Jarduerak
Asteartea, urriak 8
Gaia: Sota familia. Artea eta mezenasgoa
Jardunaldi monografikoa
Sota familia. Artea eta mezenasgoa erakusketaren amaieran egingo den jardunaldi monografiko honek proposatzen du Sota familiaren ondare garrantzitsura modu desberdinetan hurbiltzea, XX. mendearen hasieran protagonista izan baitzen hiriko bizitza kulturalean.
Data:
2024-10-08
Ordua:
10:00etik 18:00etara
Prezioa:
Doako jarduera
Hizkuntza:
Gaztelania
Lekua:
Arte Ederren Bilboko Museoa. Museo Plaza, 2
Norentzat:
Arrunta, Museoaren lagunak
Izen-ematea/ sarrerak:
LEKUAK AMAITU DIRA
Plaza-kopurua:
Mugatua
- Ikastaroak, jardunaldiak eta hitzaldiak
Laguntzailea:
Ondare hori, Sota Aburto senar-emazteek bildu zuten antzinako artearen eta arte modernoaren bilduma ospetsuan gauzatzeaz gain, 1920ko hamarkadan seme-alabek bultzatu zituzten ekimen eta zirkuitu artistikoen laguntzan eta mezenasgoan ere islatzen da.
Gerra Zibilaren hasierak eta familiak jasandako errepresaliek brastakoan eten zuten historia hori, baina garai baten espiritua jasotzen du, une hartan bildumazaletasuna, mezenasgoa eta nazioarteko korronteen joerak erabakigarriak izan baitziren kultura modernoa asimilatzeko.
10:00etatik 10:30etara
Harrera eta dosierrak ematea
10:30etatik 11:15etara
Bilduma “berezi-berezi” baten eraketa: Goyarengandik Zuloagarengana
Javier Novo
XX. mendearen hasieran, Bilboko industria eta merkataritza indartsuaren ondorioz, burgesiak gora egin zuen eta hiria zabal hedatu zen, modernoa eta kosmopolita izan nahian. Une horretan, arte-bildumazaletasunak protagonismo berezia hartu zuen. Hain zuzen, Sota familia izan zen hirian indar ekonomiko eta kultural horretan gehien lagundu zuen familietako bat. Erakusketaren komisario Javier Novok egingo duen hitzaldi honek Ramón de la Sota Llanok eduki zuen arte-bilduma garrantzitsua nabarmentzen du. 200 artelan baino gehiago izan zituen, artista klasikoen eta modernoen artean, eta, besteak beste, Goya, Grekoa, Zuloaga, Guiard, Regoyos edo/eta Durrio izen garrantzitsuak gailentzen dira.
11:30etik 12:15era
Sota Aburto anaiak: Artea, literatura eta mezenasgoa
Miriam Alzuri
Hirigintzaren hazkundeak, aisialdiak, bizitza sozialak eta agertu ziren kultura-erakunde eta -ekimen berriek definitu zuten 1920ko hamarkadaren izaera Bilbon, eta agertoki moderno eta kosmopolita zabaldu zuten. Hain zuzen, agertoki horretan parte hartu zuten Ramón de la Sota Llanoren semeek. Zaharrena (Ramón de la Sota Aburto) politikagintzan eta familia-negozioetan murgildu zen, baina Alejandro eta Manuel anaiak euskal kulturaren bultzatzaile handiak izan ziren. Argitaletxeen ekimenetan parte hartu zuten (Editorial Vascan eta Hermes aldizkarian, esaterako), eta laguntza eman zioten bertako artisten komunitateari, adiskide minak izan baitziren. Miriam Alzuriren hitzaldi honek Sota Aburto anaien ekimen eta zirkuitu artistikoak jarri nahi ditu agerian, Gerra Zibilaren ondoren deserrotu aurretik helduaroan.
[ 12:30 ATSEDENALDIA ]
13:00etik 13:45era
Bildumaren konfiskazioa: bahitura baten kronikak
Patricia Fernández Lorenzo
Gerra Zibilak erabat eten zuen Sota familiaren ondare kulturala. 1937an, agintari frankistek milioi askoko isuna jarri zioten Sota familiari, euskal nazionalismoarekin zuen loturagatik, eta, ondorioz, ondarearen zati handi bat konfiskatu zuten. Espoliazio horretan balio artistiko eta ekonomiko handiko artelan asko lapurtu zituzten, eta horietako asko oraindik ez dizkiete atzera eman jabe legitimoei. Patricia Fernández Lorenzoren hitzaldi honek familiarentzat hain erabakigarria izan zen une hori dauka aztergai. Hala ere, erbestetik euskal kultura sustatzeko jarduera bizia egiten jarraitu zuen.
[ 15:30 ARRATSALDEKO HARRERA ]
16:00etatik 16:45era
Artisten gaua Ibaiganen: foxtrotetik jazzera
Mario Lerena
XX. mendearen hasierako garapen ekonomiko eta kulturala Bilbon eta Euskal Herrian musikaren artea gero eta gehiago entzutearekin batera etorri zen. Musika akademikoaren gorakadaren eta folklorearen berreskuratze nazionalistaren aurrean, ez da hain gogoratua (baina ez garrantzi gutxiagokoa) moda exotikoen asimilazioa, batez ere amerikarrak, gizarteko dantzarekin lotuak. Horrela, mendearen bigarren hamarkadaren erdian, laster jazza bezala ezagutuko zenaren aire hasiberriak sofistikazio eta elitismo zeinutzat hartu ziren, estratu herrikoienen artean sartu aurretik. Sotatarren etxean festa-gau bat erretratatzean, Antonio de Guezalaren Artisten gaua Ibaiganen (1927) mihisea da fenomeno honen adierazpen ikonografiko gorena.
17:00etatik 18:00etara
Biribilketa for ever!
Big Band Cote Basque (Big band jazz)
Jardunaldiari amaiera emateko, Big Band Cote Basquek kontzertua eskainiko du, garai hartako modernitatea gogora ekartzeko.
Pio Baroja idazle donostiarrak aldarrikatu omen zuen Biribilketa for ever! leloa, 1919an euskal erromerietako biribilketak Bilboko herritarren artean zuen bizitasuna ikusita. Lelo hori behin eta berriz errepikatu zuten bilera eta ospakizun sozialetan, nazioarteko joeretatik zetozen modernitate-aire berriak hartzen zituen tradizio baten funts gisa.
Errepertorioan, garai hartako jai enblematikoetan entzuten ziren hainbat kantu daude, hala nola 1928an Adolfo Guiardi Carlton Hotelean egindako omenaldikoak eta Alejandro de la Sotak Euskal Artisten Elkarteari esker onez Ibaigane Jauregian egindako jaikoak.