Berriak
30-05-24
Hiru erakusketa berri udarako
Erakusketa programa berria
BBK-k eta museoak ongietorria emango diogu udari, hurrengo asteetan museoko aretoetan hedatuko den erakusketa-egitarau berriaren bitartez.
Ekainaren 7tik aurrera, Ekitaldiarteak gogora ekarriko ditu Bilboko Arte Modernoko Museoaren sorrera eta ibilbidea, gure Arte Ederren Museoarekin bat egin arte. Ondoren, Sota Familia erakusketak, ekainaren 21etik, gure arte-ehunerako garrantzi handiko beste gertakari historiko bat berregingo du: Ramón de la Sota bilbotar enpresaburuaren familiaren bilduma eta mezenasgoa. Azkenik, ekainaren 25tik, Eduardo Chillida eta Godofredo Ortega Muñozen arteko buruz burukoak amaiera aparta emango dio BBKateak programari, eta, aldi berean, euskal eskultorearen jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatuko du.
Erakusketak Arte Modernoaren Bilboko Museoaren inaugurazioaren (1924) mendeurrena ospatuko du. Aurelio Arteta margolaria izan zen museoaren lehenengo zuzendaria. Urte batzuk geroago, 1945ean, Arte Ederren Museoaren eraikinean ezarri zen, eta bi erakunde horien bildumak 1969an batu ziren. 11 aretotan zabalduko da erakusketa, hainbat artelan eta dokumentaziorekin. Horietako asko argitaratu gabeak izango dira, eta museoaren historiako gertaera garrantzitsuetan sakonduko dute, hala nola obra enblematikoen erosketetan, lehen erakusketetan edo Gerra Zibilaren garaiko funtsen ebakuazioan. Gainera, Mikel Onandia EHUko irakasleak gaiari buruz egindako ikerketa sakonaren edizioa lagunduko du.
2024eko ekainaren 7tik 2025eko urtarrilak 7ra arte
Erakusketa bildumazaletasun historikoan oinarrituko da, Ramón de la Sota y Llano (1857-1936) enpresari bilbotarrak jasotako multzo artistiko bikaineko berrogeita hamar artelan esanguratsu ezagutaraziko dituen berreraikuntza baten bidez; Javier Novo, Kontserbazio eta Ikerketako koordinatzailea, izango da komisarioa. Francisco de Goyaren Sorginen hegaldia margolan apartak, Prado Museoak erakusketarako lagatakoak, ardatz kronologiko gisa jardungo du, besteak beste, artista hauen lanen artean: Cornelis Van der Voort, Grekoa, Luis de Morales, Eduardo Zamacois, Anselmo Guinea, Adolfo Guiard, Ignacio Zuloaga, Darío de Regoyos, Francisco Iturrino, Antonio de Guezala edo Aurelio Arteta.
Ekainaren 21etik urriaren 13ra
Erakusketa honek itxiko du BBKateak erakusketa ibiltarien programa; Javier González de Durana historialariak proposatuta, Eduardo Chillidaren eta Godofredo Ortega Muñozen arteko analogia formalei eskainitako hiru areto izango dira. Bi artista horien arteko aurrez aurreko horrek gogora ekartzen digu margolariaren bakarkako lehen erakusketa Bilboko museoan egin zela 1957an, eta, urtebete geroago, Chillidak Veneziako Bienaleko Eskulturaren Nazioarteko Sari Nagusia jaso zuela. Gainera, Chillidaren Mendeurrenaren ospakizunekin bat egiten du. Martxoan, aurrekari moduan, museoak Topalekua IV (1973) eskultura monumentala mailegatu zion Chillida Lekuri.
Ekainaren 25tik irailaren 30era arte
BBK Artearen Ibilbidea dibulgazio artistikorako programak ibilaldi berri bat hasi du Bizkaian barrena. Oraingoan, museoaren bildumako 38 artistak haurtzaroa artearen historiako gai, estilo eta garai desberdinetan nola irudikatu den erakusteko. Hurrengo hilabeteetan, Bizkaiko 32 udalerritara joango da. Horietako bakoitzean, egitasmoa herritarren topaguneetan egongo da astebetez, leku irisgarrietan eta aire zabalean.
Informazio gehiago, hemen