Klasikoak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Euskadiko Filmategia

Klasikoak

 Zinema zikloa

Apiriletik ekainera bitartean, Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, proiektatuko diren hamabi film berrikustera eta ezagutzera gonbidatuko gaitu. Lyongo Lumière Institutuarekin izaniko lankidetza arrakastatsuaren ondotik —elkarlan horren emaitza izan dira azken bi urteetan antolaturiko Lumière Saioak—, Filmategiak hamabi titulu jo ditu begiz; haietako batzuk aski ezagunak, eta beste batzuk, berriz, oraindik esploratzeke daudenak.

Data:

2024-04-22 2024-06-24

Ordua:

19.00

Prezioa:

• Orokorra: 3,5 € • Museoaren Lagunak: 2 €• 25 urtetik beherakoak: Doan

Lekua:

Bizkaia Aretoa-UPV/EHU (Bilbao). Auditorio Mitxelena Avda. Abandoribarra etorb., 3, Bilbao 19:00

Norentzat:

Arrunta

Izen-ematea/ sarrerak:

Sarrerak webgune honetan eta museoko lehiatilan bakarrik

Plaza-kopurua:

420 lekuak

  • Zinema eta bideoa

Antolatzailea/k:

Kontinente berriak, espazio gehiago klasikoentzat

Formak aldatzen dira, eta aukerak zabaltzen. Lumière Institutuarekin bi denboraldi egin ondoren, Euskadiko Filmategiak urtero klasikoei eskaintzen dien zikloa aberastu egin da aurten bidaide gehiagorekin eta urtean zehar egingo diren hitzordu gehiagorekin. Eta Donostia Zinemaldiak ere parte hartuko du, gainera.

Klasikoak da ekitaldiaren izen berria, eta garai guztietako zinema sustatzeko eta harekiko pasioa erakus-teko hiru modu bilduko ditu: dozena bat filmeko zikloa, zinemaren historiari buruzko hamaika begirada jasotzen dituena (apiriletik ekainera bitartean Euskadiko Filmategiaren programazioan); eta Donostia Zinemaldian zehar garatuko diren bi proposamen: denboraldiko zaharberritze eta berreskuratze-lan ga-rrantzitsuen hautaketa propioa, eta atzera begirako zabal bat, aurten Italiako polizia-zinemari eskainiko zaiona, Italia biolentoa izenburupean. Zinemaren arloko bi erakundeen artean klasikoei helduko diete urtean zehar, hiru kontinente elkarrekin lotuta.

Lehen hitzordua, apirilean hasiko da, eta bost euskal hiriburutan egingo da. Hiru hilabetetan zehar ia mende bateko zinemaren panoramika eskainiko diguten hamabi izenburu ikusteko aukera izango dugu. Aukeraketa hori mundu osoan berriki egindako bertsio zaharberrituek osatuko dute, guztiak ere ikusle berriak irabazten jarraitzen duten film kanonikoak, inoiz ahaztu beharko ez genituzkeen bitxikeriak, zi-nemaren historian beste leku bat izatea merezi dutenak, eta bere garaian izan zuten estreinaldi urruneko eta, batzuetan, problematiko hartatik orain ikusiko diren distirarekin berriz ikusi ez direnak. Proiekzioe-tako batzuk, gainera, aurkezpenak izango dituzte zinema klasikoan adituak diren pertsonen eskutik, edota zinta bakoitzari bizitza berri bat, zabaltzeko aukera eta aintzatespena eman dieten filmoteka eta bestelako erakundeekin zerikusia duten pertsonen eskutik.

Lumière Institutuak ekarpen itzela egin zuen aurreko bi edizioetan klasikoen programazioan duen eskarmentu handiari esker, eta ziklo berri hau egiteko iturrietako bat izaten jarraituko du, beste berri batzuekin batera. Lyongo institututik Adiós, Querida —Adieu, Chérie— (Raymond Bernard, 1946) iritsiko da ekainean, programa ixteko. Bertsio zaharberritu horrek Danielle Darrieux burutsua du protagonista. Gerraoste betean estreinatu zen komedia pipertsuak burgesiaren hipokrisia kritikatzen du elkarrizketa zorrotzen eta eszenaratze liluragarri baten bidez.

Programazioa irekitzeko, klasikoen artean klasikoenetako bat izango dugu: Charles Chaplinen Garai modernoak / Tiempos modernos —Modern Times— (1936), zeinak Billy Wilderren El apartamento —The Apartment— (1960) lanak bezala, behin eta berriz mugarri agortezinetara itzultzeko beharra al-darrikatzen baitu, Boloniako Cinematecak eta Park Cirkusek eginiko zaharberritzeak (hurrenez hurren) aurkezteko aukera dugula baliatuta. Eta zinemaren munduko antzeko beste zutabe bat Esa pareja feliz (1951) da. Espainiako zinemako funtsezko bi izenen lehen lana izan zen, Juan Antonio Bardemena eta Luis García Berlangarena, hain zuzen, zeinak, asmatzeko zorian zeuden guztiaren aurrean, segurtasun harrigarri batekin egin baitzioten aurre beren debutari komedia zoragarri honetan. Zinemagile britainiar handienetako baten (Michael Powell) beste klasiko ukaezin bat, gero eta biziago dagoena, gainera, Begiluzea —Peeping Tom— (1960) da. Aipatzekoak dira izuaren inguruan egiten duen tratamendu sotil eta magnetikoa, eta beti bizirik dauden kolore harrigarriak.

Beste muturrean, hainbat arrazoirengatik denboran bidegabeki galdu ziren filmak daude. Haiek berres-kuratzea premiazkoa da lorpenak eta balioak birplanteatzeko beharra dugun garai hauetan. Besteak beste, Martha Coolidge zinemagileaz ari gara, zeinak 1976an jada salatu baitzuen 16 urterekin festa batean jasan zuen bortxaketa, Not a Pretty Picture zirraragarrian. Oraindik ere aurre egiten jarraitzea eskatzen duen egia deseroso bat. Dokumental ausart eta aurreratu horrek botere eta abusu-dinamikei eta traumak hitzez adierazteko beharrari buruzko funtsezko tresna izaten jarraitzen du ia berrogeita hamar urte geroago.

60ko hamarkadan zinemagintza guztietan ugaritu ziren ausardia formalek eta sarerik gabeko esperimen-tuek batzuetan ulertu ez diren baina ezagutzea merezi duten bitxikeriak ekarri zituzten. Esate baterako, Serge Gainsbourg protagonista duen El desconocido de Shandigor —L’inconnu de Shandigor— (1967). Felipe Cabrerizok Elefantes rosas liburuan adierazitakoaren arabera, Gainsburg “jarraitzaile burusoil tal-de bat kontrolatzen duen espioi gaizto bat da” eta zinta “ezaugarri autoparodikoak eta komikien tonua duen polizia-film bat, Jean-Louis Roy-k, Suitzako nouvelle vague mugimenduaren aitzindarietako batek, zuri-beltzean eta kutsu espresionistekin filmatua”. Bitxikeria gisa, protagonistek amesten duten Shan-gri-La Bartzelonako Güell parkean birsortu zuten.

Zenbait lanengatik ospe handia lortu zuten zinemagileek beren beste lan batzuk atzean gelditzen zi-rela ikusi behar izan zuten, ahaztuta edo, besterik gabe, ikusezin. Horixe da, hain zuzen, Claude Sau-tet zuzendari frantziarraren kasua, zeinari Donostia Zinemaldiak atzera begirako bat eskaini baitzion 2022an. Hala ere, haren lan garrantzitsuenetako bat, noir kutsu handiena duena, ezin izan genuen or-duan ikusi eskubide arazoengatik. Iaz Cannes Classics etxeak zaharberritu eta berriz merkaturatu zuen Arrisku-klase guztiak —Classe tous risques— (1960) filmak Lino Ventura, Sandra Milo eta Jean-Paul Belmondo ditu protagonista eta, azkenik, bere indar guztia erakutsiko du zuri-beltz ahaltsu batean. Sam Peckinpah-ren lanen artean askotan ospatzen eta aldarrikatzen dira haren westernak —halaxe izan da aurtengo Nosferatu zikloan—, baina sarri kopia oso kaskarretan eta banaketa-arazoekin ikusi den Burdinazko gurutzea —Cross of Iron— (1977) lan (anti)belikoak baldintza onetan eginiko bultzada berri baten premia zuen.

Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, programazioak oso ohikoak ez diren baina geratzea merezi duen beste geltoki batzuk ditu. Kinuyo Tanaka zinemagile japoniarraren errebindika-zioa gero eta zabalagoa da, eta haren lehen lana ikusiko dugu oraingoan: Carta de amor —Koibumi— (1953). Filmak sentsibilitate bereziarekin kontatzen digu eskribau batek nola jartzen dituen bereak ez diren sentimenduak paper gainean beste batzuen ilusioa pizteko. Las órdenes —Les ordres— (1974) Cinémathèque Québécoise-tik iritsiko zaigu. Bertan, diplomatiko britainiar bat eta Quebeceko ministro bat bahitu ondoren 450 pertsona nola atxilotu eta ondoren kargurik gabe aske utzi zituzten kontatuko digu Michel Brault-ek Cannesen zuzendari onenaren saria irabazi zuen lan honetan. Ikuspegi politikoa osatzeko, Fernando E. Solanas zinemagilearen funtsezko tituluetako bat izango dugu: Sur (1988). Sola-nasek Argentinako 1983ko diktadura militarraren amaierako askatasun- eta itxaropen-nahiak birsortuko ditu filmean, eta berriz ere erakutsiko digu garai desberdinetako zinemak zerikusi zuzena izan dezakeela gaurko egoerarekin. Horixe da, hain zuzen, sekula aldatzen ez den bere beste bertuteetako bat.


Ricardo Aldarondo

Hurrengo proiekzioak:

2024|05|25

Burdinazko gurutzea

Sam Peckinpah, 1977

Informazio gehiago >

2024|06|01

Arrisku-klase guztiak

Claude Sautet, 1960

Informazio gehiago >

2024|06|08

Carta de amor

Kinuyo Tanaka, 1953

Informazio gehiago >

2024|06|15

El apartamento

Billy Wilder, 1960

Informazio gehiago >

2024|06|22

Sur

Fernando E. Solanas, 1988

Informazio gehiago >

2024|06|29

Adiós, querida

Raymond Bernard, 1946

Informazio gehiago >

Aurreko proiekzioak:

2024|05|18

Begiluzea

Michael Powell, 1960

Informazio gehiago >

2024|05|11

Esa pareja feliz

Luis G. Berlanga, Juan A. Bardem, 1951

Informazio gehiago >

2024|04|27

Las órdenes

Michel Brault, 1974

Informazio gehiago >

2024|04|20

Not a Pretty Picture

Martha Coolidge, 1976

Informazio gehiago >