Jarduerak
Kontra-kronologiak
Denborarik gabeko denbora bateko arteari buruzko gogoetak
Data:
2023-11-16 2023-11-30
Ordua:
19:00etan
Prezioa:
Ziklo osoa: 15€ publiko orokorra / 10€ Museoaren Lagunentzat Hitzaldi soltea: 8€ publiko orokorrarentzat / 5€ Museoaren Lagunentzat
Hizkuntza:
Gaztelania
Lekua:
Arte Ederren Bilboko MuseoaMuseo Plaza 2
Norentzat:
Arrunta
Izen-ematea/ sarrerak:
Saio solteetan (estekak behean) edo ziklo osoan izena eman dezakezu
Plaza-kopurua:
Saioaren arabera
- Ikastaroak, jardunaldiak eta hitzaldiak
Irudiaren aurrean, denboraren aurrean gaude beti. Baina, zer denbora motaren aurrean? (..) Irudi baten aurrean onartu behar dugu, umil-umil: seguru asko gu baino gehiago biziko dela irudia; haren aurrean elementu hauskorra garela, pasadan dagoen elementua, eta gure aurrean hura dela etorkizuneko elementua, iraupenarena. Irudiak, askotan, begira ari zaion izakiak baino memoria eta etorkizun gehiago du.
– Georges Didi-Huberman, Denboraren aurrean
Teorialari, historiagile eta idazle asko dira, hala nola Walter Benjamin, Georges Didi-Huberman, Aby Warburg, George Kubler edo Chris Ross, lineala ez den denboraren ideia horretan oinarritu dituztenak beren proposamenak, eta denboraren beste interpretazio batzuk proposatu dituzte, esate baterako, denbora ziklikoarena. Garaikidetasuna ere ezin da ulertu artista askoren proposamenik gabe (Paul Klee, Magritte, John Cage…), zeinak beste denborazkotasun mota batzuk –afektiboa edo subjektiboa– landu baitzituzten beren lanetan eta berridatzi baitzuten historia iragana orainaldira ekartzeko moduan. Horiek guztiek zalantzan jartzen dute denboraren ikuspegi nagusia, norabide bakarrekotzat hartua, oro har, gizartean.
Izan ere, memoriaren inguruko diskurtsoek gauza ireki eta manipulagarritzat hartzen dute denbora, non loturik baitaude iragana, oraina eta etorkizuna, hodi komunikatuen antzera. Denborak, bestalde, ikusle gisa (ber)konfiguratzen gaitu, artelan baten aurrean jartzen garen unean. Irudi horien aurrean, gure oraina kolpetik gelditu liteke harrapatuta, begiradaren, kontenplazioaren esperientziak geldiarazita, edo Walter Benjaminek esan bezala: denboraren aurrean geldirik.
Programa honetan parte hartzen duten ahotsek hainbat ikuspegitatik berrikusiko dituzte gai horiek, eta BBKateak erakusketa muntaketarekin eta museoaren bildumarekin hizketan jardungo dute.
Miguel Ángel Cajigal (El Barroquista)
Arte-historiagilea, irakaslea eta kultura-dibulgatzailea
Zuriñe Lafón
Irakaslea eta kultura-dibulgatzailea
Miguel Ángel Hernández
Idazlea eta arte-historiagilea
Azaroak 16
Miguel Ángel Cajigal (El Barroquista)
Bekatu kronologikoa
Artearen historia daten eta joeren jarraipen baten erara kontatzen da, eskola, belaunaldi eta egileen jarraipen baten gisara. Sistematikoki ordenan, artxibo kronologiko batean, non proposatzen baita giza sorkuntza aurretik gertatutako uneak gainditutako uneen jarraipen baten gisara. Hala ere, gure museoetara joaten den jendeak gutxitan daki Greco Dureroren aurrekoa edo ondorengoa den, María Blanchard Zuloagaren garaian bizi zen, edo barrokoaren eta neoklasizismoaren artean zer lotura dauden. Termino eta kronologia horiek astintzen ditugu gehienongan argi baino itzal gehiago proiektatzen dituzten totem kultural gisa. Hori al da artearen historiara hurbiltzeko metodorik egokiena? Printzipio horiek zalantzan jartzea komeni da, eta beste bide batzuk, osagarriak eta alternatiboak, bilatzea, gehiengoaren eskura egongo den arteaz gozatzera eraman gaitzaten.
Azaroak 23
Zuriñe Lafón
Batentzako mahaia: Denbora argazkilaritzan esekirik
Ustea dago argazki batek eten egiten duela denboraren joana, argazkilariak unea gordetzen duela, ez dadin ezabatu une gehiagoren segidaren ondorioz. Horrela ordeztuko luke argazkilaritzak memoria. Baina argazki baten aurrean gauden aldiro, irudiarekin, ikusleak ere hutsean gelditzen gara, pixka bat nahasturik, begiratzen dugunaren zentzurik gabe. Oroitzapenaren oso bestelako esperientzia bat da, argazkiak ez baitu denboran eragiten, baizik eta gauzen materialtasunean, eta argazkian ikusten dugun irudi hori ez ginen, inoiz, aurrean izan genuen errealitatean ikusteko gai izan. Horregatik, beharbada, adierazten du errebelatu aditzak bazterturik edo isilpean gelditua dena agerraraztea.
Azaroak 30
Miguel Ángel Hernández
Iraganak-etorkizunak: nostalgiaren politikak arte garaikidean
Gure orainaldi azeleratu eta eroan, jatorrizko egonkortasuna eta iraganeko segurtasuna aipatzeko behin eta berriz baliatzen den emozio bihurtu da nostalgia. Emozio hori arriskutsua ere bada, kapitalismo eta politika garaikidearen tresna gisa erabil baitaiteke. Nostalgiaren erabilera kontserbatzaile eta zaharberritzailearen aurrean, artista batek baino gehiagok, posizio eta poetika desberdinetatik, iraganak orainaldian bizirik iraunarazteko moduarekin lan egiteko eredu alternatiboak aurkezten dituzte, denborak konektatzeko iraganera itzultzen ahalegindu beharrean. Hitzaldi honetan, jarduera artistiko horietako batzuk behatzen saiatuko gara, eta haien indar politikoa eta eraldatzailea ikusten.