoren, hasiera eman zaio esku hartzeko txandari, Chillida hallean. Fosterrek eta Uriartek eman diote amaiera ekitaldiari, obraren hasiera sinbolizatzen duten eta museoaren diseinu industrialaren bilduman gordeko diren paletako bat sinatuz —Gipuzkoako ehun urteko Bellota tresna-markakoa—.
Ekitaldia museoaren eta BBK Banku Fundazioko patronatuek babestu dute, baita gizarte zibileko eta kulturaren munduko ordezkaritza batek eta proiektuan parte hartzen duten estudio eta enpresek eta museoko lantaldeak ere.
Jarraian, museoaren zuzendari Miguel Zugazak ongietorria eman die bertaratutakoei, Xabier Sagredoren hitzaldia aurkeztu aurretik. Sagredok adierazi duenez, gertaera garrantzitsu berri honekin, bi instituzioek elkarrekin jardunez emandako bost hamarkada berrituko dituzte, bultzada berria emango baitiote BBK Museoa gunean. 2.000 metro karratu baino gehiago izango dituen guneak erakusketen eta jarduera publikoen programa bizia eskainiko du. Bestalde, gogoratu du proiektua gauzatzeko beharko diren 22 hilabeteetan museoa irekita egongo dela ia beti, eta BBKateak formatu dinamikoaren arabera erakutsiko dela bilduma, artearen historiako hainbat alditako artisten arteko topaketekin.
Bestetik, Juan Mari Aburtok nabarmendu du eraldaketa arkitektoniko erabakigarri honen ibilbide-orria 2019-2022 Plan Estrategikoan finkatu zela (plan hori 2018an onartu zuen museoaren Patronatuak), eta hori lortzeko lehen urratsa Arte Ederren Bilboko Museoa Handitzeko eta Eraberritzeko proiektuen nazioarteko lehiaketaren deialdia izan zela, 2019. urtearen hasierakoa. Alkateak Norman Fosterren talentua Bilbon berriz izateko aukera bikaina nabarmendu du, Luis María Uriarteren lanarekin batera, protagonismo liluragarria eta berria eskaintzen baitio Estatuko arte-museorik beteranoenetako eta garrantzitsuenetako bati. Halaber, baloratu du proiektua idatzi duen taldearen eta udaleko hainbat arloren arteko lankidetza handia, hobekuntza garrantzitsuak egin baitituzte, esaterako, dauden eraikinak babes zibileko egungo arauetara egokitzea.
Horretarako prestatutako ikus-entzunezko baten bidez, proiektua diseinatzeko prozesu bizia grafikoki laburbildu ahal izan da, Fosterrek eta Uriartek proposatutako lehen marrazki eta ideiekin hasi eta obraren eraikuntza-prozesuaren azken definiziora arte. Empresa constructora Urbelan S.A. + Altuna y Uria S.A. + Campezo Obras y Servicios, S.A. eta Teusa Técnicas de Restauración S.A. enpresek eratutako Obra Ampliación Bellas Artes ABEEari esleitu zitzaion obra irailaren 9an, 33.944.603,87 €-ko aurrekontuarekin.
Gaurko ekitaldiarekin, museoak amaiera eman die handitzeko prestatze-lanei, zeinak, Bingen Zupiriak adierazi duen bezala, “aro berria ireki baitu gure instituzioarentzat, baina are garrantzi handiagoa du, gure arte-sistemako instituzio dekanoetako baten bilakaera azpimarratzen baitu, eta, horrela, haren iraunaldia berresteaz gain, instituzioek kulturaren ahalmen eraldatzaileari ematen dioten laguntza eta herrialdeari egiten dioten ekarpen baliotsua indartzen ditu”.
Jarraian, Artearen Historiako katedradun eta museoko aholku-batzordeko kide Maite Paliza Monduatek azpimarratu du “Fosterrek espazio ikonikoak eratzeko duen gaitasun kontrastatua, aurretiko higiezinetan, museo batzuetan ere bai, zabaltzeko eta esku hartzeko proiektuetan, agerian geratuko dela Bilboko obra honetan. Uste dut bisitariei harrera egiteko hall berria, Durrioren Arriagaren Monumentuaren inguruan ardaztua, Bilboko gune bereizgarrietako bat izango dela”.
Amaitzeko, Norman Foster-ek honako hau nabarmendu du: “Biziki pozten gaitu iraganeko kultura-ondarea etorkizuneko museoarekin lotuko duen proiektu baten sorrera ospatzeak. Arriaga atariko topagune berritik galeria berri eta zabaletara joango da bisitaria, eta, azkenean, museoaren kokapena ezohikoa ospatzen duen kanpoko terraza ezagutuko du. Luis María Uriarterekin eta museoko taldearekin dugun lankidetza estuaren emaitza errealitate bihurtzear dago. Eskerrak eman nahi dizkiet Bizkaiko ahaldun nagusiari, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Bilboko Udaleko alkateari eta BBK Banku Fundazioko presidenteari, arteak hiriaren bizitzan duen zeregin eraldatzailean sinesteagatik”.
Handitze-proiektuko gertaera garrantzitsu nagusien laburpena:
Eraldaketa arkitektoniko erabakigarri honen ibilbide-orria Patronatuak 2018ko abenduaren 11n onartutako 2019-2022 Plan Estrategikoan finkatu zen. 2019ko otsailaren 11n Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko eta eraberritzeko proiektuen nazioarteko lehiaketaren deialdia izan zen hori lortzeko lehen urratsa. Lehiaketaren finantziazioa BBKrena izan zen, Museoaren ohorezko patroia eta aliatu leiala izan baita arestiko historiako une erabakigarrienetan.
Lehen fasean onartutako 57 taldeetatik, epaimahaiak sei finalistak hautatu zituen 2019ko apirilaren 8an; eta, azkenik, uztailaren 23an eman zen ezagutzera Foster+Partners + LM Uriarte Arkitekturak aurkeztutako Agravitas izeneko proiektuaren alde emandako epaia. Aho batez hartutako irizpenak honela laburbiltzen ditu proiektuaren indarguneak: “Teknologikoa bere irudian, humanistikoa bere ikuspegian eta ekologikoa bere jasangarritasunean, proposamenak kalitate arkitektonikoa, hiri-sentsibilitatea eta erantzukizun soziala uztartzen ditu, Bilboren erdigune historikoan mugarri argitsu eta arin bat altxatzeko.
Proiektu irabazlea eta finalistak ikusgai egon ziren Museoko BBK aretoan uztailaren 29tik urriaren 6ra bitartean. Urte bereko abenduan, Fosterrek proiektuaren idazketaren aurrerapena eta ideia gidaria aurkeztu zituen prentsaurrekoan: 1945eko eraikinaren protagonismoa berreskuratzea, jatorrizko sarrera berriz ezarriz, eta dimentsio bakarreko espazio bat proiektatzea, 1945eko eta 1970eko eraikinen gainean errespetuz finkatua. Esku-hartzeak, gainera, Arriagaren Monumentuaren plaza bihurtzen du museoaren ardatz egituratzailearen bihotz berri.
2022ko martxoaren 31n, museoak obra egiteko lizitazioa argitaratu zuen Euskadiko Kontratazio Publikoko Plataforman –egungo egoeraren ondorioz, berregin egin behar izan zen–. Aurtengo irailaren 9an, Empresa constructora Urbelan S.A.+Altuna y Uria S.A.+ Campezo Obras y Servicios, S.A. eta Teusa Técnicas de Restauración S.A. enpresek eratutako Ampliación Bellas Artes ABEEari esleitu zitzaion.
Zuinketa egiaztatzeko akta hilaren 8an egin zen, eta beharrezko izapidea obrak egiten hasteko.