Berriak
25-01-22
Ignacio Zuloaga, Anselmo Guinea eta Benito Barruetaren hiru pinturaren dohaintza
Azken Egunak
0. solairua. 2022ko maiatzaren 27ra arte
Bilboko Arte Ederren Museoan, 2022ko urtarrilaren 26an.– Bilboko Arte Ederren Museoko Patronatuak joan den abenduan onartu zuen Ignacio Zuloaga, Anselmo Guinea eta Benito Barrueta euskal pintoreen hiru lan sartzea, eta dagoeneko museoko bildumaren parte dira, Plácido, Maite eta Francisco Arango García-Urtiaga, Carmen de Icaza Zabálburu eta Ignacio Marco-Gardoqui bildumagileen dohaintza eskuzabalari esker, hurrenez hurren.
Ignacio Zuloagaren (Eibar, Gipuzkoa, 1870-Madril, 1945) Pikatzaile ijitoa Anselmo Guinearen (Bilbo, 1855-1906) Arto-jorratzea eta Benito Barruetaren (Bermeo, Bizkaia, 1873-1953) Autorretratuadira lanak; eta hirurek, arrazoi desberdinengatik, balioa ematen diote egileek bilduman duten ordezkapenari.
Pikatzaile ijitoa (1903) lanaren dohaintzak aukera ematen du museoaren bilduman zezenketaren gaia lehen aldiz sartzeko, margolariaren ekoizpenean bereizgarria eta nazioartean izan zuen arrakastaren gakoetako bat dena. Jakina da obra Venezian erosi zela eta gero Frankfurt eta Madrilgo bildumen parte izan zela, harik eta duela gutxi merkatuan agertu eta Plácido Arango bildumagileak erosi zuen arte. Haren oinordekoek dohaintzan eman diote museoari bere memorian.
Anselmo Guinearen Arto-jorratzea (1893) obra garrantzitsua da pintorearen ekoizpenean eta euskal pinturan. Parisera egindako lehen bidaiaren ondoren margotutako obra honek ondo irudikatzen du nola sartu zen Guinea Adolfo Guiard lankideak defendatutako modernitatean, Guiardek sartu baitzuen estetika inpresionistan.
Dohaintzan emandako Benito Barruetaren autorretratu ederra 1905. urte inguruan eginda dago —1943-45 arteko data duen museoko autorretratua baino hamarkada batzuk lehenago—. Obrak osatu egiten du euskal pinturako erretratugilerik nabarmenetako baten bizi-irudia, eta pintura modernoak Velázquezen ereduari egindako omenaldi iraunkorra da.
Ignacio ZULOAGA (Eibar, Gipuzkoa, 1870-Madril, 1945)
Pikatzaile ijitoa, 1903
Olio-pintura mihise gainean. 137 x 135 cm
Plácido Arango Ariasen seme-alabek 2021ean egindako dohaintza
Francisco de Goyak, Pablo Picassok edo Miquel Barcelók bezala, Ignacio Zuloagak mirespen sakona izan zuen tauromakiaren munduarenganako, eta hori, bere pinturan ez ezik, bere gaztaroko biografian ere geratu zen islatuta, Manuel Carmona zezenketariak Sevillan zuen eskolan izena eman baitzuen eta horko plazan zekorrak hil baitzituen "El pintor" ezizenarekin.
Barrutik zuen ezagutza hori gaiari buruzko bere konposizioetan azaldu zen, eta ikuspegi humanistaz jorratu zuen, sarritan —New Yorkeko Hispanic Societyren mihise ospetsuan bezala— "jaiaren biktimak" irudikatuz: toreatzaile apalak, pikatzaileak, dantzariak, kantariak eta bigarren mailako beste batzuk, Zuloagak egiazkotasun handiz hornitu zituen modeloek gorpuztuak. Bertsio etnografikoan Parisen XIX. mendearen erdialdetik ospe handia izan zuen gai honetaz zeukan ikuspegi bereziak leku pribilegiatua hartu zuen Zuloagaren ekoizpenean, bereziki Frantziako hiriburutik Sevillara lekualdatu zenetik, hor,1896an, estudio jendetsu bat instalatu baitzuen. Une horretatik aurrera, eta hurrengo bi hamarkadetan, zezenketei buruzko koadro ugari margotu zituen, hala nola orain museoko bilduman dohaintzaren bidez sartuko den Pikatzaile ijitoa.
1903an datatutako margolan hau pintorearen heldutasun artistikoaren eta nazioarteko arrakastaren garaikoa da, eta aukera eman zion margolariari Bordele, Paris, Munich, Londres, Bilbo eta Veneziako erakusketetan parte hartzeko.
Pikatzaile ijitoa margolanean, Velázquezen kutsuko atzealde monokromo baten gainean, toreatzaile gazte baten erretratua aurkezten du, egurrezko eta lezkazko aulki batean eserita, alde batera okerturik, aulkiari helduta, begirada ikuslearen irismenetik kanpoko plano batera zuzentzen duen bitartean. Jarrera behartuak eta keinu biziak tentsio psikologikoko une bat atzeman dela transmititzen dute. Argiak alkandoraren zuria eta jakatxoaren forruko arrosak nabarmentzen ditu, baita gerrikoa eta galtzaren zintak eta kapelaren apaingarria ere. Beste argi batzuek, berriz, botoietan, urrezko harizko brodatuetan eta aulkiaren dekorazio margotuetan jo, eta konposizioa alaitzen dute, Zuloagarik onenaren adibide argi gisa.
Anselmo GUINEA (Bilbo, 1855-1906)
Arto-jorratzea, 1893
Olio-pintura mihise gainean. 69,2 x 118,8 cm
Carmen de Icaza Zabálburu andreak 2021ean egindako dohaintza
Anselmo Guineak Parisera egin zuen lehen bidaiatik urtebetera margotu zuen Arto-jorratzea pinturak pertsonaia batzuk irudikatzen ditu, artasoro batetik karduak eta belar txarrak erauzten. Urte horietan datatutako beste obra batzuen sail berekoa da, Guineak honen moduko landa-lanak irudikatzen baititu haietan, hala nola sega edo sagarraren uzta.
Paisaia Murueta herrian dago (Bizkaia), gaur egun Urdaibaiko Biosferaren Erreserba den horretan. Gernikako itsasadarra, baserriak eta mendiak ditu atzean, eta artasoroan bost gizon, bi emakume eta, lehen planoan, mutil bat, gaztainondo-zurez egindako saski baten gainean eserita. Formatu etzanak estuarioaren lautasun atsegina indartzen du, emeki-emeki argiztatua Guineak konposizioa deskribatzeko erabiltzen dituen urdin eta grisen paleta batekin. Kromatismo delikatua osatzen da zuhaitzen, artoaren eta mahatsondoaren berdeekin, eta gizonen txapelen eta emakumeen zapien kolorezko kontrapuntuarekin.
Margolana 1893ko udaberrian margotu zuen, eta handik gutxira Bilboko Viktor kaleko Ángel Velascoren ispilu-dendan erakutsi zen. Guineak bere lanak ezagutzera eman ohi zituen horko erakusleihoan, eta, batzuetan, Adolfo Guiard lankidearen pinturarekin gertatzen zen bezala, polemika sutsuak pizten zituzten zaletuen eta bertako kritika artistikoaren artean.
Margolan honetan argi eta garbi ikusten da akademizismoa alde batera utzi, estetika inpresionistarekin lotu, eta au plein air pinturaren lengoaia hartu zuela. Margolaria hil eta urtebetera antolatu zen omenaldi-erakusketan sartu zen, eta ordutik argitaratu gabe egon zen. Guiardekin izandako lankidetza estuari esker, XIX. mendeko azken hamarkadan Guinearen obran izandako aldaketa irudikatzen du. Guiard, 1890ean, eta bere ibilbide artistikoa erabat finkatuta zegoela, Muruetan kokatu zen, aire zabalean eta naturarekin harreman zuzenean margotu ahal izateko. Guiardek Guinearekin partekatu zuen estudioa, eta bere eragina argi eta garbi ikusten da koadro honetan, bai paletan eta konposizioan —marrazketa zehatzekoa lehen terminoan eta deseginagoa azken planoetan—, bai irudien eraikuntzan, hala nola haurraren ondoan dagoen pertsonaia maskulinoa egitean, non Guiardek Bakioko baserritarra (1888) lanean —museoaren bildumakoa bera ere— maisuki irudikatu zuen Bizkaiko landa-munduak egiten baitu durundi.
Benito BARRUETA (Bermeo, Bizkaia, 1873-1953)
Autorretratua, c. 1905
Olio-pintura mihise gainean. 46,3 x 38,2 cm
Ignacio Marco-Gardoquik 2021ean egindako dohaintza
Ángel Larroque, Juan de Echevarría, Aurelio Arteta eta Valentín de Zubiaurre margolarien edo Quintín de Torre eskultorearen belaunaldiko kidea izanik, Benito Barrueta bokazio goiztiarreko margolaria izan zen, eta, jatorri apala izan arren, prestakuntza jaso ahal izan zuen Madrilgo Arte eta Lanbide Eskolan izandako beka bati esker. Bertan, Prado Museoan lan egin zuen kopiatzaile gisa, eta Espainiako eskolako pintura handiaren berri izan zuen, beragan eragin handia izango zuena. 1900ean Parisera joan zen, Montmartreko nazioarteko kolonia artistikoarekin harremanetan jartzeko, eta lanak erakutsi zituen 1906, 1907, 1909 eta 1910eko Udazkeneko Aretoetan, eta 1912an Druet galerian egindako bakarkako erakusketa batean. 1914an, Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Bermeora itzuli zen, eta Nautika eta Arte eta Lanbide Eskolako marrazketa-irakasle gisa egindako lanarekin uztartu zuen ibilbide artistikoa. Espainiako Gerra Zibilean Frantzian erbesteratu zen, eta 1941ean itzuli zen, lehenik Bilbora, gero Durangora, eta bere bizitzako azken hamarkadan Bermeon kokatu zen.
Sarritan bere bizi-ingurunean inspiratutako pintura intimista batean ardaztuta, Barruetak etxeko barnealdeak, natura hilak eta erretratuak irudikatu zituen batez ere. Museoari emandako autorretratua ziur aski 1905. urte inguruan egingo zuen, pintore gisa goranzko ibilbidea hasi zuenean. Soiltasunez jantzita, bere burua irudikatzen du, bustoz eta aurrez aurre. Bibote sarria du gorantz okertua, lepoko zapiarekin bohemio-kutsua ematen diona, eta ikusleari begiratzen dio, heldutasunean barneratzen den gizon erabaki baten irudia osatuz.
Koadroan ez dago bere lanbideari buruzko aipamenik, eta, erretratu guztietan gertatzen den bezala, atzealde monokromoa erabiltzen du, modeloan arreta biltzen duena. Pintzelkada askez aplikatutako okre eta betunen paletak aurpegian dosifikatzen ditu argiak, eta ukitu bikainez ematen dio bizia begiradari. Desfokuratze arinak bere gaztaroko Velázquezen kutsuko irakaskuntzetara eramaten gaitu, lengoaia propioa, artifiziorik gabea eta lirismo handikoa sortzeko bereganatu baitzituen.
Hitzaldiak
Martxoaren 3a, osteguna, 19:00
Anselmo Guinearen grina naturalista
Mikel Lertxundi Galiana. Filosofia eta Letretan doktorea eta arte-komisario independentea
1880ko hamarkadaren amaieran, Adolfo Guiardek Parisko egonalditik ekarritako kontzeptu estetiko eta konpositibo berritzaileekiko harremanak Anselmo Guinearen aldaketa plastikoa eragin zuen, Erromako merkatuan oparotasuna finkatu ondoren etorria baitzen. Lagunaren iradokizunek eta 1892an Frantziako hiriburura egindako lehen bidaiak naturalismora hurbilarazi zuten.
Martxoaren 10a, osteguna, 19:00
Ijito, torero eta poeta artean. Figurak eta modeloak Ignacio Zuloagaren obran
Javier Novo González. Museoko Kontserbazio eta Ikerketako koordinatzailea
Ignacio Zuloagak ibilbide artistikoa sendotu zuen bere garaiko irudi herrikoien eta mundutarren irudikapen gordinei esker, hainbat roletan islatuta: zezenketa- edo eliza-munduko pertsonaiak, poetak, sorginak edo prostitutak. Eredu horiekin guztiekin, artistak polemika biziak piztu zituen Espainian, eta, aldi berean, arrakasta handia lortu zuen nazioartean.
Martxoaren 17a, osteguna, 19:00
Benito Barruetaren (1873-1953) bizitza eta obra
Andone Narváez Gofinondo. Benito Barruetaren obran espezializatutako ikertzailea
Talentu handikoa izanik, Barruetak intimismo-aura eta harmonia kromatikoa eman zizkien bere oihalei. Bere obran etxeko eszenak eta hurbileko paisaiak dira nagusi, eta fintasun bikainez islatu zituen. Hitzaldi honek ezagutzera emango ditu Bermeoko margolariaren bizitza eta obraren alderdi ezezagunak.
Auditoriuma, 19:00
Doako sarrera www.museobilbao.com webgunean eta museoko leihatilan otsailaren 8tik aurrera