Berriak
29-03-22
Gondra Barandiarán Fundazioa
2022ko lankidetza-programa
- Prestakuntza-bekak
- Argitalpen digitala: 12. buletina. Luis Paret Bilbaon
- Udako ikastaroa (III)
Bilboko Arte Ederren Museoa, 2022ko martxoaren 29a.– Gondra Barandiarán Fundazioak eta museoak, sortu zireneko helburuen artean dituzte, besteak beste, kultura- eta hezkuntza-balioa duten jarduerak sustatu eta garatzea. Horretarako, 2014az geroztik, prestakuntza- eta hedatze-programa askotarikoak egiten dituzte elkarrekin, eta horiek garrantzi handiagoa hartu zuten, 2017an, Fundazioa museoko Patronatuko kide bihurtu zenean. Ordutik, programazio bizia prestatzeko lankidetzan dihardute bi erakundeek, zeinaren interesgune nagusiak dira prestakuntza eta ikerketa zientifikoa, eta zabalkunde zientifikoa.
Lankidetza horren barruan, nabarmentzekoa da, lehenik eta behin, museoan beren ezagutzak handitu nahi dituzten tituludun gazteei zuzendutako zazpi prestakuntza-bekak; urtero egiten den programa da, eta bederatzigarren edizioa da dagoeneko. Gainera, 12. buletina. Luis Paret Bilbon argitalpen digitala aurkeztuko da; margolariak Bilbon egin zuen egonaldiaren garai garrantzitsuari buruzko jardunaldietan egin ziren hitzaldiak biltzen dira bertan. 12. buletina museoaren webgunearen bidez zabalduko da, euskarri digitalean, euskaraz eta gaztelaniaz, eta dohainik kontsultatu eta deskargatu ahalko da. Hirugarrenik, Udako ikastaroen hirugarren edizioa egingo da; 2020an pandemiak eragotzi zuen, eta, 2021ean, Luis Paret margolariari eskainitako Arte Jardunaldiak egin ziren.
Gondra Barandiarán-Bilboko Arte Ederren Museoa
Prestakuntza-bekak
2022-2023 ikasturtea
Gondra Barandiarán-Bilboko Arte Ederren Museoa prestakuntza-beken programak apirilaren 29an argitaratuko du bi erakundeen webguneetan 2022-2023 ikasturterako beken deialdia; zazpi beka eskainiko zaizkie beren prestakuntza museoko lan-egonaldi batean eta museoko profesionalen tutoretzapean aberastu nahi duten gazteei.
Hala, partaideei eskura jarriko zaie aditu talde baten eskarmentua eta arlo museografikoko eta haren kudeaketa-arlo hauetako testuinguru erreal batean lanean aritzeko aukera: Artxiboa eta Dokumentazioa (2), Liburutegia, Hezkuntza, Erregistroa eta Erakusketak, Argitalpenak eta Zerbitzu Orokorrak. Xede horrekin, eta bederatzi hilabetean zehar, hautatutako pertsonek aukera izango dute beren curriculuma aberasteko, ezagutzak eguneratzeko eta gaitasun berriak eskuratzeko, lan munduarekin harreman zuzena izanez eta beren gaitasunak museoan praktikan jarriz.
Azken zortzi urte hauetan, 60 bekadun baino gehiago aritu dira museoan programa honi esker, zeinak profesionalen prestakuntza espezializatuari eta Gondra Barandiarán Fundazioaren hezkuntza-misioari ekarpena egiteko xedea duen.
Argitalpen digitala
“12. buletina Luis Paret Bilbon”
Eleiz-Museoa Bizkaiaren lankidetzarekin
Buletina Bilboko Arte Ederren Museoaren argitalpen zientifikoa da; haren helburuak dira, batetik, museoko bildumaren edo artearen historiako gertakizun garrantzitsuen azterlanetan sakontzea, eta, bestetik, ezagutza zabaltzea, batez ere komunitate zientifikoaren artean. Gainera, argitalpen horrek prestigio-adierazle bat gehitzen dio museoari, buletinaren izaera zientifikoaren, bertan parte hartzen dutenen garrantziaren eta edukiaren edizio zainduaren bitartez.
Orain, 12. buletina. Luis Paret Bilbon aurkeztuko da; soilik euskarri digitalean argitaratu den bigarrena da. Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu da, bi edizio bereizitan, eta libre eta dohainik eskuratu eta deskarga daiteke, museoaren webgunetik. Zenbaki honetan, uztailaren 14, 15 eta 16an museoaren auditoriumean eman ziren 10 hitzaldi daude jasota. Hitzaldiak Luis Paret Bilbon. Arte sakratua eta profanoa, gure museoan eta Bilboko Eleiz Museoan, 2021eko maiatzaren 9tik urriaren 17ra egin zen erakusketaren karietaraantolatu ziren arte jardunaldien barruan eman ziren. Jardunaldi horietan, hainbat diziplinatako adituek –arte aplikatuak, arkitektura, soziologia, etab.– margolariak Bilbo ilustratuaren eraikuntzan egindako ekarpenari buruzko panorama zabala marraztu zuten. Horrela, Buletin honek margolariaren biografian, obran eta teknikan sakontzen du, bai eta hiribilduan egon zenean topatu zuen testuinguru artistikoan ere.
María Jesús Cava Mesa, Raquel Cilla López, Javier González de Durana, Amelia Leira Sánchez, Alejandro Martínez, Manuela B. Mena Marqués, José Luis Merino Gorospe, Javier Novo González, Aingeru Zabala Uriarte eta Julen Zorrozua Santistebanen ekarpenak jasota gelditu dira, eta Luis Paret margolariari buruzko erreferentziazko azterlanei gehitu zaie.
Udako ikastaroa (III)
Arteren materia
2022ko uztailaren22tik 24ra
Deustuko Unibertzitatearen landitzarekin
Informazio gehiago:
Azken bi urteetako nahitaezko parentesiaren ondoren, museoak, Gondra Barandiarán Fundazioak eta Deustuko Unibertsitateak udako ikastaroa berrartuko dute; Miguel Zugazak zuzentzen du, eta jardun museografikoarekin lotutako diziplinetan espezializatua da.
Nazioarteko izateko bokazioarekin eta diziplinarteko ikuspegiarekin, ikastaroak artearen, museoen, irakaskuntzaren eta ikerketaren alorretako hainbat profesional ospetsu bilduko ditu, proposatutako gaia monografikoki aztertzeko. Iragandako deialdiek izen eta aztergai hauek izan zituzten: Museografiak. Artea ikusteko moduak (2018) eta Glokala. Artea zaintzea gaur, hemen, orain (2019); uda honetakoa, berriz, hau izango da: Artearen materia.
Hirugarren edizio honetan eta hiru egun trinkotan, ikastaroak artelanen izaera materiala landuko du, hala sorkuntza-alderdiei dagokienez, nola horiek kontserbatzeari, zaharberritzeari eta erakusteari dagokienez. Xede horrekin, teknika artistikoen garapena aztertuko da, bai eta objektu artistikoak aztertzeko, dokumentatzeko eta zaharberritzeko moduena, eta, azkenik, baita artelanen ezaugarri material eta teknikoetan oinarritutako erakusketa-proposamenena ere.
Horretarako, hizlari-talde paregabe bat osatu da, hainbat diziplinatako aditu-ezagutza biltzen duena: jardun artistikoa, artearen historia, zaharberritzea, kontserbazioa eta museografia.
Manuela Mena
Doktorea Artearen Historian
Larry Keith
Kontserbazio eta Zaharberritze burua, eta kontserbatzailea, National Gallery (Londres)
Enrique Quintana
Zaharberritze eta Dokumentazio Teknikoko koordinatzaile burua, Prado Museo Nazionala
María José Ruiz-Ozaita
Kontserbazio eta Zaharberritze Sailaren burua, Bilboko Arte Ederren Museoa
Carlos Venegas García
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasle titularra
Ana González Mozo
Dokumentazio Teknikoko Kabineteko Museoetako goi-mailako teknikaria, Prado Museo Nazionala
Xavier Bray
Wallace Collectionen zuzendaria (Londres)
Itziar Okariz
Artista
José Luis Merino Gorospe
Bilboko Arte Ederren Museoko Antzinako Artearen kontserbatzailea
Mercedes Briones y Jon Apodaca
Bilboko Arte Ederren Museoko zaharberritzaileak
George Bisacca
Metropolitan Museum of Art-eko kontserbatzaile emeritua (New York)
José de la Fuente
Prado Museo Nazionaleko pintura-panelen zaharberritzailea
Miquel Barceló
Artista
Informazio gehiago:
Informazio-triptikoa deskargatu
Matrikula eta bekak
Maiatzetik aurrera, hemen