Berriak
21-10-19
Fundación Vizcaína Aguirre Fundazioak Juan Muñoz eskultorearen Hanging Figures eman dio dohaintzan Bilboko Arte Ederren Museoari eta museoaren Patronatuko kide egin da
Fundazioaren sortzailearen oroimenez eta omenez, museoaren sarrerako hallaren izena “Pedro de Icaza y Aguirre Halla” izango da aurrerantzean
Fundación Vizcaína Aguirre Fundazioa museoko patronatuko kide izatea onartu du Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren Patronatuak, eta onartu du, halaber, Juan Muñozen (Madril, 1953-Eivissa, 2001) Hanging Figures (Figura Esekiak) (1997) izenburua duen obraren dohaintza ere; orain artean ez zegoen artista horren lanik museoaren eskultura garaikideko funtsetan.
Horregatik, Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusi eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren presidenteak ongietorria egingo die gaur hala Fundación Vizcaína Aguirre Fundazioari nola Juan Muñozen ibilbidearen ordezkari den obra baten dohaintzari; XX. mendearen azken hamarkadetan nazioarteko eskultura praktiketan izandako berrikuntzaren funtsezko figuratzat jotzen da, aho batez, Muñoz.
Hanging Figures iazko urriaz geroztik erakutsi da Obra Gonbidatua programaren barruan. Antzinako eraikinaren sarrerako hallean ezarritako obra museoaren bildumaren parte izango da aurrerantzean, eta, horrela, etengabeko elkarrizketa izango du espazio arkitektonikoarekin, Fundación Vizcaína Aguirre Fundazioaren dohaintzari esker. Fundazioaren sortzailearen oroimenez eta omenez, eta mezenasgo eredugarri horri egindako aitortza moduan, museoaren sarrerako hallari “Pedro de Icaza y Aguirre Halla” deituko zaio aurrerantzean.
Horrela, Fundación Vizcaína Aguirre Fundazioak museoarekiko lotura berreskuratuko du, zeina 2001ean ezarri zen, Patronatua sortu zenean. Orduan, eta 2015. urtera arte, Patronatuko kide izan zen ARTEDER Euskal Artearen Datu Basea proiektua abian jartzeko asmoz, dagoeneko gure inguruko euskal arte sorkuntzaren ikerketarako eta zabalkunderako erreferentziazkoa den ikerketa- eta dokumentazio-baliabidea, hain zuzen.
Proiektu hori museoaren misioaren funtsezko alderdi batekin lotuta zegoen, haren ondarea ikertu eta zabaltzearekin, baina baita Fundación Vizcaína Aguirre Fundazioaren 1916an sortua irabazi asmorik gabeko entitate moduan estatutuetan ezarritakoekin ere, haren xedea “Bizkaian zientzien, letren, arteen zein industrien… aitzinamendua bultzatuko duten instituzio bat edo batzuk sortzea eta babestea” baita, “ikerketaren, berrikuntzaren edo garapenaren bitartez, museoen, erakusketen, informazio zentroen eta abarren bidez…”.
Fundación Vizcaína Aguirre Fundazioak kulturarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin duen konpromisoa berretsi du orain, Patronatuko kide eginda berriz ere eta nazioarteko eskultura garaikidearen berritzaile nagusietako baten obra garrantzitsu hau dohaintzan emanez.
Hanging Figures, 1997
Erretxina, soka eta motorra. 160 x 70 x 50 cm (figura bakoitzak g.g.b.)
Figura bakoitzaren pisua 20 kg da g.g.b.
Bilboko Arte Ederren Museoa
Erretxinaz egindako bi giza figura, bata bestetik bereizten ez dituzten ezaugarriekin eta jantziekin, beren ahoetatik irteten diren soketatik zintzilik daude sabaitik 4,5 metrora. Bakardadea eta arroztasuna transmititzen dizkiote ikusleari, artistaren bi interes funtsezkori erantzunez: giza figuraren adierazpen transzendentea eta eskulturari behatzeko ohiko moduaren eraldaketa. Aldi berean, obrak, hiru dimentsiokoa denez, bizitasunez jokatzen du erakusten deneko espazioarekin, artistaren lanak haren ibilbide osoan izan duen ezaugarri bat.
Ideia horiei jarraituz, piezaren muntaketan funtsezkoak izan dira Cristina Iglesias eskultorearen (Donostia, 1956) lankidetza eta hark Juan Muñozen obraz duen ulermen sakona. Espazioaren erdian erakutsia izateak, museoaren antzinako eraikinaren errepertorio arkitektonikoaren bakantasunak eta espazioaren argiztapen naturalak ikuslearengan ezustea eta nahasketa eragiten dituen giro eszenikoa sortzen dute. Obraren posizio garaiak eta piezek beren ardatzaren jiran egiten duten errotazio mantsoak, zeinak eskulturaren berezko estatismoa hausten duen, begirada altxatu eta hainbat ikuspuntutatik egindako behaketa dinamikoa egin beharra eragiten dute.
Bere ibilbideko beste pieza garrantzitsu batzuetan bezala, Juan Muñozek eskulturari behatzeko ohiko modua erabat aldatzea lortzen du; orain, museoaren antzinako eraikinaren espazio historizistan modu iraunkorrean ezarrita, haren indar adierazkorra biderkatu egingo da.