Sergio Pregorekin topaketa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Uztailak 11

Sergio Pregorekin topaketa

Hamahiru Centaurusera lanaren aurkezpena

Sergio Prego artistak aurkeztuko du Hamahiru Centaurusera bere instalazioa, handitze-lanak egiten diren bitartean museoko aretoetarako sortua. Hamahiru Centaurusera obrak ezohiko egoera bat baliatzen du eskulturaren bizipen bat proposatzeko, museoaren barneko arkitekturarekin harremanetan. Gainera, uztailaren 12tik (asteazkena) aurrera, instalazioaren muntaketa-prozesuari buruz Iñaki Garmendiak eta Zigor Barayazarrak egindako bideoa ere ikusgai izango da publikoarentzat.

Data:

2023-07-11

Ordua:

12:00etan

Prezioa:

Dohako jarduera

Hizkuntza:

Gaztelera

Lekua:

Arte Ederren Bilboko Museoa Museo Plaza, 2.

Norentzat:

Arrunta

Izen-ematea/ sarrerak:

Izen-emateak hemen eta museoaren lehiatilan

Plaza-kopurua:

Mugatua

  • Topaketak
Hamahiru Centaurusera instalazioari buruz

Museoko arkitekturek protagonismo berezia hartu duten honetan, eta aretook hutsik egoteak sortutako salbuespenezko egoera baliatuz, Pregok eskulturaren esperientzia proposatzen du, museoko barne-arkitekturarekiko hartu-eman berezian. Espazioa zeharo betetzen duen modulu pneumatikoen kate batek osatzen du artelana. Diafragma baten antzera funtzionatuko du, museoaren eraldatze-prozesuan sortutako beharren arabera zabaldu eta itxiko baita.

Pregok erreferente bikoitza darabil: XX. mendeko hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako arkitektura erradikalaren mugimenduen esperimentalismoa, eta mugimendu haiek egitura pneumatikoak –ia beti iraungikorrak– erabiltzeko zeukaten joera, beste habitatze-forma batzuk antolatzeko. Bide horretatik, Pregok, hemen, masa materiala erlatibizatzen du bizipen espazialaren osagai gisa, eta, aldi berean, bere lana txertatzen du eskulturaren genealogian.

Era berean, proiektuak esku-hartze bat du, bizpahiru artelanen irudietatik abiatuta, bildumaren azken konfigurazioan zeuden leku berberean. Hala, proiektua hustutako museoaren testuinguruan txertatzen da, bai espazioari dagokionez, haren forma arkitektonikoan, bai denborari dagokionez, betetzen duen zaintza-funtzioarekin lotuta. Aretoko frisoetan kokatutako mintz pneumatiko batek edo bik hautatutako obren argazkiak dituzte beren barruan, benetako eskalakoak. Hala, haiek ikusteko orduan, bitartekariarena egingo du ikuslearen eta argazkiaren artean dagoen mintz plastiko zeharrargiak, marko batean bezala babes-funtzioa betetzen duenak, gu iruditik aldenduz, haren pertzepzioa lausotuz lanbro bakar eta identifikagarri bezain berezkoan.

 
Artistari buruz

Sergio Prego (Donostia, 1969)

Bizilekua Brooklynen (New York) duen artista honek eskulturaren inguruan egiten du lan, ikuspegi performatiboa txertatuz. 1993 eta 1995 artean zenbait lantegi eta mintegitan parte hartu zuen Donostiako Arteleku arte-zentroan; horietan, Juan Luis Moraza, Txomin Badiola eta Ángel Bados zituen irakasle. 1996 eta 2002 artean, Vito Acconci iparramerikar artistaren estudioan laguntzaile aritu zen, arte publikoko eta arkitekturako proiektuak garatzen. PRIMER PROFORMA 2010 egitasmoaren sorkuntzan eta garapenean parte hartu du, MUSAC Gaztela eta Leongo Arte Garaikidearen Museoan, baita 2015ean Kalostrak Donostian sustatutako arte-pedagogiaren proiektuan ere. Haren azken erakusketen artean, nabarmentzekoak dira Rose-colored Drift/To the Students (Blaffer Art Museum, Houston, 2017), Perforado por (Veneziako 58. Biurtekoko espainar pabiloia, 2019, Itziar Okarizekin batera) eta Poured Architecture: Sergio Prego on Miguel Fisac (Graham Foundation, Chicago, 2020).