Berriak
08-11-17
Informazio praktikoa eta ezagutzarako baliabideak
Arcimboldo. Florak eta Udaberria erakusketa
UKIPEN-MAHAIA
Teknologia berriek artelanetarako bestelako sarbideak eskaintzen dituzte, eta erakusketako ukipen-mahaia horren adibide da. Erakusketa osatzen duten artelanen teknikaren ezagutzan sakontzeko aukera ematen duten makroargazkiak erakusten ditu.
Pinturaren barrutik, eta bisitaria harritu eta parte hartzera bultzatzen duen esperientzia batean, Arcimboldoren teknika hobeto ulertzeko aukera dago. Egokiera honetarako, museoak ukipen ugariko mahairako aplikazio interaktibo bat garatu du, edozein bisitariri Arcimboldoren obrara artistarena berarena bezain ikuspuntu zabal eta argi batetik gerturatzeko aukera emango diona. Horren adibide dira Lau Urtaroen eta Lau Elementuen alegorien multzoak, Maximiliano II.a enperadorearentzat margotutako sailak; lehenengoaren parte da Udaberria, erakusketan ikus daitekeen obretako bat. Bisitariek aukera izango dute bi sail horien arteko elkarrekikotasunen jolas manierista interakzioaren bidez ulertzeko eta Flora meretrix margolanaren mundu begetalean murgiltzeko, obran ageri diren loreen azterketa botanikoari esker; azterketa hori erakusketa honetarako egin da lehen aldiz
Aplikazio interaktibo hori erabilita, bisitariak, sakondu nahi duten neurrian, beste alderdi batzuetara gerturatu ahal izango dira, hala nola garaiko botanikako marrazkietara eta Floraren eta Udaberriaren mitoen esanahira, beste margolan batzuen bidez argitua. Gainera, Arcimboldok geroko artean, bereziki surrealisten bide-erakusle gisa, izandako eragina egiaztatu ahal izango dute; surrealistek ahanzturatik jaregin zuten, eta inspirazioa aurkitu zuten hark gauzei begiratzeko zuen modu berezian.
KATALOGOA
Banca Marchek eta Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketarako argitaratutako katalogoak “Giuseppe Arcimboldo: Zientzia, Erudizioa eta artifizioa” saiakera du barruan; lan horretan, Miguel Falomirrek Arcimboldok gorteko pintore gisa egindako ibilbidea berrikusten du, bai eta sorkuntza-lan oso espezifiko batzuetako obrak eta teknika ere, “teste composte” –buru konposatuak– deitutakoak, adibidez. Horrez gain, erakusketako obra hautatu batzuen erreprodukzioak ere badaude, bakoitzak bere fitxa teknikoa lagun duela.
Katalogoaren parte dira, halaber, batetik, distikoetan egindako elkarrizketak, Arcimboldoren kolaboratzaile Giambattitsa Fonteok pintoreak Maximiliano II.a Bavariako Emanuelentzat landutako Lau Urtaroetako eta Lau Elementuen koadroei laguntzeko idatziak, eta, bestetik, J. Emilio Blanco Castrok, José Luis Viejo Montesinosek eta José Luis Merino Gorospek garatutako Flora meretrix margolanaren ikerketa botaniko eta zoologikoa.
MATERIAL DIDAKTIKOA
Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak erakusketarako kontsulta-materiala prestatu du, irakasleei eta taldeen arduradunei zuzenduta, bai eta bisita prestatzeko material gisa erabili nahi duen orori ere.
BISITA ORDUTEGIAK ETA TARIFAK
Erakusketa bisitatzeko ordutegia asteazkenetik astelehenera izango da, 10:00etatik 20:00etara (astearteetan itxita).
Gainera, 18:00etatik 20:00etara sarrera doakoa izango da.