Behin Bizitzea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Behin Bizitzea

Musika-topaketa Garirekin

Museoak artearen eta musikaren arteko loturen erakusgarri den musika-topaketa eskainiko du. Bertan, Gari & Maldanberak Behin Bizitzea disko berria (Elkar, 2024) aurkeztuko du, zenbait kanta joko ditu, eta, horrez gain, proposamen berri hau sortzeko prozesu artistikoari buruz hausnartuko du.

Data:

2024-03-15

Ordua:

20:00etan

Prezioa:

Doan

Lekua:

Bilboko Arte Ederren Museoa

Norentzat:

Arrunta

Izen-ematea/ sarrerak:

Izen-ematea hemen

Plaza-kopurua:

Mugatua

  • Topaketak
  • Musika

Gari & Maldanberaren Behin Bizitzea disko berriak harri eta zur utziko ditu ikus-entzuleak lehenengo akordeetatik, kantariaren musika-ibilbideko etapa berriaren eta Maldanbera taldeko kideekin daukan konplizitatearen adierazgarri argia da-eta: Alex Alonso (bateria eta programazioa), Oier Aldekoa (baxua eta ahotsa), Miguel Moyano (gitarra, programazioa eta ahotsa) eta Iker Lauroba kide berria (teklatuak eta ahotsa).

‘Zuzenean 2022’ zuzeneko lehenengo diskoan, berak bakarka garatutako 30 urteko lan-ibilbideko errepertorio ezagunaren zati bat azaltzen zen, eta, horren ostean, kantari legazpiarrak autore-kutsu handiko letradun zazpi kanta berri eskainiko dizkigu. Kanta gehienak, gainera, oso pertsona ospetsuek idatzi dituzte; esate baterako, Txuma Murugarren, Jon Benito, Karmele Jaio edo Iñigo Astiz.

Horrez gain, oraingoan, Garik Ignacio Sáez artistaren laguntza izan du, eta topaketa honetan ere parte hartuko du. Izan ere, albumaren zati bat ilustratu du bere lanekin, izenburuaren beraren muina nabarmendu nahian: garrantzitsua da dagokigun bizitza bizitzea, hausnarketak eta autokritikak barne, kide gaituen erkidegoan bete-betean parte hartzea eta maitasuna ematea, besteak beste.

Parte-hartzaileak

Gari

Jaiotzako izen-deiturez Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo (Legazpi, Gipuzkoa, 1963ko uztailaren 18a) euskal abeslaria da, rock eta pop estilokoa. Ziper taldean abiatu zuen musika ibilbidea, 1983. urtean, Hertzainak taldean sartu aurretik. Hertzainak taldeko ahots nagusia izan zen hamarkada oso batez, eta, taldearen agurrarekin batera, bakarkako bideari ekin zion. Gari izen artistikoaren azpian, estudioko bost disko eta zuzenean grabaturiko bat kaleratu ditu, zenbait bildumatan parte hartzeaz gain.

Iñaki Sáez

Zazpi urte besterik ez zituela, Justo San Felicesek ematen zituen margolaritza-eskoletara joan zen Galdakaon (Bizkaia), bere bizilekuan. Han ezagutu zuen Iñaki Álvarez irakaslea, eta hark ezagutarazi zion arte garaikidea, 1987an. Dohain handia zuen margotzeko eta marrazteko, eta, hala, 1989an UPV-EHUko Arte Ederren fakultatean hasi zen. Lehenengo mailako ikaslea zela, Bizkaiko Artea saria eman zioten. Ikasketak bukatu ondoren, 1994an, Bartzelonara joan zen, eta urtebete geroago BBK Fundazioaren beka bat eskuratu zuen, arte-sorkuntzan aritzeko. Horri esker, New Yorkera eta Mexikora bidaiatu zuen. 2000. urtetik aurrera, Espacio Abisal arte-proiektuaren parte izan zen, Bilbon. Gaur, Hemen, Orain (Arte Ederren Bilboko Museoa, 2001) erakusketan parte hartzeaz gerotik, erreferente nabarmena da bere belaunaldiko artisten artean.