Berriak
12-09-11

Hasi dira Antonio López erakusketa prestatzeko lanak
Urriaren 10ean, BBK Fundazioaren babesari esker, Antonio López erakusketa inauguratuko da Bilboko Arte Ederren Museoan. Publikoak gehien miresten eta aintzat hartzen duen eta oraindik ere jardunean den margolari espainiarretako baten antologiko handia da erakusketa hau. Erakusketa hau Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoan ikusteko aukera amaitzeko oraindik aste bi falta direnean (Bilboko museoak Madrilgoarekin batera ekoitzi du erakusketa), 250.000 lagun baino gehiago izan dira bertan, artista honen lanak miresten.
Antonio López (Tomelloso, Ciudad Real, 1936) jardunean den artista espainiarrik entzutetsuenetakoa da, bai eta jendearen artean miresmenik handiena sortzen duenetakoa ere. Hala ere, Reina Sofía Museoak 1993an eskaini zion atzera begirakotik, ez zuen beste erakusketarik egin gure herrialdean. Thyssen museoaren zuzendari artistikoa den Guillermo Solana historialaria eta margolariaren alaba den María López izan dira erakusketako komisarioak; bertan, margoz, marrazkiz eta eskulturaz osatutako corpus garrantzitsua bildu da, berrogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbide artistikoaren balantzea egin nahian.
130 artelan inguruk osatuko dute errealismoaren margolari handiaren ibilbide biografiko eta artistikoa. Tartean, familia-erretratuak, lehenengo garaiko margo surrealizatzaileak, bere estudioko marrazkiak, eskulturak eta Madrilgo ikuspegi panoramika ospetsuak daude. Madrilen eta Bilbon ikusgai jarritako lanen kopurua ia bera da, baina, kontserbazio-arrazoiak direla eta, lan batzuei ez zitzaien erakusketa-denbora luzerik komeni, eta, beraz, hamar bat lan ezin izan dira museo bietan egon. Kasu horietan, pieza horien ordez, garrantzi bereko beste batzuk jarri dira.
Aurrerapen gisa, Carmen lo eta Carmen esna brontzezko eskultura monumentalak instalatu dira; museoaren sarrerako atartean eta BBKren egoitza nagusiaren kanpoaldean (Kale Nagusian, Diputazio kalearen ertzean) daude, hurrenez hurren.
2002an, lehen aldiz, Sustapen Ministerioak eskultura monumental bat sortzeko enkargua egin zion Antonio Lópezi, espazio publiko baterako; Atochako Geltokiko sarreren atarterako, alegia. Hain zuzen ere, hori izan zen margolariak Madrilen zapaldu zuen lehenengo lekua, 1949an hara heldu zenean, artean mutikoa zela. Haurtxo bat (bere iloba Carmen, sei hilabetekoa) irudikatzen zuen eskaiolazko molde batetik abiatuta, bi buru erraldoiak brontzean galdatu ziren. 2008an instalatu ziren, eta, urte hartan bertan, Antonio Lópezek eskultura horietako bakoitzaren hiru ale egitea erabaki zuen, horiek ere brontzez eta neurri apur bat txikiagokoak (gutxi gorabehera, bi metro eta erdi luze, eta mila kiloko pisua du bakoitzak), museo edo erakusketetan ikusi ahal izan zitezen. Egilearen hitzetan, buruek denboraren joana irudikatzen dute: "… neurri berekoak, ume berarenak [iloba] eta adin berekoak izanik, denboraren joana iradokitzen zidaten, Eguna eta Gaua".