Berriak
13-06-17
Iberdrola Museoa Programa – Eduardo Chillida: “Topalekua IV (1973-1974)”
Bilboko Arte Ederren Museoak eta Iberdrola Fundazioak Eduardo Chillida artistaren (Donostia, 1924-2002) Topalekua IV (1973-1974) eskultura monumentala aurkeztuko dute, zaharberritu ondoren
Iberdrola-Museoa Programak hainbat kontserbazio eta zaharberritze lan egiten ditu museoaren ondare artistikoa osatzen duten margolanetan, gordetzeko zein erakusteko baldintza onenetan egon daitezen. Aurten, Eduardo Chillida euskal artistaren Topalekua IV (1973-1974)eskultura handia dago hautatutako lanen artean, eta lan hori da, hain zuzen ere, bisitariei harrera egiten diena. 2000. urteaz geroztik, bestalde, euskal eskultorearen izena du museoko plazak, bai eta atariak ere. Kalean dagoen eskultura bat denez, aldizka egin ohi zaizkion ohiko mantentze lanez gainera, tratamendu zehatzago baten beharra zuen. Azken lau asteotan egin zaio kontserbazio eta zaharberritze tratamendu hori eskulturari.
Eduardo Chillidaren topalekuak
Chillidaren eskultura-corpus luze eta zabal horren barruan, nabarmentzekoa da berariaz gune publikoetan erakusteko helburuarekin sortutako lan monumentalen multzo bat, hain zuzen ere, "Topalekuak" izenburukoen multzoa. Hitz adierazgarri hauetan laburbiltzen da eskultorea lan horiek egitera bultzatu zuen espiritua: "topalekuak, elkarrizketarako eta elkarbizitzarako guneak".
Hamar urtez egindako zazpi eskulturek osatzen dute eskultura-sail hori; zaharrena 1964. urtekoa da, eta 1974. urtekoa da, berriz, berriena. Egurrez eta Corten altzairuz egin zituen, hurrenez hurren; gainerakoetarako, aldiz, gure museokoa barne, hormigoia erabili zen. Pieza guztiek, saileko lehenak izan ezik, eskala monumentala dute: 5 metro luze ingurukoak dira eta hainbat tonako pisua dute.
Museoko lanaren kasuan, 16 tonatik gorako pisua du hormigoizko lanak, eta 215 x 475 x 408 cm-ko neurriak ditu. 1973. eta 1974. urteen bitartean egin zen, eta Chillidak berak eman zion museoari 1982. urtean. Artistaren beraren gainbegiradarekin kokatu zen eskultura eraikin modernoaren beheko solairu zaharrean, hau da, gaur egungo sarrerako ataria den gunean. Dena dela, 2000. urteko ekainean, eta artistaren ikuskaritzarekin, gaur egungo kokalekura eraman zen.
Lan-sail horretan, hiri testuinguru garaikideetarako eskultura arkitektonikoen eredu berriak asmatu zituen Chillidak. Hormigoizko lehen proiektua Topalekua II (Madril, 1971) izan zen, lehenengo lan eseki handia, eta José Antonio Fernández Ordóñez ingeniariaren lankidetzarekin osatu zuen. Horietako asko erakunde publikoek eskatutakoak izan ziren, eta eskala handian osatu zituen, kanpoko guneetan jartzeko: Topalekua I (1954), New Yorken; Topalekua II (1971) eta Topalekua III (1972), Madrilen; Topalekua V (1973), Toledon; Topalekua VI (1974), Madrilgo Juan March Fundazioan, eta Topalekua VII (1974), Palma de Mallorcan. Hainbat prestakuntza-lan ere gorde dira, brontzez, altzairuz, burdinaz eta igeltsuz egindakoak.
Chillidak eskultura horietan egindako funtsezko ikerketetako bat formek espazioan duten egituraketa da; eta, zehazki, forma inguratzen duen kanpoko espazioaren eta barruko espazioaren arteko harremanaren inguruan ikertu zuen. "Bada arazo komun bat –idatzi zuen artistak berak– nire lan gehienetan: "barne espazioaren" arazoa, kanpoko bolumen positiboen ondorioa eta jatorria. Barneko espazio horiek definitzeko, beharrezkoa da horiek biltzea, kanpoan dagoen ikuslearentzat ia eskuraezin bihurtzeraino… Nire helburua da tridimentsional barnehutsa tridimentsional betearen bitartez definitzea, eta horien artean elkarrizketa moduko bat ezartzea".
Beste ezaugarri bat hormigoiaren erabilera da. Chillidak materialaren laztasuna eta balio monokromatikoak goresten ditu, itxuraz elkarren kontrakoak diren ezaugarrien batura bilatzeko, hala nola, materialaren laztasuna inguruko lerroen fintasunarekin, eta formaren irmotasuna hustasunaren handitasunarekin.
Azkenik, aipatu beharra dago bere lan gehienetan hain presente dagoen lebitazio kontzeptua, bai eskulturetan bai grafikoetan. Topalekua IV, altzairuzko hariekin esekia, lurretik hainbat zentimetrora dago, eta goragune txiki horri esker, efektu berezia sortzen du: hamasei tonako pisua baliogabetu, eta kurbaren harmonia eta formen hutsaren eta betetasunaren arteko txandaketa nabarmentzen du.
Esku-hartzea
Chillidaren hormigoizko piezen kontserbazio egoera eta haren esku-hartzea aztertzeko, kontuan hartu behar da lan horietan erabilitako teknika. Hormigoi armatuaren erabileratik abiatuta eta egurrezko kofratu edo egitura batez –zementuaren eta idorren edukiontzi zeregina betetzen duena– mugatutako armadura metaliko baten bitartez ematen zaio forma bolumen eskultorikoari.
Lan hauen kontserbazio arazo nagusietako bat, museoko lanarekin gertatzen den bezala, barneko metalezko armadura da, izan ere, pitzadura txikiak eta hausturak eragin ditzake zementuan, eta, ondorioz, galera formalak gertatzen dira.
Lanaren kontserbazioari dagokion beste arrisku-faktoreetako bat kanpoan egotea da, eta, kokaleku hori dela-eta, eragile klimatikoek zuzenean eragiten dute lanaren materialen gainean, eta, era horretara, oxidazio prozesuak bizkortzen dituzte eta kolonizazio biologikoa sustatzen dute.
Faktore horiek guztiak aztertu eta Topalekua IV lanean esku hartu aurreko azterketa teknikoak egin ondoren –egitura egiaztatzea, zementuaren alkalinotasunaren azterketa, oxidazioen eta izurri biologikoen egiaztapena–, lanaren azaleko geruzaren tratamendua egin zen, produktu "biozida" baten aplikazioaren bitartez.
Prozesu horrekin batera, harrizko materialen kontsolidazio berezi bat egin zen, bai eta osagai metalikoen oxidazioak konpontzeko tratamendua ere. Azkenik, esku-hartze txikiak egin ziren, hainbat osagai leheneratzeko, bai bolumen-galera izan zutenetan bai galera kromatikoa izan zutenetan, eta hori guztia, kontserbazio egoeraren eskakizunen arabera eta gutxieneko esku-hartze irizpideari jarraituz.
Kontserbazio programa prebentibo horri esker, lanaren bilakaera kontrolatu ahal izango da etorkizunean, eta jarduera protokolo ezin hobea definitu.