Berriak
17-01-23
Iberdrolak eta museoak “Ukitzeko Artea” berrartuko dute
Ikusizko irisgarritasuneko programa
Duela bi harmarkadatik hona, Iberdrola eta museoa lankidetzan ari dira “Ukitzeko Artea” programan. Programa horren helburu nagusia da ikusteko desgaitasuna duten pertsonei arteaz gozatzeko eta ikasteko aukera irisgarri egitea. Bilboko museoaren programa aitzindaria da; 2012az geroztik, “ukitzeko bisitak” daude esperientzia museografikoaren barruan, bildumako artelanak erliebean erreproduzitzen dituzten panelen bitartez. Ikusteko desgaitasuna duten pertsonei bideratutako proposamenarekin batera, “Ukitzeko Artea” programak ikasle guztientzako sentsibilizazio-esperientzia sentsorial bat ere eskaintzen du. Hezkuntzako langile guztiei zuzenduta dagoen jarduera hau osatzeko, laguntza-materiala eta audiogidak daude (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez).
Lehen edizioetan, programa in situ gauzatu zen, eta, 600 lagunek parte hartu ondoren, Hezkuntza Sailak erabaki zuen helburu horren irismena zabaltzea museotik harago, eta, horrenbestez, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan barrenako ibiltaritza hasi zen. Museoko jarduera hau 2018az geroztik egiten da bere egoitzatik kanpo, eta, ordutik, 32 ikastetxek eta 7.482 ikaslek hartu dute parte.
Urtarril honetan, Gipuzkoako ikastetxeetan ibiltaritza bat egingo du berriz, eta, horretarako, Iberdrolaren babesaz gainera, IBTren –Ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegia– laguntza izango du. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko aniztasunerako eta inklusiorako laguntza-zerbitzuen parte da IBT. Erreserbak museoko Hezkuntza Sailaren bitartez bideratuko dira: deac@bilbaomuseoa.eus/Tel.: 94 439 61 41.
“Ukitzeko Artea” eskaintza handituz joan da; hasieran, bost artelan ziren, eta, gaur egun, zortzi dira; aurten, berri bat dago, gainera. Panelen kopurua handitzeaz gainera, orain María Blanchard (Santander, 1881-Paris, 1932) artistaren lan bat gehitzeak hobekuntza kualitatibo bat dakar emakumezko artisten ordezkaritzari dagokionez; kasu honetan, mugimendu kubistako margolari nabarmenenetako batena. Blancharden Femme assise (Emakumea eserita) lana bereziki egokia da programa honetarako; izan ere, lanean emakume baten irudikapen figuratiboa egiten da, plano fazetatuen kode kubistaren arabera.
Hala, zortzi artelan hauek ibilbide bat osatzen dute, artearen historiako aldi eta eraginik handieneko artistei dagokienez: Noeren kutxa Erromaniko Katalaneko artelan bat da, XIII. mendearen azken herenean datatua; Grekoaren Deikundea eta José de Riberaren Emakume santuak San Sebastian sendatzen lanak Espainiako eskolari dagozkio; Barroko italiarreko margolana da Orazio Gentileschiren Lot eta bere alabak; Emakumea eserita haurra besoetan duela, Mary Cassattena, mugimendu inpresionistako margolari enblematikoenetako batena, alegia; Lying Figure in Mirror (Irudia etzanda ispiluan), Francis Baconena, Krabelin gorridun baserritar gaztea, Adolfo Guiard euskal artistarena; eta, gaurtik aurrera, Femme assise (Emakumea eserita), Maria Blanchardena.