Behatokia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Behatokia

Erotismoa, indarkeria eta drama. Bidaia ausarta bilduman barrena

Museoak programa berria antolatu du –ikasketa taldearen formatuan–, Bildumaren baitan dauden Antzinako Arteko lan askotan ageri diren hainbat gairen azterketa egiteko. Historian zehar kultura bisualaren konstruktuari lagundu dioten irudikapenak dira, eta horien gainean jarriko dugu lupa, gaur egungo gure gizartean puri-purian dauden gai eta auziekin uztartzeko. Ikasketa talde berdina egongo da 6 saioetan zehar.

Data:

2023-11-08 2023-12-20

Ordua:

18:00

Prezioa:

Lagunentzat: 20 €. 6 saioak barneOrokorra: 30 €. 6 saioak barne

Hizkuntza:

Gaztelaniaz

Lekua:

Bilboko Arte Ederren Museoa Museo Plaza, 2.

Norentzat:

Arrunta, Museoaren lagunak

Izen-ematea/ sarrerak:

LEKUAK AGORTU DIRA

Plaza-kopurua:

20 plaza

  • Ikastaroak, jardunaldiak eta hitzaldiak

Babeslea:



Lehenengo edizio honen izenburua Erotismoa, indarkeria eta drama. Bidaia ausarta bilduman barrena da. Erronka berri bat da, eta horren bitartez aztertu eta berrinterpretatu nahi dira museoko zenbait lanen erotika ezkutua, indarkeria gordina, drama edo sexualizazioa; horietan guztietan ikus daiteke erabateko indarra dutela gaur egun ere. Beste askoren artean, Martin de Vosen Europaren bahiketa, Lucas Cranachen Lukrezia, Orazio Gentileschiren Lot eta bere alabak edo Gaspar de Palenciaren Santa Agedaren martirioa.

Behatokia 6 saiotan antolatu da, azterketa taldeak landuko dituen gai ardatzei dagozkienak. Bildumaren Antzinako Artearen alorreko Kontserbatzailea den José Luis Merinok izango du saioak emateko ardura. Saio bakoitzak ardatz tematiko bati jarraituko dio (begiratu egitaraua), eta, metodologiari dagokionez, maisu eskolak eta parte hartzeko dinamikak txandakatuko dira. Bilduma bera gainditzen duten erreferentziak ere landuko dira, eta material literarioak edo zinematografikoak erakutsiko dira, museoko hainbat aretotarako bisitaz gainera.

Saioen amaieran, parte hartzea egiaztatzen duen ziurtagiri bat emango zaie taldeko kideei. Derrigorrezkoa da saio guztietara joatea.



Egitaraua

1. saioa. Testamentu gertagaitza

Azaroak 8, asteazkena

Biblia, historian gehien irakurri den lana, gerra krudelez, bidaia ezohikoez, abentura epikoez eta maitasun eta sexu istorio bihurriez beteta dago. Pasarte horiek objektu ezin ederrago bihurtu dituzte artistek, objektu ikusgarriak eta zirraragarriak askotan, bekatuaren ondorengo zigorrari eta penitentziaren ondorengo erredentzioari buruzko mezu subliminalak ezkutatu ohi dituztenak. Oso modu dotorean erakusten dute egiaz maitasunari, sexuari eta sedukzioari, krimenari eta genozidioari buruzko istorio beldurgarriak diren horiek.

2. saioa. Bekatuak edo bertuteak

Azaroak 15, asteazkena

Bekatu kapitalak… bertute teologalak eta kardinalak… Balio unibertsalak, intenporalak, kultura guztiek hartuak eta sorkuntza lan erakargarrienetakoen inspirazio izan direnak. Baina, zer gertatzen da sentimendurik gorena biluziaren edo estasi anbiguo baten bitartez adierazten denean, material exotikoen bitartez gurtza objektuak luxuzko pieza bihurtzen direnean? Zer bultzatzen du gizabanakoa bere burua erretratatzeko eszenografia jakin bat hautatzera? Ez al da horrela bertutea bekatu bihurtzen?

3. saioa. Oinazearen garaipena

Azaroak 22, asteazkena

Martirologioek, santuen bizitza eta mirariak berregiten dituztenean, haien heriotzak eta torturak idazten dituzte eta larrutuen, burua moztuta dutenen, kiskalien edo geziz josien katalogo bat osatzen dute. Torturaren sublimazioak Kristoren gurutziltzatzean iristen du mailarik gorena. Ez dago arrazoi on batek bultzatuta sakrifikatzea baino gauza hunkigarriagorik, nahiz eta adierazpen plastikoan alderdi morbosora jo ohi den. Oinazez bihurritzen ari diren edo hura beldur gabe onartzen duten irudi erdi biluziek hunkitu egiten gaituzte, eta, aldi berean, artistarekin lotzen gaituzte, modu nahiko doilorrean. Gizakiaren makurkeriak ez du mugarik lagun hurkoa sufriarazi nahi duenean. Edo bai?

4. saioa. Eros eta dramak

Azaroak 29, asteazkena

“Norbera maitatzea bizi osoa iraungo duen idilioaren hastapena da” (Oscar Wilde) baieztapena nartzisismoaren adierazpena bada, lagun hurkoari edo anaia-arrebei zaien maitasuna edo maitasun erromantikoa giza espirituaren adierazpen gorenetako bat da. Kultura guztietako literaturak eskaintzen ditu maitasun istorioak, zeinetan pertsonaiek, maitasunak bultzatuta, ekimen odoltsu eta etsipenezkoak egiten baitituzte, beren burua modu gorenean eskaini edo erabat uzten baitute. Arte plastikoak istorio horietan inspiratu dira askotan edertasun handiko lan hunkigarriak sortzeko. Eta maitasuna ezinezkoa bada eta amaiera zorigaiztokoa bada, are gehiago hunkitzen gaitu.

5. saioa. Hilketa Arte Ederretan

Abenduak 13, asteazkena

Historia Unibertsalean ugariak dira hilketa batekin hasten edo amaitzen diren pasarteak, arreta handiz prestatuak edo pasioz edo bat-batekotasunez gauzatuak. Gaur egun arte, etengabe gertatu dira gure bilakaera aldatu duten krimenak eta magnizidioak. Hilketarako motibazioak, estrategiak eta tresnak errepertorio izugarria osatzen dute, eta modu plastikoan adierazi dira margolan dinamikoetan, bortitz eta espresionistetan, edo estatiko eta ilunetan, haiek salatzeko, erakusteko… helburuarekin. Maitasuna bada espirituaren adierazpiderik gorena, giza psikearen alderdirik ilunena adierazten du hilketak. Hilketaren adierazpen artistikoa adrenalina injekzio bat da, zalantzarik gabe.

6. saioa. Fetitxismoak

Abenduak 20, asteazkena

Bitxikerien kabineteetan edo miragarrien geletan, museoen aurrekari gisa, objektu bereziak eta askotarikoak egoten ziren, faltsuak zenbaitetan, esaterako tximino baten eskeletoaz eta arrain baten hezurrez osatutako sirena bat. Pintura flandestarrean bildumagilea bertan zela irudikatzen ziren espazio horiek, era askotako arte objektuen pilaketa nahasian. Bildumazaletasuna fetitxismo bihurtzen da, eta gaur egungo begiradaren arabera fetitxe diren objektuak gorde ohi dira bildumetan.



Parte-hartzaileak

José Luis Merino Gorospe:

Bilboko Arte Ederren Museoko Antzinako Artearen kontserbatzailea