Berriak
26-03-18
Gurutzadetatik bueltan. Eduardo Arroyorekin solasean
Eserita, eta erakusketari izena ematen dion obra atzean duela: halaxe hartu gaitu margolariak. Parean du Ignacio Zuloagaren Festaren biktima margolana, zeinak obsesio handia sortu izan baitio. 80 urte ditu Eduardo Arroyok, eta oraindik ere bere-berea duen ironia eta inspirazioa proiektatzen dihardu, Zuloagaren mihise handiari darion gogortasunarekin kontrakarrean. Museora etorri da bere azken erakusketa zabaltzeko aitzakian (Eduardo Arroyo. Le retour des croisades) eta aukera baliatu dugu hura hobeto ezagutzeko.
Erreplikaz
Museoa: Zergatik hartu zenuen oinarritzat Zuloagaren Festaren biktima margoa?
Eduardo Arroyo: Hara, beti interesatu zait asko Zuloagaren obra. Iruditzen zait bere obra oraindik ez dagoela egon behar lukeen tokian. Baina egongo da noizbait. Behin museora etorri nintzen, eta margolan hau ikusi nuen, Zuloaga itzel hau, pikatzaile harrigarri hau. Orduantxe sortu zitzaidan obsesioa, eta museoari eskatu nion Festaren biktima margoaren argazki bat bidaltzeko. Harrezkero halako obsesio batek hartu ninduen, ezen azkenean erreplika bat egin baitiot. Ez nuen inoiz asmatuko Zuloagaren parean egoteko bezain zorionekoa izango nintzenik, horrelako erakusketa batean, gainera. Jakina, hura da nagusi; ezin da alderatu –alderaketak gorrotagarriak dira–, baina Eibarreko margolariaren pikatzailea landu dut, eta, gero, guztiz aldatu dut atzealdea. Atzealdean ipini dut beste Espainia suntsitu hori, biztanlerik gabeko paisaia hori, denok ezagutzen duguna, bizitzarik gabeko Espainia hori, zeina, zentzu batean, ikaragarria baita. Uste dut 60 paisaia egin ditudala, zeintzuek ez baitaukate inongo zerikusirik gogortasun horrekin, baina gogorrak baitira era berean: Zuloagaren koadroak erakusten duen ekaitz eta basakeria hori daukate.
M: Bestalde, margo honetan keinu egin diezu Espainiako probintziei eta beste artista batzuei…
E.A: Tira, badirudi hala dela, baina egin dudana oso baliabide arraroa da; izan ere, egunkarian agertutako paisaia bat hartu dut, eta, gero, hortik abiatuta margotu dut, edo beste zerbait atera. Nik paisaia mingarri bat nahi nuen. Eta zaldi zaurituarekin, berriz, hainbeste hunkitu ninduen horrekin, uste dut gauza dibertigarri bat egin nahi nuela. Espainia suntsituari dagokio zaldi mehe hori ere bai. Nahi nuen pikatzailea etxera itzul zedin, Gurutzadetatik bueltan deitzen da obra: etxera itzuli da, eta ikusia du dena, sufritu egin du. Hondamendia da, guduek zauritu eta suntsitu dute, gudu gehienak galdu ditu eta etxera dator, jada borrokatu delako.
M: Batek baino gehiagok iradoki du zure buruaren erretratuak egiten duzula zure lanean; ez dakigu zalduna, zaldia edo paisaia ote zaren.
E.A: Erretratua bai; ez, ordea, nirea. Nire ustez, Zuloagaren pikatzailearen aurpegian dago dena. Nik, adibidez, oso gustuko ditut zezenketak; beraz, kastorezko hori, kapelua eta kasaka, toreatzailearen galtzak… Bada, hori guztia suntsiketa baten ondorioa da. Eta horixe egin nahi nuen. Zorionekoa naiz, zeren, Fabienne Di Roccori (erakusketaren komisarioa) eta Miguel Zugazari esker, gauza zirraragarri bat egiteko aukera egokitu baitzait: tarte batez Zuloagaren margolanaren parean egongo naiz, Zuloagaren capolavoro horren parean, italiarrek esango luketen moduan.
Zertan oinarritzen zara zure erakusketak egiteko
M: Zure lanetan hamaika erreferentzia aipatzen dituzu: artearen historiako pertsona garrantzitsuak, zure zaletasunak, antzerkirako eta operarako egin dituzun dekoratuak… Kontatuko zeniguke zertan oinarritzen zaren zure erakusketak egiteko?
E.A: Erakusketa hau, hein handi batean, Frantziatik dator, Saint Paul de Vencen dagoen Fondation Maeght fundazioan egindako erakusketa batetik (hark beste izenburu bat zeukan: Dans le respect des traditions), baina, era berean, ez du inongo zerikusirik harekin. Hemen beste modu batean jarri ditugu eskulturak. Tira, Saint Paulen ere oso ondo zeuden ipinita; ez ditut bi erakusketak alderatu nahi, baina oso pozik nago inoiz erakutsi gabeko eskultura hauek Espainian erakusteko aukera izan dudalako; bikoitzak dira eta dibertigarriak iruditzen zaizkit. Adibidez, Falstaff eta Orson Welles edo Bécassine, Frantziako haur-ipuinetako figura dibertigarri bat da, eta Tolstoi ere bada. Alegia, esan nahi dut eskultura bikoitz horiek bi pertsonaiak erakusten dituztela, eta horrekin oso ondo pasatu dut, eta hemen ikusi egiten da.
M: Hizkuntzaren bizipenak, pertsonaiak…
E.A: Hori da. Nire ustez hemen ikusten dira. Zenbait obra ez ditut lehenago erakutsi, eta beste tamaina batekoak dira, gutxi edo inoiz erakutsi gabeko margolanak. Erakusketa honek tamaina handia hartu du, egia esan, Fabiennek eta Miguelek egindako lanari esker, batez ere, eta, jakina, museoko talde osoak egindako lanari esker… Gero badago zoramen bat, eta hemen da. Angel Badosek izugarri ondo muntatu du! Eskultore handia da Bados, eta, ez hori bakarrik, halako erakusketak muntatu ditu, adibidez, Arcimboldorena… baina baita hau ere. Izugarri gustatzen zait nola bihurtu den pieza-sorta hau erakusketa.
Eskultura
M: Eduardo, seguru asko, zure eskulturak baino ezagunagoak dira zure margolanak. Edonola ere, eskultura asko dago erakusketa honetan.
E.A: Uste dut jendeak nire alderdi arraro samar bat deskubrituko duela hemen, eskulturaren alderdia, eta oso pozik nago horrekin. Ez dut eskultore izateko asmorik, ez dut antzerki-dekoratzaile izateko asmorik, ez dut idazle izateko asmorik. Nire ustez, ezer izatekotan, margolaria naiz. Baina oso pozik nago erakusketa hau agertu delako: ez zegoen halakorik egiteko asmorik; beraz, ez zuen izateko arrazoirik, baina, aldaketa hauei esker, erakusketa handi bihurtu da. Handia diot erakusketaren izaeragatik, ez obrak itzelak direlako, baizik eta erakusketaren izaeragatik.
Ez dakit zer gustatzen zaidan
M: Lehen aipatu dugunez, orain gustukoago dituzu zeure eskulturak.
E.A: Zera, jendeak esaten didanean “hau gustatzen zaizu”, bada, kontua da nik neuk ez dakidala zer gustatzen zaidan. Nik ez dakit ezer nire obraz; izan ere, margoak eta eskulturak amaitzean eta itzultzean –adibidez, hauek Madrilgo Botanika Museoan ere erakutsiko dituzte–, bada, obrak bilduta egongo dira, eta nik ez ditut berriro ikusiko, ez bainaiz nire obrarekin bizi; ni ondo bizi naiz besteren obrarekin. Nik aurrean eta atzean sinatzen dut, eta izenburua ipintzen, eta, azkenean, ikusiko al dut berriro dena delako lana? Bada, ez dakit. Besteren obrarekin bizi naiz ni, ez nirearekin. Zenbait artista zoragarri bere obrarekin bizi da; ni ez, ordea.
Buruan darabilzun eta oraindik egin ez duzun zerbait
M: Amaitu aurretik galdetu behar dizut ea ba ote darabilzun buruan halako gairen bat, oraindik landu ez duzuna eta landu nahi zenukeena.
E.A: Arazo handi bat aipatu didazu, orain buru-belarri ari bainaiz liburu bat idazten. Fabienne Di Roccorekin, jakina. Eztabaidatu egin dugu, aukera ikusi dugu. Zenbait testu nahastu nahi ditugu, eta, posible bada, lotura bat ezarri Agatha Christierekin, lotura bitxi samarra bada ere. Eta ez dakit zer aterako den. Oraintxe, ez naiz margoan eta eskulturan pentsatzen ari, baina, ahal baldin badut behintzat, eskultura bat egingo dut Gabonetan. Zurbaranen erretratu bat izango da, buruan daukat jada, baina Lacianako etxean egingo dut; han Fabiennek asko idatzi du eskulturaz. Horregatik egin nahi nuke.
Margolaritza dela-eta… Espero dut Parisen margotu ahal izango dudala berriro, eta espero dut margotzeko garaian Madril baino lagungarriagoa suertatuko zaidala Paris orain. Ez dakit, hala espero dut…