Berriak
18-12-15
Iberdrola Museoa Programa 2015
Zaharberritutako artelanen aurkezpena
Iberdrolak laguntza ematen dio Museoaren Kontserbazio eta Zaharberritze Programari; hain zuzen ere, finantziazioa ematen du urtero bilduma iraunkorreko artelan batzuen tratamendurako, eta, gainera, Prestakuntza eta Ikerketako Beka bat esleitzen du, Kontserbazio eta Zaharberritze Sailean aritzeko.
2015. urtean, pieza hauetan egin dira tratamenduak: Flandesko Anton Van Dyck maisuaren olio monumental bat, Atsekabea Kristo hilagatik eszena irudikatzen duena; Gustavo de Maeztu euskal margolariaren lehen helduaroko lanik adierazgarriena, Calatañazorko itsua izenekoa; Bilboko Quintín de Torre eskultorearen igeltsuzko figura mitologiko bat; eta Andrés Nagel euskal artista garaikideak laurogeiko hamarkadaren hasieran egindako lan bat, 82029 zenbakia duena. Azkenik, paper-gaineko obren aukeraketari dagokionez, jarraipena eman zaio iaz hasitako zaharberritze-lanari; Bilboko Roberto Laplazaren XIX. mendeko hamarkadetako marrazkien multzoari, hain zuzen ere.
ANTON VAN DYCK
(Anberes, Belgika, 1599-Londres, 1641)
Atsekabea Kristo hilagatik, c. 1634-1640
Olioa mihisean. 156,5 x 256,7 cm
1985ean eskuratua
Margolan honetan, Van Dyckek Kristoren Pasioaren sekuentziarik hunkigarrienetako bat aurkezten digu. Efektu dramatikoa sortzen du, Birjinaren begitartea argituz, eta, aldi berean, Jesusena itzalpean utziz. Jesusen gorputza bikain irudikatuta dago, erdi biluzik, hil-oihal zuriak apenas estaltzen duela, eta badirudi argia bere baitatik sortzen dela. Londresen bizitzen eman zuen azken aldian margotu zuen lan hau, Karlos I.arentzat lanean ari zela. Ezin hobeto betetzen ditu monarkak markatutako ildo estetiko idealizatzaileak, besteak beste, figuren dotorezia, konposizioaren oreka eta gama kromatiko leuna.
TRATAMENDUA. Gainazaleko estratua garbitu da, oxidatutako berniza, orbanak eta pinturaren gaineko zikinkeria kenduz. Leheneratze kromatikoaren bidez, kolorea eman da zeuden hutsune txiki batzuetan, eta euskarrian zeuden akatsak zuzendu dira. Markoa garbitu, eta urre-kolorea galduta zegoen lekuetan berregin egin da. Kontserbazioko muntatze-lanak.
QUINTÍN DE TORRE
(Vitoria-Gasteiz, 1887 – Estella-Lizarra, Nafarroa, 1947)
Calatañazorko itsua, c. 1915
Olioa mihisean. 151 x 161 cm
1917an eskuratua
Lan hau Maezturen lehen helduaroko obrarik adierazgarriena da. Margolanari izena ematen dion figura konposizioaren erdian altxatzen da, eta espazioaren zati handi bat hartzen du; piramide izugarri bat sortzen du, paisaiarekin mimetizatu, eta ezkutatu egiten duena. Laurogeita hemezortziko ikuspegiaren oinordekoa den margolari honek Gaztelako landa-giroko errealitateko irudi bat moldatu du, bere obraren bereizgarriak azalduz, hau da, sinbolismo berantiarra eta dekoratibismoa. Marrazkilari argia eta kolorista ausarta izanda, margolanera eraman ditu esmaltearen edo zeramikaren emaitza kromatikoak. Sentsualtasun arraroa sumatzen da bere obran, gehienbat, bere modelatuaren ukipen-sintesi oso eskultorikoan eta materiaren enpastatze lodian islatuta.
TRATAMENDUA. Pinturan eta euskarrian zeuden krakeladura, altxatze eta desitxuratze gogorrak finkatu eta zuzendu dira. Bernizezko geruza lodia eta zikinkeria garbitu dira. Hutsuneak osatu, atzealdea garbitu eta markoari behar zuen tratamendua eman zaio. Kontserbazioko muntatze-lanak.
GUSTAVO DE MAEZTU
(Bilbo, 1877-1966)
Fartsa, c. 1930
Igeltsua 1,75 x 85 x 97 cm
Pedro de Torre Garnica jaunak 2012an egindako dohaintza
Igeltsuzko modelatua, izen bereko brontzezko eskultura baterako egina. Eskultoreak onarpen handia lortu zuen eskultura honekin, 1930ean Arte Ederren Erakusketa Nazionalean Madrilen aurkeztu zuenean. Jatorriz lorategi batean jartzeko sortua zen, baina gaur egun toki ezezagun batean dago, eta, hori dela-eta, igeltsu honek balio dokumental handiagoa hartu du. Obra honekin, Quintín de Torre hizkuntza sinbolistara hurbiltzen da, eta, era horretan, urrundu egiten da bere ekoizpenaren zati handi batean hain ugariak diren eta bere obrari sona eman zioten iruditeria barrokotik gertuko postulatuetatik.
TRATAMENDUA. Obra hainbat puntutan sendotu da. Kolaztatze zaharrak zuzendu dira. Zikinkeriazko geruza garbitu eta galdutako elementuak berregin dira. Idulki egoki bat egin da, behar bezala erakutsi, manipulatu eta garraiatu ahal izateko.
ANDRÉS NAGEL
(Donostia, 1947)
82029, 1982
Olioa eta akrilikoa poliester eta beira-zuntzean, egurra eta kristala. 174,5 x 135 x 50,4 cm
1982an eskuratua
Nagelen obra figurazio espresionistaren barruan dago. Batera nahasten ditu eguneroko bizitzako elementuak eta irudipen fantastikoak, burleskoak, absurdoak edo –kasu honetan– dramatikoak. Aurretiazko objektuak eta era askotako materialak erabiltzen ditu, artistak berak egindako figurekin batera –normalean, giza figurekin–. Batzuetan, zatika moldatzen ditu –beira-zuntzez eta poliesterrez, erraz modelatzeko moduko alanbrezko bilbe baten gainean, eta, gero, polikromatuz–, eta horrek, oinarrizko erreferentzia gisa, pop artean pentsatzera garamatza, komiki, kartelgintza eta publizitatearen erreferentzia zinematografikoarekin batera.
TRATAMENDUA. Egitura eta material piktorikoa sendotu dira. Tratamendua eman zaio gainazaleko geruzari, izaera desberdineko substantziaz egindako geruza trinko batek eratzen baitu. Leheneratze kromatikoa. Ainguratzeko eta horman instalatzeko modua berrikusi da.
ROBERTO LAPLAZA
(Bilbo, 1842-Madril, 1930)
Ikatz-ziriz egindako 12 marrazki eta tinta paperean, 1875. eta 1895. urteen artekoak.
2007an eskuratuak
Laplaza bilbotarraren ibilbide artistikoa Madrilen izan zen gehienbat; horma-obra garrantzitsuetan hartu zuen parte bertan. Museoak ehun bat ikatz-marrazki ditu. Irudikapen alegorikoak dira, besteak beste, urtaroenak, eta arte edo bertute teologalenak, Madrilgo aristokraziaren jauregiak eta elizak dekoratzeko zirriborroak izandakoak.
TRATAMENDUA. Sostengatutako elementuak finkatu dira. Euskarriaren garbiketa mekanikoa eta desadifikazioa egiteaz gain, deformazioak kendu, eta galdutako guneak berregin dira. Kontserbazioko muntatze-lanak.
Iberdola Museoa Programa
Museoaren beka-programa
Fundación Iberdrola