Berriak
29-03-21
Izaro
Urteurrena
Eusko Legebiltzarraren sorreraren 40. urteurrena dela eta, Nestor Basterretxearen (Bermeo, Bizkaia, 1924Hondarribia, Gipuzkoa, 2014) 1983tik aurrera Legebiltzarreko Bilkura Aretoaren burugainean den Izaro eskulturaren intrahistoria jorratzen duen erakusketa bat dago Legebiltzarrean.
Eusko Legebiltzarrak eta Bilboko Arte Ederren Museoak antolatu dute erakusketa, Peio Aguirre arte kritikari eta idazleak komisariatu eta erakusketaren liburuxka egin eta Gorka Eizagirre arduratu da liburuxka eta erakusketaren diseinuaz.
Erakusketa, Basterretxeak bere sortze prozesuan egindako aurretiazko zirriborroz eta marrazkiz, askotariko dokumentazioaz (argazkiak edo prentsa-ebakinak), erreplikez, bertsioez eta irudiaren hainbat aplikazioz osatuta da nagusiki. Material eta arte lan horiek, Eusko Legebiltzarretik, Ipiña Bidaurrazaga Bildumatik, Kutxa Fundaziotik, Lazkaoko Beneditarren Fundaziotik, Artium Museoaren Bildumatik, Bilboko Arte Ederren Museotik eta Basterretxea familiatik lagatako aldi bereko beste obra batzuekin batera ikusgai dira erakusketan eta horrek Basterretxearen eskultura-metodoa erakusten du, industria-diseinuarekin eta -ekoizpenarekiko artistak izan zuen interesa eta eragina azaleratuz.
Izaro eskultura enblematiko honen sormen ibilbidea aurkezteko asmoz, erakusketak, gainera, artista eta bere unibertso formala omentzen ditu.
Peio Aguirre erakusketaren komisarioaren hitzetan: "Izaro lan aparta da, ez baitira ezagutzen munduan antzerako kasuak, non artelan moderno eta abstraktu bat, bizitza politikoaren erdigune izateaz gain, aldi berean parlamentu baten ikurra eta logotipoa den. Sinbolo horrekiko adostasun sozial eta politikoa erabatekoa da ".
Gisa horretan, eskultura, haritz zurez egindako pieza trinkoa hau, 1980ko martxoaren 31n Gernikako Batzar Etxean egindako osoko bilkuran eratu zen Eusko Legebiltzarreko eztabaida politikoen buru egin da Legebiltzarraren egoitzan, Legebiltzarra, Bizkaiko eta Arabako aldundietan bildu ondoren, 1982an Gasteizko Institutu zaharrean kokatu zen, erakunde parlamentarioaren egoitza gisa birmoldatuta. Urte horretan bertan, Legebiltzarreko Mahaiak lehiaketa publiko bat deitu zuen Eusko Legebiltzarraren ikur adierazgarria diseinatzeko, eta etorkizunean Legebiltzarreko bilkura-aretoaren burugainean kokatuko zela zehaztu zuen. Epaimahaiak, kulturako pertsona ospetsuek osatua, konkurtsora modu anonimoan aurkeztutako hogeita bi proposamenen artean, Nestor Basterretxearen obraren alde ebatzi zuen.
Proiektu irabazlea Izaro izan zen, forma abstraktua, bere izenburuak artistaren jaioterriko Bermeo aurrean dagoen uhartearen izena hartzen duelarik. Bere ibilbidearen etapa honetan, ordura arte Euskal Herrian ia existitzen ez zen eskultura publiko garaikidearekiko interes handia izan zuen artistak eta Izarok irudikapen sinbolikoen konnotazioak hartzen ditu. Basterretxeak berak, obraren zazpi adarrei buruz, honako hau esan zuen: "Nire obrari eman nahi izan diodan adierazpen etniko eta kulturala da jatorri bakarra".
Eskulturak zuhaitz bat sinbolizatzen du, elizateetako zuhaitzen azpian adosteko eta legeak egiteko euskal tradizioa gogora ekarriz. Hondarribiko zerrategi batean egin zuten, Le Mans Manseko (Frantzia) haritzezko enbor batetik abiatuta. Eskulturan, horretarako berariaz lagata Gernikako Arbola zaharreko jatorrizko ezpalak sartu zituzten. 2,2 metroko altuera du, 2,45 metroko zabalera, 70 zentimetroko sakonera eta 30 zentimetroko sakonera behealdean, eta tona erdi baino gehiagoko pisua du. Basterretxeak esan zuen bezala: "Arbola aretorantz iraultzen da".
1983ko urtarrilean jarri zen Izaro bilkura-aretoan, Nestor Basterretxea egilearen ikuskaritzapean. Une horretatik aurrera, Eusko Legebiltzarraren ikur bihurtu da, eta bigarren legealditik aurrera Eusko Legebiltzarraren ikur bakarra izan da.
LEKUA
Eusko Legebiltzarra
Becerro de Bengoa kalea
01005 Vitoria-Gasteiz
2022ko apirilera arte instalatutako erakusketa.
Pandemia-egoerari lotutako bisiten ordutegiak eta baldintzak. Informazio eguneratua hemen: www.legebiltzarra.eus
Erreserbak hemen: tel. 945004000 eta protokolo@legebiltzarra.eus
Oharra
Pandemia-egoerak ez du erakusketa bisitatzeko aukerarik ematen, eta, beraz, Eusko Legebiltzarrak 360ª bisita birtual bat jarri du herritarren eskura. Bisita hori Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus orrian eskura daiteke.